Osakidetza euskalduntzeko aurrerapausoak

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
OsakidetzarenII. Euskara Plana 2013ko abenduaren 3an, euskararen egunean, onartu zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak. Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, Armentia jaunak, agerraldia egin zuen irailaren 22an Legebiltzarrean, planaren jarraipena egiteko. Plana onartu zenean, lantzean behin etortzeko konpromisoa hartu zuen. Helburua da gardentasun osoz emandako pausoak aurkeztea eta legebiltzar-taldeen iritziak entzun eta jarrerak ezagutzea. Batzuek erritmo azkarregia kritikatu zuten; beste batzuek, berriz, dena berde ikusten dutela. Lagungarria izan daiteke, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan, jakitea zer den bederatzi hilabetean egindakoa.

Hasteko, aurtengo urtarrilaren 10eko Osakidetzako zuzendari nagusiaren bigarren jarraibidea Euskara Plana zerbitzu-erakundeetan abiarazi eta garatzeari buruzkoa izan zen. Horren arabera, martxoaren 15erako, zerbitzu-erakunde bakoitzak bere plana Giza Baliabideen zuzendaritzara bidali behar zuen. Euskal Osasun Zerbitzua 23 zerbitzu-erakundek osatzen dute eta den-denek Euskara planak dituzte. Horiek guztiak, ekainaren erditik, ikusgai daude webgunean.

Zuzendaritza Nagusiari dagozkion neurriei dagokienez, Euskara Plan Korporatiboaren Jarraipen Batzordea eratu da. Hiru hilabetean behin batzartuko da, Planean aurreikusita dagoen legez. Batzorde horrek indargune bat dauka. Euskara ez da bakarrik Giza Baliabideen kontua, ez. Euskara guztion eta zuzendaritza guztien kontua da. Horregatik, uste dut benetan garrantzitsua dela beste arlo batzuetako ordezkariak ere kide izatea. Zeharkako enfokea emateko guztiz beharrezkoa da. Hiru ardura nagusi izango ditu: batetik, normalizazio-neurri korporatiboak garatzeko plangintza antolatzea; bestetik, neurri bakoitzaren martxari buruzko jarraipena egitea; eta, azkenik, normalizazio-neurri korporatiboak indarrean jarri ondoren, hobetu eta helburuak ondo betetzeko neurri zuzentzaileak hartzea. Bere lehenengo bileran, maiatzaren 30ean egindakoan, onartu zituen 14 lehentasunezko normalizazio-neurri korporatiboen gaineko erantzukizunak, zehaztapenak eta jarraipenak.

Aldi baterako kontratazioei dagokienez, proposamen bat egin zaie estreinakoz sindikatuei: Euskara Planean lehentasunezko unitate lez agertzen direnetan, aldi baterako kontratazioetan ere efektiboaren hizkuntza-eskakizun berbera izan dezatela ordezkapena egiten dutenek. Proposamen hau Mahai sektorialean adostu behar da, kontratazioari lotuta. Gaiak ez du aurrera egiten, sindikatuek negoziazio orokorraren barruan sartzen dutelako. Ondorioz, Giza Baliabideen zuzendaritzak erabaki du aldi baterako kontratazioak egiteko printzipio-dekalogoan sartzea. Hauxe da zehatz-mehatz dekalogoak diona: «bakante bat interinitate bidez betetzeko eta ordezkapenak egiteko, beharrezkoa izango da aukeratu den hautagaiak postu bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna eduki dezala. Behin-behineko langileak kontratatzeari dagokionez, Osakidetzak konpromisoa hartzen du, Arartekoaren gomendioak aintzat hartuz, erabiltzaileekiko arretan eutsi egingo diola II. Planaren lehentasun handienekotzat jotako unitateetan lortu den elebitasun mailari».

Bestalde, iazko abenduan Historia Kliniko elebiduna lan-taldea sortu zen formalki. Talde horretan, historia kliniko elebiduna helburu izanda, Osakidetza barruan arlo ezberdinetako langileek hartzen dute parte. Sortu zenetik hona, haren lanak izan dira, alde batetik, aztertzea zein faktorek eragiten duen —alde edo kontra- dokumentazio klinikoan euskara erabiltzean dokumentu edo komunikazio mota ezberdinetan; eta, bestetik, jarduerak proposatzea eta eman beharreko pausoak zehaztea historia kliniko elebiduna lortzeko, modu progresiboan, kalitatea eta segurtasun klinikoa ziurtatuta. Talde horren lanaren ondorioak laster izango ditugu eskura.

Artikulu honetan ezin da eduki askoz gehiago sartu, bere luzaera mugatua delako; baina egon badaude, zorionez, beste hamaika aurrerapauso aipatzeko: 2014. urtea amaitu baino lehen, eginda egongo da on line bideoa, talde arduradunei eta nagusiei aholkuak eta irizpideak emateko euskararekiko izan behar duten jarreraz. Bestalde, ahozko harremanetarako pazienteen lehentasunezko hizkuntza zein den erregistratzeko aukera oraindik ez dago martxan, baina urtea bukatu baino lehen egotea espero dute. Gainera, euskara zerbitzu guztietan giza baliabide gehiago sartu ez badira ere, aurten zazpi erakundetako euskara zerbitzuak sendotu dira. Horretarako, giza baliabideak gehiago hornitu dira. Programa-kontratuetan hamar adierazle sartu dira, euskararen erabilera eta zerbitzu-erakunde bakoitzean euskara plana betetzen den neurtzeko. Beste erakunde batzuekin sinatutako hitzarmenetan ere aurrera egin da, eta Osakidetza eta Mutualia mutuaren artean euskararen erabilera normalizatzeko lankidetza-hitzarmena sinatzekotan dago.

Hemen esandako guztia azaldu zigun Armentia jaunak Legebiltzarrean osasun batzordeko kide guztiei. Izan ere, berak eskatuta etorri da Legebiltzarrera, horren berri ematera. Jarrera hori ere berria da. Eta hori ere aipatu beharrekoa da: bere agendan dago, Osakidetzako zuzendaritza taldearen lehentasunen agendan dago. Ez dute behar inork deitzerik eta gogoratzerik ekin egin behar dutela. Eta lo geldituko balira, Darpon sailburuak berak esnatuko lituzke, aurrekoetan esandakoaren bidetik, Jaurlaritzaren agintarien konpromisoa euskararekiko sendo eta irmoa delako.

Hori guztia, bederatzi hilabetean. Oraindik ere bost urte eta hiru hilabete geratzen zaizkio Euskara Planari. Ez naiz ni izango gai honetan bapo gaudela dionetarikoa, ez. Atzeratuta gaude; hala esaten nuen aurreko legealdian, oposizioan geundenean, eta gauza bera diot orain, Gobernuan gaudela. Baina aldarrikatu nahi dut egiten diharduenari egiten utzi behar zaiola. Eta egungo Osakidetzako zuzendaritza taldea egiten ari da; utz eta lagundu diezaiogun ba ekiten, orain berde dagoena heldu dadin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.