Iragan ekainaren 23an Euskal Elkargoak euskara Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hizkuntza ofizial izendatu zuen, gaskoiarekin batean. Erabakia berez sinbolikoa da, ez baitio euskarari inolako lege babesik eskaintzen. Funtsean, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioan Euskal Elkargoak ireki duen bidearen parekoa da hizkuntza alorrean eman berri den urratsa. Beren txikitasunean, biek ala biek paradigma berri bat zabaltzen dute.
Urte luzeetan aldarrikapen eta eskakizunen soka luzetik tiraka ibili ondoan, Ipar Euskal Herrian eszenatoki berri batean aurkitzen gara. Egia da Frantziak uzkur eta herabe erantzun diola Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaren herri aldarriari. Haatik, botere instituzional guztiz mugatua izanagatik, Euskal Elkargoa proiekzio politiko handia izaten ari da. Hilabete gutiko ibilbidean bere eskuduntzez haragoko esparruetan iniziatiba politikoa hartuz marka eta lidergo berezia eraikitzea lortu du. Eta hainbat kasutan frantses legalitatearen mugetan jokatuz herri zilegitasunari bide emateko modua aurkitu du. Dimentsio horretatik neurtu behar ditugu euskarari buruz Euskal Elkargoak hartu berri dituen erabakiak. Orain arteko ibilbidean suposa dezakeen inflexio puntutik, alegia.
Frantses estatu nazioaren eraikuntza eta errotze prozesu luzean inposatu den ikuskerak sistematikoki euskal lurraldetasuna eta hizkuntza ukatu ditu. Izan ere, Frantses Iraultzaren zirimolan gailendu zen eredu formalean ez da herririk ez eta hizkuntza ofizialik frantsesa ez denik. Geroztik, unibertsalak omen diren frantses estatu-nazio eta hizkuntzaren parean, euskararen ezagutzari edo biziberritzeari loturiko aldarrikapen oro komunitarismoaren edo hertsaduraren lerratze gisaestigmatizatuak izan dira. Frantziaren neurrira eraikitako joko zelai dialektikoan, ez dugu lortu euskararen biziraupenerako beharrezkoak ziren gutxieneko neurrien aldeko jarreraz haragoko aitzinamendurik. Ez dugu kausitu irudikatzea euskararen alde dihardugunean defendatzen dugun hizkuntza eredua ez dela inondik ere Frantziaren hizkuntza politikaren parekoa, elebakartasuna inposatzen duen eredu baztertzailea.
Lekuko hizkuntzen gutxiagotze eta zokoratze estrategia horretan, hastapenean Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak arautzea helburu zuen laizitatearen interpretazio zabala gailendu da. Lerratze maltzur baten bidez lekuko nortasunak desagerrarazteko nahikariak laizismo linguistikoaren oinarri ideologikoak ezarri ditu. Horrela, errepublikaren hizkuntza bakarra izan ezik, gainerateko hizkuntzak espazio pribatuan bizirautera kondenatuak izan dira. Legez, periferiako hizkuntzak ez dira debekatu, baina beraien erabilpena eremu pribatura murriztuz de facto heriotza geldo eta goxora zigortuak izan dira. Hortaz, espazio publikotik eta ofizialetik zokoratuz, euskarari hizkuntza bati datxekion funtzio nagusia, soziala, harremantzeko baliabide gisa, ukatu egin zaio.
Frantsesa goitik behera ezarri da gure herrian, botere politikoak inposaturik. Euskara berreskuratzeko prozesu historikoa, berriz, behetik abiatu da, herri mugimenduek sustaturik. Egia da azken urteetan hautetsi eta egitura publikoek babesa ekarri diotela euskarari, betiere legearen mugen barnean. Haatik, Frantziak eman dituen urrats orok euskararen behetik gorako berreskuratze prozesuari beirazko sabai bat ezartzea izan dute helburu.
Legalitatearen zirrikituetan barna lerratuz, Euskal Elkargoak irismen handiko urratsa eman du beraz, euskarari ortzimuga berria zabalduz. Eremu pribatuan etxeko hormen artean bizirautera beharturik zegoen hizkuntza plaza publikoaren erdigunean kokatu du, hautetsien gehiengo zabalaren sostenguarekin, gainera. Erabaki honek, Euskal Elkargoari bere lurraldeko hizkuntzak sustatzeko hizkuntza politika ausarta zehaztu eta egikaritzeko zilegitasuna ematen dio.
Gaur hizkuntza politikaren kudeaketa Euskararen Erakunde Publikoaren esku da, prefetaren zaintza zorrotzaren pean. Beirazko sabaia hauste aldera, Euskal Elkargoak lurraldean hizkuntza politika garatzeko eskuduntza osoa eta dagozkion baliabideak eskuratu behar lituzke. Gobernantza errazte aldera eta egituren bikoizketa saiheste aldera, Akitania Berria eskualdeak, Departamenduak eta Estatuak hizkuntza sailean beren eskuduntza Euskal Elkargoari delegatu diezaiokete.
Aitzina begira, Euskal Elkargoak eman urratsak euskararen ofizialtasunaren korapiloa askatzeko joko zelai dialektiko berri bat ezaugarritzen du. Alde batean, elebakartasuna lehenesten duen hizkuntza eredu hertsi eta baztertzailea ageri da, legeak eskaintzen dion indar posizioan gotorturik. Beste aldean, berriz, subalternitatean izatearen ikusmiratik bestea errespetatzearen eta onartzearen garrantziaz jabetzen den eta eleaniztasuna goratzen duen hizkuntza eredua dago, herriaren zilegitasuna alde duela.
Urteetan, iraganean aurkitu ditugu euskararen alde jarduteko arrazoibideak, gure herri zaharraren nortasunaren ezaugarrietan, edota herri izan nahian. Baina euskararen alde obratzea ere bada berdintasunaren eta aniztasunaren alde ekitea. Hizkuntza guziak dira berdin beharrezkoak, eta bazterkeria ez baizik hizkuntzen arteko elkarrekilakotasuna dugu ardatz izan behar. Horretarako, hizkuntz eskubideez mintzatzen hasi behar dugu. Gogoan izanez, eskubideak goitik behera ezarri daitezkeen bezala, behetik gora eskuratu daitezkeela. Ausardiaz aritzeko tenorea da; Euskal Elkargoak badu behar beste zilegitasun horretan. Borondate politikorik eta indar nahikorik izanen duen, hori beste afera bat da, baina baita guztion ardura ere.
Ortzimuga berria euskarari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu