Urtarrilean pertsona bat hil zen Laudioko Etengabeko Arretako Gunean, non, une hartan, ez zegoen medikurik. Horrek eragin zituen herritarren mobilizazio indartsuak, udalaren kexak eta neurriak hartzeko eskaerak, eta Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Koordinakundearen salaketa; hark Eusko Jaurlaritza egin zuen egoeraren erantzule, osasungintza publikoaren eta, bereziki, Lehen Arretaren eraispenaren ondorio zuzena baita. Osakidetzak agindu zuen zerbitzu hori indartuko zuela, baina, gertaeren argitara, ez da hala izan.
Karguaz jabetu ondoren, Osasun sailburu berriak adierazi zuen «lehen arreta indartsu bat izatea» dela «kalitatezko osasun artaren berme bakarra». Hala ere, uda osoan salaketa ugari egon dira osasun zentroetan eta larrialdi zerbitzuetan baliabide nahikorik ez zegoelako, eta horrek ekar zitzakeen ondorio larrien inguruan ohartarazi dute.
Duela egun gutxi, pertsona bat lehen aipatutako Laudioko EAGra joan zen bihotzekoak eman ostean, eta urtarrileko egoera berbera aurkitu zuen: ez zegoen medikurik. Bilbotik etorritako ZIU batek artatu zuen. Egun berean, bihotzekoak jotako beste herritar bat hil egin zen, bertako ZIUak ez zeukalako medikurik, udalak azaldu duenez. Hura ere Bilboko ZIU batek artatu zuen, eta horrek atzeratu egin zuen kasu hauetan ezinbestekoa den berehalako arreta.
Heriotza honen aurrean, eta aurreko sailburuen ildoari jarraikiz, sailburu berriak ukatu egin du gertatutakoa, ez ditu aipatutako gabeziak onartu eta, modu lotsagarrian, biktimari egotzi dio heriotzaren errua, «bihotzeko gaixotasun oso larria» pairatzen zuelakoan. Beraz, sailburuaren arabera, Laudion bizi bagara eta gaixotasun larria pairatzen badugu, heriotzara kondenatuta egon gaitezke. Gauzak horrela, ez dezala inork pentsa egoera larri honen erantzuleetariko inork ardura utziko duela. Ez dago autokritikarik, eta ez da egongo.
Ez, sailburu jauna, Laudion gertatutakoa ez da kasualitatea. Kausalitatea baizik. Osasungintza publikoa mehetzea oinarri duen osasun politika sistematiko baten biktimak izan dira, klinika eta aseguru pribatuei mesede egiteko xedez; izan ere, eta bide batez esanda, han amaitzen dute zu baino lehen sailburu izan direnetatik askok eta saileko beste arduradun ugarik.
Herritarren mobilizazioek beharturik, Eusko Jaurlaritza irudi aldaketa batzuk egiten ari da, adierazpenak barne, denak berdin jarrai dezan. Arduran bi hilabete eman ondoren, Martinez jaunak ez du neurri bakar bat ere proposatu osasungintza publikoak dituen arazo larriak modu estrukturalean bideratzeko. Hau da: pribatizazioari galga jartzea, Lehen Arreta indartzea beharrezko dituen giza baliabideak emanez, lan prekaritatea bukatzea eta kontrol publikoa erraztea, herritarrei parte hartzeko benetako bideak irekiz.
Osasungintzaren Mahairako deialdia iragarri zuten gizarte eragile guztiekin; atzo egin zuten lehen bilera. Uste dugu horien artean Osasungintza Publikoaren aldeko Herri Plataformak egon beharko genukeela. Azken bi urteotan behin eta berriro adierazi dugu zeintzuk diren gizarte honek dituen benetako arazoak osasungintzaren arloan. Ezin gara hilabetetan zain egon arazo horiei heltzeko, eta erantzun azkarrak behar dituzte, Laudiokoak bezalako gertaera tragikoak berriro jazo ez daitezen.
Sailburuak nahi duena baldin bada osasun arloan itun sozial bat erdiestea, eztabaida gardentasunez eta herritarren parte hartzearekin egin beharko da, edo, bestela, ez da halakorik egongo. Eta, noski, osasun politikan aldaketa esanguratsuak bilatzeko edukiekin. Irudi gutxiago, eta kalitate gehiago.