Osasun txartela

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Eskubide pertsonalak oinarritzat dituen demokrazia liberalean ezin omen zaio COVID-19aren aurkako txertoa jendarte osoari inposatu. Baina gero eta garbiago ikusten ari gara, zeharkako bideetatik bada ere, kontrako bidea egiten ari dela munduko bazter guztietan, zein nahi delarik gobernantza eredua. Izan ere, osasun txartelik gabe bizitzea gero eta zailagoa bihurtzen ari dira, jende asko haserretuz.

Dagoeneko zenbait estatuen muga gurutzatzeko beharrezkoa bihurtu da osasun txartela. Garraio publiko edo pribatua hartzeko ere ezinbestekoa da beste leku batzuetan. Gehienetan, kultur edota kirol ekitaldi nagusietan sartzeko zer esanik ez, beharrezkoa da. Eta, nahikoa ez balitz bezala, gero eta ofizio eta lanbide gehiagotan lan egiteko txertatua izatea albora ezina bihurtzen ari dira. Eta horrela noraino joango gara? Osasun txartelik gabe bizitzea debekatzeraino?

Agian, arazoa ez datza nagusiki txertoaren derrigortasunean, baizik eta derrigortasun hori bermatzeko bideratu den inposizioan. Izan ere, nortzuk, non, nola eta zertarako hartu dute gero Legebiltzarrek onetsi duten osasun txartela sortzeko eta derrigorrezkoa bihurtzeko erabakia? Zein helbururekin egin dute?

Osasun txartela derrigorrezkoa bihurtzea ez da izan guztion artean buruturiko eztabaida sozial zabalaren emaitza, industria farmazeutikoak negozioa egiten jarraitzeko inposaturiko neurri berria baizik, bide batez, segurtasun indarrei jendartearen kontrola ziurtatzeko beste bitarteko bikaina eskainiz. Ez ahantzi osasun txartelaz eta beronen erabileraz ari garela, eta ez txertoaz.

Guztion artean interes kolektiboaren mesedetan eskubide indibidualak murriztea erabakitzen badugu, eta askotan eta mila gaietan egiten dugu, derrigorrezkoa inposizioa al da? Osasun txartela inposizioa bada, derrigorrezkotasuna kontsentsusozialetik at, agintean dagoen gutxiengo batek bere interesen defentsan hartu duelako da.

Hau da, osasun txartelaren sorrera eta erabilera denon artean adostu eta kontrolatzeko bidea onartu izan bagenu, ezinbestekotasuna ez zen inposizio bihurtuko. Inposizioa horrelako prozesu sozial bermatzailerik gabe agintari eta enpresari gutxi batzuek botere eta negozio gosea bermatzeko beraiek kontrolatuko duten sistema, osasun txartela, guztioi derrigortzea da.

Beraien mezua argia da: eskubide guztien jabe izan nahi baduzu, osasun txartela behar duzu. Ez da mehatxua, benetako inposizio politikoa da. Nahikoa ez balitz, beraiek sortutako osasun txartela erabiltzearen aurka dagoena, txertatzen ez dena bezalaxe, insolidarioa bihurtuko dute, berekoia, atzerakoia, sozialki eta politikoki arriskugarria...

Gauzak jartzen ari diren moduan ikusita, etorkizunean osasun txartela ukatzen duenari errepresio bortitza eta bazterketa soziala bideratuko diote. Herritar onak ala txarrak izango gara osasun txartelaren arabera... Eta guztiok epaile bihurtu nahi gaituzte. Osasun txartelarekin, osasun apartheida da martxan jarri nahi dutena. Gazteekin egiten ari direna ikustea besterik ez dago.

Eta «lehen munduan» bideratu nahi duten osasun txartelaren politika inposatzaile hori nola bideratuko dute «hirugarren eta laugarren munduan»? Arazoa planetarioa baita. Han, milioika herritar txertatzeko prest dago, baina txertorik ez dute. Hemen, osasun txartela inposatu nahi duten horiek dira han milioika lagun miseriara, prekaritatera eta pobreziara kondenatu dituztenak. Haientzat ez lanik, ez etxerik, ez ur garbirik, ez osasun baldintzarik, ez zerbitzurik, ez hezkuntzarik, ez oxigenorik, ez xiringarik, ez txertorik, ez ezer... baina etorkizunean osasun txartela bai. Eskubideak berriz ere klase kontua bihurtu dituzte.

Eta bitartean, agintariek eta osasun enpresa negozio borobilerako bidea indartzen ari dira. Frantziako telebistak esan duenez, Pfizerrek 30.000.000.000 dolar irabazi omen ditu... Nahikoa ez, eta dagoeneko ez omen da aski bi aldiz txertatua izatea... Urtea amaitu aurretik hirugarren aldiz txertatu beharko dugu geure burua, beraiek hala agintzen dutelako. Hiru txertoak jarri beharko ote ditugu osasun txartela eskuratzeko?

Ustezko osasun txartelik ez duen herritarra, automatikoki susmagarria bihurtuko da sistemarentzat eta segurtasun indarrentzat, eta ez arrazoi sanitarioengatik. Teknologia berriek erabiltzen dituzten algoritmoek laster batean kate berean lotuko gaituzte makina ekonomikoaren interesen aurrean amore emateko prest ez gauden herritarrak, baita osasun txartelik ez dugulako ere.

Eta gauzak okertzen badira, kontrol soziala areagotuz, konfinamendua, etxeratze agindua ala protesta sozialerako bideak zapuztuko dizkigute osasun segurtasunaren izenean. Eta nor izango da horrelako mehatxu bati aurre egingo diona? Neurria hartzen ez badiogu, ustezko osasun txartelak etorkizun osoa baldintzatuko digun tresna bihurtuko dute.

Ni inposizioaren aurkakoa, baina, derrigortasunaren aldekoa naiz. Horregatik, txertaketaren aldekoa naiz, txertatuta nago, eta osasun txartelaren aldekoa naiz, baina erabilpen eta kontrol komunitario egokia egiteko, eta, inolaz ere ez, egin nahi duten sistema horretarako. Hori horrela, txertatu nahi ez dutenak edota osasun txartela erabili nahi ez dutenak babestuko ditut.

Nire ustez, txertoen patente pribatuak liberalizatzea eta herritarrak hartzen diren erabaki nagusietan kontsulta bidez partaide bihurtzen hastea, inposiziotik derrigortasunera pasatzeko zubian lehen urratsa egitea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.