Txema Ramirez de la Psicina

Orratz-aldaketa

2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zer gertatu da Gasteizen? Nola hautsi da miraria? Zergatik? Eta, garrantzitsuena: posible al da lehengo sintoniara bueltatzea? Aurrera begira zer gertatuko den jakin aurretik, aurrena oraingo egoera aztertu behar da eta, horretarako, nahitaez, atzera begiratu behar dugu.

Gasteizko bataila. 2015eko ekainaren 13an aldaketaren alde zeuden indarrak gai izan ziren Javier Maroto alkatetzatik kentzeko. Azken segundoan lortu zen Gasteizko bataila irabaztea. Garaipen hartako artekari nagusietako bat Miren Larrion izan zen. Berak lortu zuen Sumando-Hemen Gaude eta Irabaziko zinegotzien hiru botoak, behar ziren 14ak batu arte (EH Bilduren seiak; EAJren bostak; Sumandoren biak eta azkena Irabaziko ordezkariarena). Sozialistek (4) zuriz bozkatu zuten eta PPk (9), jakina, Javier Marotoren alde egin zuen. Kalean, euforia eta polarizazioa neurri bertsuan. Zorion betea aldaketaren aldeko indarren artean. Lokamuts xenofoboa ahanzturaren bidean. Amorrua eta inpotentzia PPko jarraitzaileen artean; izan ere, ez dugu ahaztu behar PPk 2011n baino 3.422 boto gehiago erdietsi zituela 2015ean.

Oraingo egoera erabat desberdina da: aldaketa gauzatu zuten indarren artean konfiantza-falta nagusitu da. Era berean, Gorka Urtaran alkatetzarako bozkatu ez zutenak —Gasteizko laugarren indar politikoa diren sozialistak, alegia— Gobernu batzordean daude. Paradoxa bitxia: Urtaranekin bat egin zutenak, liskartuta; zuriz bozkatu zutenek mutu segitzen dute baina orain agintean alkatearen alboan eta kontra egin zutenak, egun, pozak zoratzen. Haatik, PPk arazo dezente ditu Gasteizen, behar baino gehiago kostatzen ari baitzaio Marotoren itzala atzean uztea eta bere bozeramaile berria —Letizia Comeron— iritzi publikoaren aurrean ezaguna egitea.

Oraingo liskarra. Ez dago faktore ezta errudun bakarra ere. Dezente dira. Ez legoke tokirik artikulu honetan guztiak aipatzeko. Denak dira, nolabait, erantzule. Abagunea aldatu da. Euforia lurrundu da. Hegemonia lortzeko borroka politikoa, guztiz zilegi dena, loratu da. Eta horretan EAJ eta EH Bildu aktore nagusi dira, noski. Aiduru dago Gasteizko lehen indar politikoa —PP— diskurtso apokaliptikoa eginez, zenbat komunikabideren hauspoak lagunduta.

EAJn aspalditxo kezkatuta daude Gorka Urtaran alkateak transmititzen duen irudi ustez ahulaz eta, batik bat, Araban hedapenean jaun eta jabe den kazetak Gasteizko udal gobernuaren jardunaz eskaintzen duen irudiaz. Izan ere, sarritan, egunkari horrek argitaratzen ditu artikulu zein argazki ugari non Miren Larrion agintari plantan agertzen den eta Urtaran, berriz, morroi gisara erretratatuta. Larrion gorabidean datorren buruzagia da; oso ongi baloratuta dago etxe barruan nahiz kanpoan, gerri politiko dezente erakutsi du eta, gainera, hizlari bikaina da. EAJ horren beldur da Gasteizen. Gorka Urtaranek emaitza kaskarrak lortu zituen 2015ean (1.198 boto gutxiago). Hirugarren indar politikoa da. Buelta eman nahi diote egoera eta sentsazio horri. EAJn orain ikusi dute une egokia dela Gasteizen bularra harrotu eta paparra erakusteko. Zergatik? EH Bildun arrakala zabaltzeko aukera ikusi dutelako, Arabako Batzar Nagusietan Bilduk bat egin duelako EAJrekin 2017ko aurrekontuak onartzen eta Gasteizko Udalean ez, eta, gainera, Urtaranek Sumando-Hemen gaude eta Irabaziren konplizitatea lortu duelako. Egoera perfektua EAJk historikoki eta sinbolikoki irudikatu duen zentraltasuna berriro ere antzezteko: «Hemen nauzue ni, bai gizagaixoa, Kristoren antzera, gurutziltzatua, bi lapur hauen artean; eskuinean PP eta ezkerrean Bildu. Erruki nazazue, arren». EH Bilduk zailtasunak zituen modu koherentean antzezpen horretatik ihes egiteko, PPren katastrofismoa hauspotu gabe. Duela urte eta erdi, EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Gasteizen: 23.423 boto (%19,35) eta sei zinegotzi (gehienez hiru izan ditu ezker abertzale historikoak). Egun zaila dirudi emaitza hura errepikatzeak. Horregatik inteligentea izan da egoerari buelta emateko hartu duten erabakia: Urtarani beste aukera bat eman eta zartatu diren zubiak berreraikitzen saiatu. PPren katastrofismoaren aurrean, jarrera propositiboa eta eraikitzailea.

Etorkizunean zer? Batailatxo honetan parte hartu duten guztiek zenbait kontu argi izan behar dute: aldaketaren alde bozkatu zuten gasteiztar gehienek ez dutela ulertu gertatzen ari dena, eta indar horiek, berriro ere, batuta ikustea nahi dutela. Ez ahaztu: PPren presentzia eta indarra hor dago, stand by egoeran, edozein egoera baliatzeko prest. Baina bataila hau Gasteiz eta Arabaz harago doa. Hemen, funtsean, azaltzen ari den aukera beste bat da, askoz garrantzitsuagoa: beste jokaleku posible baten aukera zirriborratzen ari da; eta ez soilik Gasteizen edo Araban. Zer gertatuko litzateke, Nafarroan bezala, Araban ere EAJ-EH Bildu-Elkarrekin/Podemos eta EB alderdiek bat egingo balute hainbat proiektu eta konpromiso estrategiko aurrera eramateko? Non geldituko litzateke PSE? Zer gertatuko litzateke Gasteizko Jaurlaritzan indar horiek guztiak Gasteizko Udal Gobernuan sartuko balira? Zer esango luke Iñigo Urkulluk? Eta Idoia Mendiak?

Aspaldi honetan Euskal Herrian aldaketa eta mugimendu interesgarrienak gure geografiaren periferian, lurralde hibridoetan, gertatzen ari dira; ez euskal esentziaren bihotzean; izan ere, erdiguneak gehiegi begiratu dio bere zilborrari. Horra hor Aldaketaren Gobernua Nafarroan, Euskal Elkargoaren sorrera Ipar Euskal Herrian. Araban erdibidean gelditu da aukera hori. Itxaron dezagun. Protagonisten eta herritarren esku ere badago aukera hori zapuztea edo gauzatzea. Bizkaian eta Gipuzkoan liskar giroak gaindiezina badirudi ere, ipar aldean, ekialdean eta hego aldean indar-harremanak beste modu batera gauzatzen ari dira. Trenbide-sarean orratz-aldaketa behar da, trena itxaropena izena duen geltokira irits dadin. Jokoan ez dago soilik Gasteiz edo Arabako gobernu-bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.