LABeko ordezkariak Osakidetzan

Osakidetza, langileon momentua

Ane Aizpurua eta Jesus Oñate
2024ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

Osakidetza EAEko enpresarik handiena da, eta, hamabi urte igaro eta gero, hauteskunde sindikalak egingo dira bertan. Ezinbesteko zerbitzu publikoa da, eragin handikoa gizartearen ongizatean eta kohesioan. Bere ahuldade eta indarguneek jatorri bera dute: bere langileak. Ahultasun nagusia behin-behinekotasunari dagokio, %50 gainditzen duena eta sistemaren beraren funtzionamendua kinka larrian jarri duena. Indargunea, bestalde, langileek beren egiteko guztietan jartzen duten konpromisoan datza, eta pandemia izan zen horren erakusle.

Osakidetzaren funtzionamendua txarra da. Horren isla da 2024an kexa kopuruak markak hautsi izana. Askotan, gainera, langileak gara erabiltzaileak kexak jartzera bideratzen ditugunak, gutxienez bizi dugun egoera jasota gera dadin balio baitute.

Ez da posible kexa horien gehiengoari irtenbidea ematea langileon lan-baldintzetan hobekuntzarik ez badago. Kontziliazio plan bat negoziatzea, kategoria guztientzat ratio lege bat bultzatzea, plantilla handitzea, pribatizazioaren aurkako borroka, giza baliabideen beharren inguruko ikerketa, sarbide prozesuetan hobekuntzak edo lehen arretako arazoei ekitea da sindikatu honen nahia eta helburua. Izan ere, badakigu arazo horiei aurre egitea dela Osakidetzaren erabiltzaileen ondoeza sortzen duen egoera hobetzeko bidea. 

Horregatik, LAB aktibo dago osasungintza publikoaren defentsan eta hori indartzeko beharrezkoak diren leku guztietan. Abordatzeak oso gogorrak izan arren, ez ditugu itsasontziak noraezean utziko.

Bakarrik edo lagunduta, espazio publikoaren azken milimetroaren alde ere borroka egingo dugu. Gure ekintzek definitzen gaituzte. Esate baterako, geu izan ginen, 2018an, EPEko azterketen filtrazioen atzean bezero-sare bat zegoela salatu genuenak, eta bakarrak izan ginen orduko zuzendaritzako izen-abizendun pertsonen inputazioak (kontseilaria barne) eskatu genituenak.

Borroka ideologikoa egiten dugu pribatizazioaren aurka, gure zerbitzu publikoa amaiarazten ari den arazo larri horren aurrean gizarte kontzientzia areagotzeko. Gainera, dagoeneko 194 milioi euroren balioa duten azpikontratatzeak ekidin ditugu, gure zerbitzu juridikoek martxan jarri dituzten hainbat pleguren aurkako salaketen ondorioz geldiarazi direnak. 

Ez geunden ados garapen profesionala lortzeko beharrezkoak ziren balorazio subjektiboekin, eta horregatik sinatu genuen ezohiko prozedura edo deialdi bat, antzinatasuna bakarrik kontuan hartuz milaka pertsonak lortu ahal izan zutena. Geu izan ginen lehenengoak egitura falta zenbakitan jarri genuenak, kontratazioan egindako iruzurren atzean ezkutatzen ziren eta falta ziren plazak 3.000tik gora zirela zehaztuz, gero Europatik etorri diren epaiek baieztatu duten bezala.

Jokoan dagoena ez da gutxi. Lanaren edo itxurakeriaren alde egitea da, analisiaren edo propagandaren alde, ekintzen edo egin gabekoa saltzearen alde, gizarte kontzientziaren edo korporatibismoaren alde. Funtsean, arazoaren 28an erabakiko da Osakidetzan nor eta ze indarrekin joango den hemendik aurrerako negoziazioetara. Asko eta garrantzitsuak izango dira mobilizazio eta greba urteen ondoren, eta horrexegatik da ezinbestekoa bozkatu aurretik interes propioen aldeko planteamenduak alde batera uztea eta egoera modu kolektiboan ikustea, globalki. Herritarrek urteak daramatzate kalean gure ondoan sistema publiko sendoa eta lan baldintzen hobekuntza bat aldarrikatuz; orain gure momentua da, langileona, eta ezin dugu hutsik egin.

Gehiegitan entzuten dugu borrokak ez duela merezi. Baina LABen, garaipenak balioan jartzen ditugu gertatzen direnean, eta hor kokatzen dugu Osasun Mahaiaren sorrera, langileen eta herritarren mobilizazioen ondorioz sortutakoa baita. LAB lanean ari da espazio honetan, beste guztietan bezala, eta oso modu esanguratsuan hobetu dugu hasierako diagnostikoa, dokumentuaren beraren arreta osasungintza publikora bideratuta, eta mugak jarriz onartezinak diren praktika batzuei, bateraezintasunaren aferari edo autokontzertazioari, esate baterako. 

Hala ere, bukaerako diagnostikoan jasotako hobekuntza garrantzitsu eta esanguratsuez gain, testuarekin orokorrean daukagun desadostasuna argia da. Eta horrela adierazi dugu mahaian emandako boto partikular bakarrararen bidez. Badaude gaiak, pribatizazioa esaterako, azterketa askoz ere zehatzagoa eskatzen dutenak. 

Hala eta guztiz ere, LABen iritziz nabarmentzekoa da testu hau, nahikoa dela iruditzen ez zaigun arren, bide ematen baitu, berandu baino lehen, eragin sakona izan dezaketen neurriak hartzeko.

Sindikalismoa langileok eskura dugun bitarteko bat da gure interesak defendatu ahal izateko. Ez gara ezeren abangoardia, ezta inoren erretagoardia ere. Klase sindikatu bat gara, euskal langileriaren nahiak eta helburuak defendatzeko eta gizarte kohesionatu eta justu baten alde egiteko sortua, gure kideekin batera. Badakigu ez dagoela miraririk; lana eta esfortzua dira gure egunerokoa eta hori da langileei eskaintzen dieguna. Sakrifizio horren ondorioa da LABi emandako boto bakoitza benetako boto bat izatea. Boto borrokalaria, langileon eta osasungintza publikoaren etorkizuna jokoan dagoen guztietan presente egongo dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.