Gaur egun nahastu egiten da medikuen zeregina eta apaizena. Heriotzaren aurrean gizakumeak bizitzaren zentzua arakatzen du, eta erlijioan aurkitu izan du erantzuna orain arte. Mendebaldean, aldiz, heriotzaren aurrean erlijiora jo beharrean medikuntzara jotzen dugu gaur egun; eta, ondorioz, osagileengan saiatzen gara aurkitzen apaizek zeukatena lehen. Nahasketa honen ondorioak oso kaltegarriak dira. Suposatzen da osagileak egunean egon behar dutela ikerketak erakusten dituen gaietan, baina hori ez da horrela. Adibidez, Osakidetzan osagile batzuek denbora gehiago ematen dute promozioei buruz hitz egiten, puntuak direla eta, euren gaixoak aztertzen baino.
Ondo baino hobeto ezagutzen dut zer gertatzen zen psikiatria arloan orain dela hogei urte. Eskizofrenia diagnostikoarekin izendatzen zuten gaixo mordo bat. 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak egindako gaixo mentalak diagnostikatzeko 10. bertsioan, hogei eskizofrenia mota bereizten ziren, bakoitza bere tratamendu bereziarekin. Tamalez, ez dut inoiz aurkitu hemengo diagnostikoetan horrelako bereizketarik eskizofrenia kasuetan. Antzera gertatzen zen psikofarmakoekin: 1980ko hamarkadan landu ziren ondorio kaltegarririk gabeko neuroleptikoak, baina ez dira, nik dakidala, politikak landu sistema publikoan zabaltzeko, beharbada oso garestiak direlako. Egia da azken hogei urteetan ez naizela osasun estrategia horretan saiatu, baina susmatzen dut gauzak ez direla hobetu.
Orain dela gutxi entzun dut, gauza handia bezala, Gipuzkoan Clubhouse bat antolatzen ari zela, eta Clubhouse estrategia orain 30 urtekoa da. Beste adibide bat, Oxford handbook of geriatric medicine-n esaten den moduan (162. orrialdean), egoitzetan dauden pertsonei, askotan, parkinson diagnostikoa ematen zaie ahul eta dardarka daudelako, eta erdiak txarto diagnostikatuta daude; ondorioz, ematen zaizkien medizinek kalte egiten diete, hobetu beharrean.
Osagileek, osasun sistema publikoan, gehienetan tratatzen dituzte pertsonak gudan egongo balira bezala, bereizketa gehiegi barik. Esango dute kupoaren problema dela eta lan-kargaren problemagatik ezin dutela pertsona bakoitzarengan arreta osoa jarri. Osasun sailburu batek esaten zuen «pobreentzako osasun sistema bat osasun sistema pobre bat da». Baina osasun sistema pobrea eta txiroa ez dugu nahi. Horretarako ez genuen Osakidetza diseinatu. Ezjakintasuna dagoenean ezin da benetako demokrazia eraiki, ezta patxadazko eskaerarik egin; eta hori gertatzen da osasun sistemarekin. Ez gara ohartzenbizitzan zehar langile bakoitzak ia 250.000 euro jartzen dituela osasun sistema on bat edukitzeko. Osasun sistemaren arduradunek uste dute fabore bat egiten ari direla populazioari, eta osagileek beste horrenbeste. Eta hori ez da horrela. Osasun sisteman bezeroaren ahotsa ez da antolatzen, osagileek ez dute eskatzen bezeroen parte hartzea edo bezeroen ahotsa kontuan edukitzea osasun sistema eraikitzean.
Espainiako unibertsitate errektoreek, 1990eko hamarkadan, txosten bat egin zuten osasunari eta zientzia sozialei buruz. Hezkuntza Ministerioari aholkatzen zioten ezagutzaren arlo hori unibertsitateetan garatzeko. Hortaz, Deustuko Unibertsitateko errektorea, Jose Maria Abrego, etorri zitzaigun Soziologiako departamentura arlo hori garatzeko esanez. Master bat egiteko programa gertatzeko agindu zigun, gero ofizialtasuna eskatzeko. Sasoi hartan, Angel Toña zen Soziologiako dekanoa, eta berak eskatu zidan niri master horretarako programa idazteko. Horrela egin nuen, eta, ofizialtasuna eskatzearekin batera, lehenengo promozioa garatu genuen. Lehenengo promozioan egondako guztiek arin aurkitu zuten lana, edo euren lantokietan ardura handiagoko lanpostuak lortu zituzten. Problema izan zen Medikuntza fakultatekoek, Espainian, Osasun zientzietako arloak Medikuntzako fakultateetatik at garatzearen aurka biziki egin zutela. Eta, horrela, ezin izan zen masterraren ofizialtasunik lortu, Deustuk eman zuen diplomatik harago.
Orduan, master europarra bihurtu genuen eta Europako Batzordearen laguntza lortu genuen. Reghealth deitu genion masterrari; gure bazkideak Vilnius , Corvinus-Budapest eta Verona unibertsitateak izan ziren. Europako Master Mundus bezala sustatua izan zen (osasun sistemei buruzko bakarra Europa osoan). Oso aberasgarria izan da parte-hartzaileen lanetarako euren lurraldeetako osasun sistemetan. Zientzia sozialak eta osasuna unibertsitateetan garatu izan balira, orain datu zehatzagoak izango genituzke eztabaidatzeko zer-nolako osasun sistema eraiki nahi dugun.
Gizartea aldatzen ari da arin eta sakonki. Gipuzkoan konputagailu kuantiko bat jarriko dute aldaketa arinagoari aurre egiteko teknikoki. Baina gizarte aldaketari nola aurre egin? Bai osagileak eta bai apaizak sasoiko aldaketaren trena galtzen ari dira. Apaizak elizaren jabegotasunaren administrari hutsak bihurtzen ari dira, giza existentziari buruzko erantzun ezinbestekoak aztertzea bazterturik. Osagileak apaizen zereginak ari dira betetzen heriotzaren aurrean, eta, ezagutza gaurkotu barik, antolamenduari eta politikari jaurtikitzen diete gertatzen ari diren problemen errua.
Orain 50 urte aurreikusten zen ingurugiroaren aldaketek gaixotasunak aldatuko zituztela; janari motak, jantzietako eta etxeetako materialak aldatuko zirela, ingurugiroa elektrizitatez eta uhin desberdinez beteko zela, eta, ondorioz, gaixotasun mota berriak sortuko zirela iragarri egiten zen. Zenbait herritako Medikuntza eskolak ari ziren aldaketa horiei aurre egiteko gertatzen. Baina gureak, zer? Beldur naiz ez ote duten duela 50 urte bezala jarraituko.
Soziologian ere beste horrenbeste gertatzen ari dela uste dut. Deustuko Soziologia fakultatea desagertu egin da. EHUn komunikazio ikasketak ugaritu dira, baina ez soziologiakoak. Administrazioak aldaketa teknikoak aurreikusten ditu, baina aldaketa sozialak? 1980an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean, 50 langileren artean bost soziologoak ginen, aldaketa sozialak aurreikusten genituen. Baina orain?
Osagileak eta apaizak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu