Osakidetza euskalduntzea, guztion helburua

2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hamargarren Legegintzaldi hau hasi zenetik hona, sarritan izan dugu hizpide Osakidetzako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana Eusko Legebiltzarrean. Hamaika aldiz hitz egin genuen gaiari buruz aurreko legegintzaldian ere. Bengoa sailburuak PSE-PPren artean sinatutako «acuerdo de bases»-en oinarrituta hainbat neurri hartu baitzituen, euretariko hainbat Osakidetzan Euskararen Erabilerari dagokionez atzerapauso nabarmenak.

Iaz, bi Legez Besteko Proposamen onartu genituen. Bietan ahalegin berezi bat egin zen Legebiltzarreko talde batzuetatik, hain zuzen ere, EAJren Euzko Abertzalek Legebiltzar Taldetik, EH Bildu eta Euskal Sozialisten taldetik. Eta bere emaitzak izan zituen, hainbat puntutan akordioa lortu baikenuen. Ahalegina egin, erdi bidean aurkitu, eta aurrera egin genuen. Bereziki poztu gintuen horrek, euskara guztiona delako. Euskara dakitenena eta ez dakitenena dela; abertzaleena eta abertzale ez direnena dela. Guztiona. Ez dugu bat egiten «geureei» mesede egin nahi diegula diotenekin. «Geureetariko» hainbatek ez dakite euskara; eta euskara dakiten guztiak ez dira abertzaleak. Agian, UPyDko Gorka Maneiro jauna «geurea» abertzalea edo jelkidea da, euskara dakielako? Edo PPko Laura Garrido anderea? Ez, gauzak ez dira horrela. Eta batzuek kaleratu nahi duten hizkuntzan oinarritutako gizartearen zatiketa hori gainditu beharrekoa da. Euskara gure hizkuntza propioa da. Geurea eta ez beste inorena. Hortaz, Euskal Herriaren ikurra da, agian gure herriak duen ikurrik garrantzitsuena. Baina egun, euskarak ikur izatea ere gainditu du. Euskara eskainitako zerbitzu guztien, publikoak zein pribatuak izan, kalitatea neurtzeko parametroa da.

Herri Administrazioak, besteak beste, Osakidetzak, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu. Baina bere zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzen dituenean, bi helburu lortzen ditu. Bata, esandakoa, herritarren eskubideak bermatzea; eta, bestea, berak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea igotzea. Zerbitzu hobeagoak eskaintzea. Edozein zerbitzu euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen bada, askoz hobea da. Herritar gehiagoren eskakizunak asebeteko ditu. Osakidetzaren kasuan, osasun zerbitzuak eskaintzen dituen neurrian, hizkuntzak garrantzi handiagoa hartzen du, gaixoarekiko hurbiltasuna lortzeko funtsezkoa delako.

EAJk beti defendatu izan du gizartearen eta zerbitzuen euskalduntze prozesua malgutasunean eta progresibotasunean oinarrituta behar duela egon. Progresibotasunak gelditu barik aurrera egin behar dela esan nahi du. Bide luzea daukagu egiteko, baina dagoeneko bide luzea eginda izateak animatu beharko gintuzke erronka honetan. Malgutasunetik abiatuta, gune bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta. Osakidetzako II. Euskararen Erabilera Normalizatzeko planak bi zutabe horietan oinarrituta aurrerapauso garrantzitsuak ematen ditu hainbat jardun eremutan: irudi eta komunikazioan, paziente eta erabiltzaileekiko harremanetan, zerbitzu elebidunen eskaintzan, barne harremanetan —esate baterako, euskaraz lan egiteko trebakuntzan, baliabide informatikoen egokitzapenean— eta abar. Osakidetzan eskainitako zerbitzuen euskalduntze prozesua arindu beharrean gaude, eta horretan dihardute buru-belarri Darpon sailburuak eta bere taldeak, Legebiltzarrean entzun ahal izan dugunez. Batzuentzat larregi izango da, beste batzuentzat, berriz, gutxiegi. Normala da hori; baina malgutasunak erdian kokatzea eskatzen du.

Hainbat dira azken urte honetan eman diren pausoak: aurreko gobernuak aurkeztu barik zeukan Lehenengo Planaren ebaluazioa Legebiltzarrean aurkeztu; bigarren plana egin, onartu eta aurkeztu; lanabes informatikoen egokitzapenerako lanak burutu; historia klinikoen euskalduntzea aztertzeko lantaldeak martxan jarri; Osakidetzan euskaren erabilera sustatzeko «Bai sano!» kanpaina martxan jarri; euskara Osakidetzako zerbitzuaren kalitatea neurtzeko parametroen artean sartu... Eta garrantzitsuena: sailburuaren eta zuzendaritzaren konpromisoa agertu, euskararen erabilerari prestigioa emateko lidergo argia agertu.

Gai honetan ere gizartearen parean joan beharra dago, ez atzetik. Eta gizartearen gehiengoak euskararen erabileran aurrerapausoak eskatzen ditu eta Darpon sailburua eta bere taldea parean. Esandako legez, progresibotasunean oinarrituta, baina parean.

Lan handia daukate egiteko, erronka garrantzitsua; beste arlo batzuetan lortu dena Osasun arloan lortzea: herritar bakoitzari zerbitzua nahi duen hizkuntzan ematea. Baina lana eta ardura ez da zuzendaritzarena bakarrik. Ez, erantzukizun guztia euren lepo gainera botatzea oso erosoa da. Euskararen erabilerak guztion konpromisoa behar du. Zuzendaritzarena, profesionalena, herritarrena. Lidergo konpartitua. Lehen esandakoa ulertzea, hots, euskararen erabilera hedatzea, sustatzea edota bermatzea gizartearen gehiengoaren eskaerari erantzutea dela. Guztion, edo guztiona ez bada, behintzat, gehienon konplizitatea behar du euskarak. Jarrera baikorra, konbentzitu ez dagoena konbentzituta, lagundu bidea egiteko laguntza behar duenari. Ez inposatu eta ez galarazi, aukera gehiago izatea dakarrela konbentzitu.

Lehenengo Plangintzaldian Hizkuntza eskakizunetan egin zen batez ere aurrera. Orain dinamizatu behar da, erabili behar da. Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzea lortu behar dugu; euskararen erabilera efektiboa lortzea izan behar da helburua. Horretarako, guztion jarrera baikor eraginkorra eta konpromisoa beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.