Askok gogoratuko duenez, izendatu berritan, honako hau aldarrikatu nuen lau haizeetara: Osasun Sailaren jardueren ardatza pertsonak izango zirela. Beste modu batera esanda, legegintzaldi hau pertsonen legegintzaldia izango zela.
Hori lortze aldera, hiru osagai jo nituen beharrezko, guretik at ikusi nahi ditugun desberdintasunei aurre egiteko: unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea.
Gogoan dut, zein baino zein garrantzitsuagoak diren hiru osagai horietatik hirugarrenari dagokionez, hitzez adierazi nuen guraria: «Betoz, bada, besteak beste, pertsonak euskaraz atendituak izateko duten eskubidea eta eskubide hori bermatuko duten neurriak».
Gaur ere, orduko berotasun berberak suspertuta, horixe berori esaten diet lankide ditudan kargudun eta erdi mailako arduradun guztiei. Esan eta behin eta berriro gogorarazten diet; izan ere, euskararen erabileraren aldeko saio erraldoi honetan partaide ditut, eta, era berean, konpromisoa hartua daukate.
Jakineko kontua denez, agintaldiaren hasieran helburu zehatzak jarri genizkion geure buruari. Helburuon haritik, Osakidetzaren bigarren euskara-plana etorri zen, 2013ko abenduaren 3an onartu genuen plana, hain zuzen.
Gurean, Osakidetzan, euskal herritarren esanetara dagoen osasun zerbitzuan, euskararen erabileraren normalizazioa kalitatearen seinaletzat daukagu. Bai horixe, kalitatearen, hurbiltasunaren eta enpatiaren seinaletzat.
Osakidetzako langileen arteko hartu-eman profesionaletan euskarari behar duen tokia ireki, handitu eta bermatzea lortuz gero, kalitatea finkatu eta sendotu egingo dugu. Osakidetzako osasun-profesionalen eta paziente euskaldunen arteko harremanetan euskarari behar duen tokia ireki, handitu eta bermatzea lortuz gero, kalitatea finkatu eta sendotuko dugu.
Euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza gisa erabiltzeak on egiten digu guztioi: euskarari berari eta euskara darabilen edonori. Ziur nago. Ez dut zalantzarik.
Goian aipatutako plana bide-erakusle dugularik, hamaikatxo lan egin dugu, egiten ari gara eta, etorkizunean, ezbairik gabe, egingo dugu.
Horregatik, bada, lehendik esana daukadana errepikatuko dut gaurkoan ere: herritarren osasun-premiak egokiro artatu nahi ditut eta, artatu ere, darabilten mintzairan artatu nahi ditut. Hau da, nire onena eman nahi diot osasungintzari eta, aldi berean, gaztelaniari kalterik egin gabe, osasungintzaren baitako euskararen erabilerari.
Osasungintzaren eta euskararen aldeko jarduna elkarri lotuta doaz. Batak ez dio besteari kalterik egiten. Bata eta bestea elkarren osagarri dira, elkarren aberasgarri.
Herritarren osasunaren alde ibili gabiltzala jakin eta sentitzea pozgarria da. Aldeak alde, aurreko hori bezainpozgarria da herritar euskaldunak euskaraz atenditzearen ondorioz euskarari berari, euskararen osasunari alegia, mesede egiten diogula jakitea.
Ez dut ahorik aski aurreko horren garrantzia azpimarratzeko.
Gaur eta hemen, ezbairik gabe, euskarari dagokionez, erabilera da erronka; erabilera helburu; erabilera jomuga. Ez dakiena euskara ikasteko bidean jartzea garrantzitsua bada ere, gaur eta hemen, kontua beste bat da: euskara dakiena euskaraz egiten jarri behar da, eta, era berean, dakien horrek euskaraz egin dezan, beharrezkoa zaion abaguneari bidea eman behar zaio. Horixe da Osakidetzatik zein gainontzeko administrazio guneetatik zerbitzu publikoa ematen ari garenoi begien bistatik alde egin behar ez diguna.
Osakidetza zeregin horietan murgilduta dago, buru-belarri sartuta dago. Hala ere, horrek ez du esan nahi gauzak pentsatu gabe, ero-eroan eta edozein moduz egiten edo egingo direnik. Arrapaladan ibiltzea ez da osasungarri. Bat-batean aritzea ez daemankorra epe ertain eta luzera. Horregatik, bada, honako bide-erakusle bi hauek hautatu eta hobetsi genituen esku artean dugun planari dagokionez: progresibitatearen eta lehentasunen arabera jokatzea.
Hizkuntza-errealitatea oso anizkuna da; anizkuna da euskal lurraren eta herritarren hizkuntza-errealitatea; anizkunak dira Osakidetza osatuz euskal lurrean luze-zabal egon dauden zerbitzu-erakundeetako hizkuntza-errealitateak; anizkuna da osasun publikoaren alde ibili dabiltzan giza baliabideen hizkuntza-errealitatea. Horrexegatik, bada, zentzuzkoa den bidetik jo beharra daukagu:progresibitatearen eta lehetasunen bidetik, mailaz maila baina etengabe, pixkanaka baina aurrera eginaz. Lehentasuna non, han izango da jardunaren muina. Ondorioz, egin beharrekoaren luze-zabalera eta sakonera ikusita, gure indarra eta kemena lehentasun goreneko zerbitzuetan eta gune euskaldunenetan jartzea erabaki dugu.
Orain baino lehenago egindako bidea eta lortutako emaitzak agerikoak dira, ezin ukatuzkoak. Atseginez begiratu daitezkeen emaitzak dira eta, era berean, jarraitzeko adorea ematen dutenak, izan ere aurten zein hurrengo urteetan planaren argitan egin beharrekoak asko eta ugari dira.
Ziur naiz guztion arteko elkarlanari esker, ibilian-ibilian, hizkuntza-eskubideen errespetuan aurrera egingo dugula; ziur naiz osasun-zerbitzua euskaraz ere eskainiko dugula; ziur naiz aurreko hori eginaz, zerbitzu asistentzialen kalitatea hobetu egingo dugula; ziur naiz pertsonekiko konpromisoa areagotu egingo dugula.
Osakidetza: euskara aurrerabidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu