Osasun publikoa aurrera

Nines Maestro, Mati Iturralde
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, Gasteizen, osasun publikoaren aldeko herritarren plataforma bat aurkeztu zen prentsaren aurrean. Bozeramaileek, kazetariek galdetuta, osasun zerbitzu zein zerbitzu soziosanitarioen erabiltzaile bezala definitu zuten beren burua, zerbitzu hauen hondatzeaz arduratuta eta, era berean, plantillak zaintzen ez dituzten eta hauen pribatizazioan aurrera geldiezin doazen sistema horien langile prekario gisa.

Hunkigarria iruditzen zaigu gizartetik bertatik pandemiaren inguruko datuen eta datu gehiagoren eguneroko tsunami informatibotik haratago ikusteko gai diren pertsonak agertzea, eta gai izatea guztiok inguratzen gaituen errealitatean fokua jartzeko, hau da, eskubide indibidual zein kolektiboen galeran, desberdintasun geroz eta larriagoetan eta guztion bizitzaren oinarrizko zaintzaren aurkako erasoetan, bai osasun alderdian bai sozialean.

Zalantzarik gabe, gaur egun bizitzen ari garena oraingo eta iraganeko erabaki politikoen ondorioa da, eta, horregatik, garrantzitsua da erantzuleak identifikatzea eta jokoan dauden interesak aztertzea, guztiontzako bizitza duina eta zaindua izateko eskubidearen aurrean merkatuaren eta kapitalaren interesak aztertzea.

1986an Osasun lege orokorra onartu zenean, Espainiako Estatuan oinarriak ezarri ziren pazienteak itun eta hitzarmen berezien bitartez pribatura deribatzea baimentzean, osasun sistema publikoetan enpresa pribatuen barneratzea ahalbidetuko zutenak. Gerora, 15/97 legearen onarpenarekin, beste urrats bat eman zen, bestelako kudeaketa motei bidea libre uzten ziena, hala nola zentro publiko bat enpresa pribatuek kudeatzeari.

Madrilgo erkidegoan esperientzia suntsigarria izan da. Diru publikoarekin eraikitako eta ondoren Esperanza Aguirreren kapital pribatuarekin kudeatutako ospitaleak icebergaren punta baino ez dira. Hainbat hamarkadatan zehar, PP osasun sistema publikoa husten joan da osasun enpresa handien irabazi-kuota areagotzen joateko; enpresa hauetako asko, gainera, alderdiko gizonen eskuetan daude. Baina, pandemian zerbait agerian geratu baldin bada, adinekoen abandonua izan da, mendekotasunaren negozio handira soilik bideratutako egoitza-eredu batean, zuzenbide-estatu batekin bateraezinak direnzabarkeria eta deshumanizazio mailekin.

Baina erabaki politiko hauek ez dira Madrilekoak ezta PPrenak bakarrik. EAEn prozesua desberdina izan da, baina norabide berean joan da. Euskal osasun sistema publikoaren sorreraz geroztik, Eusko Jaurlaritza EAJren edo PSEren eskuetan egon delarik, haren erabakiak, Osakidetza altxortzat zuen eztei-bidaia labur baten ostean, pribatizazio prozesu etengabe bat izan dira.

1991n, zerbitzuak kanpora ateratzeko, koordainketarako eta osasun zerbitzuetarako horniduraren eta finantzaketaren arteko zatiketarako proposamenen Abril txostena argitaratu zenean, gizartearen errefusa nabarmena izan zen eta eztabaida politikoa baldintzatu egin zuen; hala, ez EAJ, ez PSE, ez eta PP ere ez ziren alde agertzera ausartu, baina estrategia zehatzak hasi zituzten, eta 1997an, konplexurik gabe, 15/97 legea onartu zuten, gobernu autonomikoak legalki ahalduntzeko beren osasun zerbitzu publikoak pribatizatzeko. Pandemiak agerian utzi du zer eragiten duen urteetan zehar egindako huste finantzarioak eta asistentzia-gaitasunaren galerak, bai eta politika horiek pertsonen bizitzari eta osasunari dakarzkieten ondorioak ere.

Izan ere, hainbestetan errepikatu izan den sistema pribatuen eraginkortasunak ez du osasun-larrialdiaren kudeaketan lagundu; sistema publikoaren saturazioaren aurrean, aseguru pribatuak kontratatzea erabaki duten gizartearen hainbat sektoretan gehiago sartzeko aprobetxatu dute. Baina, egoera honetan ere, osasun-enpresa pribatuen esku-hartzea erabaki ez zutenen erantzukizun politikoa bilatu beharko litzateke, alarma-egoerak ageri zuen bezala, ospitale publikoak arindu (desaturatu) ahal izateko.

Ia urte eta erdi geroago, bizitza-galeren balantzearekin eta gure inguruko herrialdeetan inoiz gertatu ez den pobreziaren hazkundearekin, gure agintariak kezkatuago ageri dira Europako funtsen banaketarekin, eta ez hainbeste izurritea aztertu eta gu guztion bizitza duina eta zainketa bermatuko dituzten neurriak hartzearekin.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak bere manifestuan gizarte bezala exijitu behar ditugun premiazko neurriak adierazten ditu. Ezinbestekoa da lehen arreta ikusezina berreskuratzea: berrantolatzea, baliabidez eta finantzaketaz hornitzea eta zaintza komunitarioaren funtsezko eginkizuna ematea. Ezinbestekoa da, baita ere, osasun mentala osasun-krisiaren ondorioak bere gain hartuko dituen lehentasun bilakatzea eta, horretarako, pribatizatutakoa leheneratu egin beharko da eta inoiz utzi behar izan ez lukeen komunitatean txertatu berriro. Eta, azkenik, gizarte gisa, ezin duguegoiliarren bizitza duina eta bertako langileen lan-baldintza zuzen eta arautuak bermatzen ez dituen egoitza-eredu bat mantentzen jarraitu. Neurri hauek errepasatuz gero, argi ikusi dezakegu dena gobernuen borondate politikoaren menpe dagoela eta guk gizarte moduan dugun zeregina exijentzia eta mobilizatzea dela, lortu arte.

Horregatik uste dugu mobilizazio soziala ezinbestekoa dela, eta plataformak maiatzaren 22rako Gasteizko kaleetan deitutako manifestazioari gure babesa erakutsi nahi diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.