Koronelari ez dio inork idazten, baina ELAri eta haren Osakidetzako arduradunari, bai. Garcia Marquezen nobelako protagonistak hamabost urte eman zituen gutun baten zain. Guk apenas itxaron behar izan ditugun hamabost egun Jose Maria Armentiak, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak, EPEetan euskaldunok azterketa gure hizkuntzan egiteko dauzkagun zailtasunei buruz argitaratu genuen iritzi artikuluari erantzuteko. Hau ohorea!
Jose Mari, iruditzen zait ez zenuela gure artikulua ondo ulertu. Gizartean oso zabalduta dago euskaldunok erraztasun izugarriak dauzkagula Osakidetzan lanpostua lortzeko. Hori Osakidetza sekula euskaldundu ez dadin presio talde batzuek sortutako irudi faltsu bat besterik ez da, eta guk presio talde horiei idatzi genien. Benetan Osakidetza euskaldundu nahi baduzu, gurearen moduko iritziak errepikatzea komeni zaizu; horrek erraztuko dizu ondoren hartu beharreko neurriak hartzeko zilegitasuna irabaztea. Osasun arloko ezagutzak izatea eta euskalduna izatea ez direlako bateraezinak, ezta?
Zure interpelazioa baliatuta, gure iritzia berresten dugu, Osakidetzan oposizioko azterketa euskaraz egitea balentria da, eta soilik militantziaz hartutako erabakia. Ikasmaterialak, gaztelaniaz bezala, euskaraz gutxieneko kalitatearekin lortzea ia ezinezkoa da, eta ikasketa guztiak euskaraz egitera ohitutako jendeak zailtasun handiak dauzka azterketa euskaraz egin ahal izateko.
Azterketaren gaiaz gain beste elementu batzuk aipatu nahi izan dituzunez, nik ere zure gutunaren bitartez eman didazun aukera hau baliatuko dut beste elementu batzuk aipatzeko. 30 urteren ondoren, Osakidetzako langileen %29k bakarrik daukate Osakidetzak helburu moduan ezarritako euskara maila. Kopurua handitu bada, langileen bizkar izan da, eta ez administrazioarekin bideratutako ardura partekatuen bitartez. Gainera, Osakidetzak aurrera daraman kontratazio prekarioaren aldeko apustu estrukturalak (langileen %30etik gora behin-behinekoa da) egoera konplikatuak errotzen ditu, eta euskararekiko harremana askorentzat traumatikoa bihurtzen da.
Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Plana onartu zenetik, ELAk bere burua hainbatetan eskaini du zuzendaritzarekin euskarari buruzko akordio bat lortzeko. Guk akordioa hiru elementu nagusiren gainean eraiki nahi izan dugu: formazioa (bereziki, Osakidetzan egunero lanean ari diren 10.000 behin-behineko langileei begira), hizkuntza eskakizunak ezartzeko epe luzeko kronograma zehatza adostea (langile guztiek hurrengo hamar urteetan zer gertatuko den jakin behar dute egoera horretarako presta daitezen), eta behin-behineko kontratazioan euskararen inguruko irizpideak adostea.
Jose Mari, lan apur bat hartu dut ni izandako bileretan eskaintza hau zenbatetan egin dudan aztertzeko. Gutxienez bederatzi aldiz egin dut eskaintza hori mahai sektorialetan, zuekin izandako bitariko bileretan eta Euskara Batzorde Korporatiboan. Eskaintza ez duzu momentu batean ere onartu, eta ez da inolako negoziaziorik izan.
Gai honetan, lan-baldintzekin lotutako beste hainbat gaitan bezala, zuen planak inposatzen ohituta zaudete. Ondoren, zuek inposatutakoari sindikatuok oniritzia ematea besterik dugu. Ez duzue negoziaziorako esparrurik uzten. Are gehiago, negoziaziorako aukera bakanak greben ondorioz sortu dira. Sindikatuok, ELAk behintzat, hainbat arazo konpontzeko eskakizunak egin ditugunean, ez diguzue erantzun ere egin. Eta haserretu egiten zara mahaietan konpondu ezin ditugun arazoak hedabideei helarazten dizkiegunean.
Eskaintza berriz ere egin nahi dizut, Jose Mari. Osakidetza elebidun bat izateko langileen eta administrazioaren arteko konpromiso partekatuetan oinarritutako akordio bat egin nahi dugu, baliabideak, helburuak eta epeak zehaztuta eta kontratazioetan izaten diren egoera ezberdinak aztertuta. Prest al zaude ELArekin zentzu horretan akordio bat adosteko?
Garcia Marquezen koronelak pentsio duin baten berri emango zion gutuna espero zuen. Halakorik ez zuenez jasotzen, borrokarako oilar baten bitartez saiatzen zen bere bizi-baldintzak hobetzen. Gu ere horretan arituko gara.
Osakidetza euskalduntzeko prest?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu