Ikastolen mugimendua ez da inoiz ezein alderdi politikoren aginduetara makurtu; ezta orain ere. Ikastolen Elkartearen izenean hitz egin edo idazten dugunean, 110 ikastolak, 56.000 ikaslek eta haien gurasoek osatzen duten hezkuntza komunitatea ordezkatzen dugu. Hezkuntza mugimendu bezala, hezkuntzan eragiten ahalegintzen gara, euskal gizarte osoa kontuan hartuz, eta gure bidean orain batzuen eta orain besteen babesa jaso dugu; baita kontrako erreakzioak jaso ere.
Steilas sindikatuari ez zaio gustatu eman diogun erantzuna, eta irainak erabili ditu ikastolon jarrera gaitzesteko. Interes eta proiektu propioen defentsan interes eta eskubide kolektiboen gainetik igarotzeko prest gaudela leporatu digu Steilasek. Baieztapen hori irain handi bat da ikastolentzat.
Ikastolok herritik eta herriarentzat eta herri ekimenez sorturiko proiektuak gara. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba gara eta europar kooperatiban batzen gara. Hezkuntza eredu propioa dugu, Euskal Curriculumean oinarritutakoa, garatzen eta eraldatzen joan garena, eta material propioak sortuz eta Euskal Herriari eskainiz dihardugu, besteak beste. Ez gara, inolaz ere “osagarri”, hezkuntza sistemaren osagaietako bat baizik, gure pisuarekin; ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.
Gurea defendatzen dugu, noski, baina ez bestearen kalterako; ez goaz Hezkuntza Sistema osatzen dugun beste erakundeen aurka, beti gure herriaren hezkuntzari begira baizik. Izatekotan, Steilas bera da, ikastolei finantzaketa publikoaren iturria ixteko proposatu duenean, bestearen aurka doana.
0-3 etapan, konpetentzia desleiala egitea leporatu digu Steilasek. Konpetentzia desleiala, 2009tik hona Haurreskolak Partzuergoan finantzaketa publikoa %19,87 hazi denean eta itunpeko sarean %26,54 jaitsi? Konpetentzia desleiala Jaurlaritzak haur bakoitzeko Haurreskolak Partzuergoan 8.000 euro jartzen dituenean, eta itunpekoan 1.500? Ikastoletako gurasoek ere kuotak ordaintzen dituztenean?
Krisia hasi zenetik Hezkuntza Sailetik egin diren murrizketak ez dira soilik administraziopeko ikastetxeetara iritsi, ezta bereziki ere. Denok jasan behar izan dugu lehortea, eta ikastolok asko sufritu dugu. Lan baldintzei buruz idazteko beste bi artikulu beharko genituzke. Baina gai honetan balioan jarri nahiko nuke ikastolek langileekiko eta langileek ikastolekiko erakutsitako konpromisoa, garai gogor hauetan hitzartutako lan itunetan isla izan duena.
Gure irakasle eta langileak ikastolen balio handienetakoak dira, haien esku uzten dugu gure seme-alaben heziketaren zati oso garrantzitsu bat, konfiantza osoz. Haien prestakuntza, prestasuna eta konpromisoa maila gorenekoak dira. Langileekiko ikastolen konpromisoa ere azpimarratu nahiko nuke, ahalik eta baldintza onenak hitzartu baitituzte, langileen egonkortasuna barne, muga bakarra ikastolen bideragarritasuna kinkan ez jartzea izanik.
Steilas eta ikastolen arteko desberdintasunik handiena sindikatuak eta guk publikotasunaren gainean dugun ikuspegia da. Hala, Steilasek egungo eskema du buruan, Frantziako eta Espainiako ereduetan oinarritua, administrazioaren titularitateko ikastetxeek soilik osatzen dutena, goitik beherako eskemarekin, ikastetxeen autonomia aitortu barik. Guk proposatzen dugun publikotasuna hezkuntza zerbitzu publikotik abiatutakoa da, sistema publiko-partekatu bat, horizontala, hezkuntza komunitatearen eta administrazioaren arteko elkarlanaren eta adostasunaren fruitua, ikastetxeen autonomian oinarritua; hots, Europako herrialde askotan dagoen eredu publikoa.
Steilasek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren programa soziala aipatzen du, baina han ez da esaten ikastolak desagerrarazi behar direnik, baizik eta sare publikoak pertsona guztiei ziurtatu behar diela hezkuntzarako eskubidea, geuk ere defendatzen duguna; besterik da zein sistema publiko nahi dugun. Gainera, hezkuntza eragileok sinatutako Oinarrizko Hezkuntza Akordioa ere hor dugu, non esaten den: “Euskal hezkuntza publikoa ‘publiko herritar’ ikuspegian kokatzen dugu; hots, komunitateari lotua. […] Horren arabera, ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa’ gauzatzeko botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztu eta banatu egin beharko lirateke […]. Heziguneen titularitateak eta kudeaketak, berriz, heziguneen eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritu beharko lukete”.
Eztabaidatzen jarrai genezake, eta irainaren mugan dabiltzan baieztapenei erantzuten, BERRIAk eskaintzen digun plaza publiko honetan. Baina hezkuntza eragileok une honetan baditugu beste gune batzuk, eztabaidatzeaz gainera, geure ideia eta egitasmoak mahai gainean jarri eta adostasun zabalak lortzeko aukera ematen dutenak, hezkuntzan gure etorkizuna marrazteko aukera ematen dutenak.
Ikastolok marraztu dugu etorkizunerako nahiko genukeen eskenatokia; Hik Hasi-k ere planteamendu berri bat plazaratu du joan den asteburuan, aukera ona hezkuntza eragileon arteko eztabaida eta akordioak bultzatzeko; Eusko Jaurlaritzak lan taldeak osatu ditu hezkuntza itun bat lortu eta hezkuntza lege berri bat egiteko; beste zenbait eragile eta alderdi ere ari dira hausnartzen … Guztiak eztabaidatu eta akordio batera iristeko determinazioa dugu ikastolok. Hezkuntza Sistema Propio batera, eredu subirano batera, eramango gaituzten oinarriak jartzeko unea dugu, espainiar eta frantziar hezkuntza sistemetatik deskonektatuko gaituena.
Osagarri ez, osagai gara, Steilas
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu