Osasuna eta Tourra

2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Joan den maiatzean Gara-k Elma Saiz PSNko Iruñeko Udalerako zerrendaburuari egindako elkarrizketa batean, kazetariak galdetu zuen: «Imajina dezagun gobernatzea lortu duzula eta lau urte iragan direla. Zer gustatuko litzaizuke burutua uztea?». Erantzuna, hauxe: «Bizikidetza. Duela gutxi, Sevillan, Kopako finalean, zerbait bizi izan dugu, batzen gaituen zerbait. Osasunarekiko zaletasuna, ikusten zen sentimendu hori, marea gorritxo hori, talde bat baino gehiago den talde hori, izateko modu bat eta balio batzuk islatzen dituena...». Handik gutxira, gutxi batzuek bezain bizikidetasun eragile berak, erabat uko egin zion Iruñeko alkatetza hautatzeko zerikusia zuen deusez EH Bildurekin mintzatzeari.

Osasunarekiko zaletasuna, dena den, bizikidetza ikurra izanen da osasunazaleendako, ez herritar guztiendako. Zeren eta futbola bost axola dion jende aunitz baita, hari buruzko gaininformazioaz bururaino dagoena, bertze kiroletarako zaletasuna duena edo segitzen dituena (pilota, mendia, saskibaloia...) edo bertze talde batzuetako segitzaileak direnak (Reala, Madril, Athletic, Bartzelona...). Baina ez, Elma Saizen arabera, irudi du Osasunarekiko zaletasuna foruaren muinari lotuta dagoela, izateko modu bat dela, balio batzuk islatzen dituela. Bistan da, ez zuen erran zeintzuk ziren horiek.

Joan den urtarrilean, Auzitegi Gorenak lau urtetik bost urte eta zazpi hilabetera bitarte kondenatu zituen Osasunako kudeatzaile ohi bat, presidente ohi bat, presidenteorde ohi bat, diruzain bat eta zuzendari ohi bat, bidegabeko jabetze, faltsutasun eta kirol ustelkeriako delituengatik. Kontua da bizikidetzarako Osasunarekiko zaletasun nafarra predikatzen zuten bitartean, haien sakelak bi milioitik goiti euroz bete zituztela, sarrera eta kamisetak saltzetik, kontratu faltsuak egitetik etorritakoez, hain zuzen.

Aurten, Osasuna, Espainiako Kopa irabazteko zorian egon zelako, Maya alkate entzutetsuak (UPN) behatzez izendatu zuen 6ko txupinazoa jaurtitzeko. Taldeko presidenteak, metxari su ematean, gidoitik atera eta, «Gora San Fermin» ohikoari, bukaera ohar hau erantsi zion: «Eta ez dugu amore emanen. Aupa Osasuna!». UEFAk Konferentzia Ligatik deskalifikatu izanaz ari zen, arestian aipatutako zuzendariek egin zuten partiden erosketa dela kausa —azkenean jokatuko du Osasunak txapelketa, Kirolaren Arbitraje Auzitegiak arrazoia eman ostean—.

Nire aldetik, ez dut deus erratekorik klubeko presidenteak protokoloa hautsi izanaz. 2006an, Jabier Eskubi Aralarko zinegotziak ere egin zuen, saindu bat goraipatzea eragozten zion bere agnostizismoarekin bat, «Gora sanferminak!» oihukatu baitzuen. Baina hura ez zen Yolanda Barcina orduko UPNko alkate andrearen gustukoa izan. Mikrofonoa kendu zion eta oraindik durundatzen duen «Viva San Fermin!» hura egin zuen orro.

6ko txupinazoan pankartak azaldu ziren eta UEFAren aurkako oihuak bota ziren. Karriketan eta plazan ere entzun dira horietakoak. Nolanahi ere, azpimarratu behar da Osasunaren bazterketaren aurka aldarrikapena egin duten zale sumindu horietako aunitz murritzago izan zirela bere tenorean, espresuki protestatzeko, karrikan manifestatzeko edo, are, «osasunista de pro» banda hark gauzatutako lapurretaren epaiketan akusazio gisa parte hartzeko orduan.

Gaia aldatu eta Tourrera noa. Nire bizitzan sekula ez dut pairatu orain bezala, asperdura arte, horrelako publizitate itogarria, Euskal Herrian barna ibili diren Tourreko etapez, batez ere EAJren gobernuaren mende dauden probintzia baskongadetan. Asteetan zehar, ito gaituzte solasaldi, elkarrizketa eta antzinako dokumentalekin, eta zeharkatu behar zituen hiriak, herriak, errepideak eta mendateak erakutsi dizkigute egunez egun. Emandako arrazoia sinplea zen: «Euskadi munduan ezagutarazteko aukera ezin hobea da».

Arabarra sortzez, umetan Gasteizko enpresa batek babesten zuen KAS ekipoko jarraitzailea izan nintzen. 60ko eta 70eko hamarkadetan, Itzulian, Giroan, Tourrean eta proba klasiko aunitzetan arrakasta handia lortu zuen, etapa sari ugari, ekipozko orokorrak, mendiko orokorrak eta maillot hori bat baino gehiago erdietsita.

Beranduago, 90eko hamarkadan, sortu zen Euskaltel-Euskadi izanen zena, Euskaltel enpresa publikoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko foru aldundien eskutik. Haren finantzaketan euskal zale aunitzek eta ehunka enpresak ere hartu zuten parte. Klubak euskal txirrindularitzarik onena bildu eta nazioarteko txirrindularien egutegiko proba garrantzizkoenetan esku hartu zuen 2013ra arte. Haren kamiseten laranja kolorea milaka jarraitzaileren kolore bihurtu zen, haien ikurrinekin ekipoa segitzen noranahi joaten zirenena. Hala ere, arazo ekonomikoek taldea kolpatu zuten flotazio-marran, neurri handi batean Eusko Jaurlaritzak Euskaltel enpresa pribatizatu ondoren, zenbait funtsi eta multinazionali saldu baitzien.

1992an, hamalau euskal txirrindularik hartu zuten parte Tourrean. Gaur zazpik, ez bertzerik. Honela banatzen dira: Bahrain, lurralde petroarabe horren gobernuak eta giza eskubideak urratzen dituen monarkia misoginoak babestutako taldea; Ineos, Ruper Murdoch komunikazio handikiak sortu zuen taldea, 2019az geroztik Ineos multinazionalarena, produktu kimikoen eremuan mundu mailako bigarren enpresa baita; Cofidis, Credit Mutuelen eskumendeko enpresa frantziarrarena; Movistar, multinazional telefoniko espainiarrarena...

Abraham Olanok, errepideko txirrindularitzako mundialean (1995) eta erlojupekoan (1998) txapeldun izan zen euskal txirrindulariak erran du: «Oinarrizko txirrindularitza aintzat hartzen ez badugu, Tourra itzultzen denean, agian ez da euskal txirrindularirik geldituko tropelean». Baina ez dio axola. Garrantzizkoa da Euskal Herriaren irudia munduan erakustea eta ez horrenbertze kirola sustatzea.

Erromako enperadoreen panem et circenses politikak balio izaten zuen ikuskizun handiez estaltzeko herritar erromatar gehienek bizi zuten errealitate sozial latza (esklaboez hobe ez mintzatzea). Bada, Osasunarekiko zaletasuna izaera nafarraren aldareetara igotzearekin eta, Tourra dela medio, Euskal Herriaren loriatzearekin antzeko zerbait gertatzen da. Bueno, hemen, «panem et circenses» erran beharrean, «pintxoak eta zirkua» erran beharko genuke, baina hori hurrengo baterako geldituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.