Medikua

Osakidetzan xenofobiarik ez

2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Maiz gertatzen zait: albisteei erreparatu eta urduri jarri. La France revient, diote. Nola Le Penen Frantzia, hala espainiar xenofobia eta supremazismoa; pailazo puzgarriak bezala, behin eta berriro zutitzen da. La merde revient. Entzun dugunez, Osakidetzako langile talde bat zutitu da, osasun arretaren euskalduntze-prozesua salatzeko, ez euskalduntze berantiarra izateagatik (lehen Euskara Plana erakundea sortu eta hogei urte baino gehiagora abiatu baitzen), bidegabea eta baztertzailea izateagatik baizik. Osasungoaren gaineko herri-ituna ortzi-mugan dagoenean, hain justu, kasualitatez.

Esanguratsua da sanitarioak izatea, edo horrela izendatzea euren burua. Azken batean, oposizioetan euskarak doktoretzak baino balio handiagoa edukitzea kritikatzen duten horiek ez dira ez mediku ez doktore. Medikua naizenez, eta horrezaz gain Unibertsitateko Udako Ikastaroen zuzendaria eta graduondoko baten irakaslea (hogeita hamaika eskutik), ez daukat lotsarik Pernandoren egia esateko: pazienteen hizkuntza jakitea askoz baliotsuagoa zait nire eguneroko jardueran nire esperientzia akademikoa baino, eta nago askoz garrantzitsuagoa izango dela pazienteentzat.

Hasteko, eta eurek zabaldutako panfletoa irakurriz, argi geratzen da bere lehentasuna eta ardura ez dela osasun arretaren gainbehera, baizik eta hizkuntza-politika eta, batez ere, horrek euren pribilegioei eragin diezaiekeen kaltea. Ez da harritzekoa hizkuntza-plangintza euskal kulturari lotzea eta ez, behar legez, arretari berari. Txarrago oraindik; euskararen erabilera bultzatzeak, langile prestatuen gabezia bitarteko, kalitatea hondora dezake. Sanitarioak izango dira, izan, baina ez dute gaiaren inguruko literatura medikoa eta ebidentzia zientifikoa aztertu. Osasun arreta eta kalitatea batera doaz.

Ondo adierazten dutenez, bi ele ofizial daude EAEn. Itzulingururik gabe, euskara baztertzailea omen dela diote; gaztelania, ordea, ez. Azken batean, euren ardura ez da osasun arretaren kalitatea, langile erdaldun hutsen barne-mugikortasuna lehenestea baizik. Lanpostu finkoa nahi dute, ahal bada etxe ondoan. Hori horrela, lanpostuen erdiek Hizkuntza Eskakizuna (HE) edukitzea onartzen dute, betiere beste erdiek ez badaukate eta, gakoa dena, langile euskaldunek HEa esleituta duten lanpostuetan bakarrik izena ematera mugatuz. Horrela langile elebidunak erreserbara bidaliko lituzkete, hiri-eremutik urrun, ia erbestera. Bilbotik, Gasteiztik eta Donostiatik, hau da, mundu zibilizatutik at. Izan zaitez euskaldun, baina ez molestatu, mesedez. Bizkaiko aho-masaileko kirurgia zerbitzu bakarra, berbarako, Gurutzetako ospitalean dagoenean. Ez al dugu euskaldunok Bilbon bizitzeko eskubiderik? Ez al dago euskaldunik Gasteizen? Funtsean, apartheid bat defendatzen ari dira: euskaldun eta erdaldunen arteko segregazioa.

Osasun zerbitzuen gainbehera euskarari edo edozein gutxiengori egoztea (izan ijitoak edo etorkinak) arrazista da inolako zalantzarik gabe. Halaber, pazienteen izaera eta hizkuntza baztertzea eta ez errespetatzea baztertzailea da guztiz eta, beraz, onartezina gure erakundean.

Gauza jakina da langileen ezagutza eta gaitasunak ezinbestekoak direla arretaren kalitaterako. Zoritxarrez, ez ikastea erabaki dute, laguntza behar duenarengana ez iristea. Entzun beharrean, nahiago dute eurek hitz egin. Norberaren balioak, hizkuntza edo ikuspegia inposatu, eta ez besteen emaria jaso. Ez gaituzte maite, ez gaituzte nahi.

Esan bezala, laster osasungoaren gaineko herri-ituna abian jarriko da, osasun publikoaren aldeko guztion artean adosturiko oinarriak ezarri beharko lituzkeena. Euskarazko arreta oinarri horietako bat da, nahitaezkoa, derrigorrezkoa. Erabiltzaile guztiek daukate osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa, bai ahozko bai idatzizko harremanetan. Baita historia klinikoa euskaraz ere. Pazienteen arteko segregazioa ez da, gaur egun, onargarria. Ezta euskarari uko egitea ere. Osakidetzan xenofobiarik ez, mesedez. Euskararik gabe, euskarazko arretarik gabe, bizikidetzarik gabe, ez da egongo herri-itunik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.