Irakurle maitea, pentsa ezazu: EAEko herritarra zara eta Osakidetza da zure osasun zerbitzu publikoa. Guztiona. Pentsa egunen batean bezeroen arreta gunera joaten zarela, zure historia klinikoa eskatzera, eta zure medikua ez den osasun langile baten oharrak topatzen dituzula, ofiziala ez den hizkuntza batean (ingelesez), zurekin inolako harremanikez duen batek idatzita, euskaldunen aurka. Zur eta lur geratuko zinateke, ziurrenik. Beharbada, haserre.
Ba hori da, gutxi gorabehera, niri gertaturikoa. Arrasateko Ospitaleko anestesista bat paziente baten historia klinikoan sartu da, haren baimenik gabe, pazienteak jakin gabe, bere onespenik gabe. Ez behin bakarrik, baizik eta hiru aldiz. Eta zera dio: «Dear colleagues: If you hate spanish, please write your patients records in english because some of us do not». Dokumentu publiko batean, Osakidetzarenlogoarekin eta, aldi berean, pazientearen jabegoa den dokumentu batean. Hau da, hala gure lankideen nola pazientearenaurrean, euskaraz idaztea gaztelania eta espainiarrak gorrotatzea adierazi eta, hori gutxi ez balitz, euskaraz ez idazteko agindu. Euskal Herrian euskara ez erabiltzeko eta, aldiz, bertakoa eta ofiziala ez den hizkuntza bat erabili behar dela adieraziz.
Atera kontuak. Zer nolako ondoeza, ezinegona, kezka, ardura txarra, gogo eskasa eta beldurra. Euskal Herrian euskaraz lan egiteagatik, mehatxatua izatea. Seguru ez egotea. Zer izango da hurrengoa? Jipoituko gaituzte? Gure aurka etorriko dira? Bitartean, aipaturiko langileak ospitalean jarraitzen du, inpunitate osoz, euskaldunok beldur batean gaudenean. Debagoieneko ESIko zuzendaritzari eta Osakidetzakozuzendaritzari dagokie neurriak hartzea. Aurrerantzean, Debagoieneko erabiltzaile euskaldunak ez dira lasai joango anestesiologia zerbitzura, jakinda euskaldunak izateagatik jasan dezaketen tratua eta irainak. Hori esan didate behintzat paziente batzuek. Osakidetzako mediku eta erizainak ez dira ausartuko, badaezpada, auzi hau ez bada konpontzen.
Hala eta guztiz ere, badago aukera aurrerapausoak emateko eta hobekuntzarako. Osakidetzaren irudi korporatiboa sustatzeko eta gizartearen kohesiorako tresna egiteko. Eta horregatik bidaltzen diot gutun ireki hau Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun sailburuari. Kontuan hartuko duelakoan.
Osasun langileen kode etikoa aldatu behar da nahitaez, paziente euskaldunekiko jarrerak errespetuzkoak izan daitezen. Osasun langileen lehentasunezko hizkuntza ere errespetatua izan dadin, bi hizkuntza ofizialetan lan egin dezagun inolako inposiziorik gabe. Mehatxurik gabe. Dokumentazio klinikoa euskaraz zein gaztelaniaz sortu dezagun, pazientearen lehentasunen eta beharren arabera. Erakunde osoan, ESI guztietan.
Bada garaia langileen harrera protokoloak eguneratzeko, etorriko diren langile berriek jakin dezaten nora eta zertara datozen. Paziente euskaldunak artatu beharko dituztela eta, noizean behin, gero eta gehiago, ohar klinikoak euskaraz idatzita topatuko dituztela kontuan har dezaten. Ez da asko eskatzea.
Horregatik zuzentzen naiz zuregana, Osasun sailburuarengana. Osakidetzaren zuzendaritzak adierazpen publikoa zor digu, bai paziente euskaldunei bai langile euskaldunei, zeren eta, oraindik orain, ezin dugu lasaitasunez euskaraz hitz egin ezta euskaraz idatzi ere. Zeren eta, oraindik ere, euskararen erabilera gorrotoarekin lotzen duten horiek, euskaraz lanik ez egiteko exijitzen diguten horiek, gure artean dabiltzalako, libre eta lasai, inpunitate osoz.
Kode etikoa aldatu, mesedez. Harrera protokoloak aldatu, mesedez. Paziente eta langile euskaldunen eskubideak kontuan izan, mesedez. Zure eta Osakidetzaren adierazpen publikoaren zain, eta itxaropen handiz, idazten dizut gutun ireki hau.
Osasun sailburuari gutun irekia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu