Amaiurko gertaerak aztertzeko kongresua antolatu zen 2022ko martxoaren azken larunbatean, Hernanin. Jardunaldiak oso formatu interesgarria izan zuen. Lehenengo hiru ponentziek gertaerak testuinguruan jarri eta gertatutakoa zientzia historikoaren ikuspegitik aztertu zuten. Ondoren, Amaiurrek gure herriaren oroimen historikoan duen garrantzia landu zen. Bai, orain bostehun urte gertatutakoak Euskal Herriaren oroimenean duen eraginak bizirik dirauela erakutsi zen. Azkenik, Amaiurrek gaur duen garrantzia eztabaidatu zen lau laguneko mahai-inguruan. Gainera, Habitat erakusketak, Amaiurren paisaia margolan baten presentziak eta kantaldiak goiz atsegina pasatzen lagundu zuten.
Zergatik Amaiurri buruzko jardunaldia Hernanin? Norbaitek zalantza baldin bazuen, argi geratu zen goiz osoan zehar nazio berberaz hitz egiten ari ginela; beraz, Hernanin Amaiurri buruz hitz egitea edo, Amaiurren, Donapaleun edo Tuteran Hernaniri buruz jardutean nazio euskalnafarraz aritzea baino gauza normalagorik ez dagoela esan daiteke. Normala ez ezik beharrezkoa ere badena.
Historiografia franko-espainiarren mito batzuk ere erori ziren bertan. Argi geratu baitzen, euskalnafarrek espainolekin zuten gerraren testuinguruan gertatu zirela borrokak. Etxauzeko jauna euskalduna zen eta Jaime Belaz Medranokoa eta bere semea, beste 150 lagunekin batera, bizia emateko prest ziren espainiarrak ez izateko. Gaztelua errenditu zutenean, batzuk Iruñera eraman zituzten preso eta inbasoreen esku hil ziren, edo zituzten, aste pare bat geroago, inork argibide zentzuzkorik eman gabe.
Amaiurko gaztelua 1522ko uztailaren 19an errenditu zuten Gaztela-Espainiarren aurrean eta, handik gutxira, irailaren 6an, Joan Sebastian Elkanok bukatu zuen bere mundu bira Espainiaren zerbitzuan. Artean, Karlos V.a Alemaniakoa eta I.a Espainiakoak agintzen zuen, Hondarribiko setioa eta menderatzea agindu zuen berberak. Nola liteke halako kontraesana? Zertan ari zen euskalnafar handiki jendea garai hartan?
Handiki batzuek, askok agian, Ameriketako urreaz eta mundu biran irekitako espezien bidean aberastea lehenetsi zuten. Aberaste horrek, ordea, tokiko miseria eta kapitalaren metatze hasiera ekarri zuen, baita Inperioarekin lotura ere, baina ez euskalnafar lurraldearen askatasuna. Gureak ez ziren gerretan nahasteak miseria, zatiketa eta «Nafarroa munduaren miresgarri» izateko aukeratik aldentzea ekarri zuen. Bi nazionalismo inperialen mende bizitzera kondenatu gintuzten.
Kongresuak, ordea, irauli bat eman zuen mahai-ingurukoei euskalnafar paradigmaz galdetu zitzaienean. Zeren eta historia, kongresu honetako kasua ez bada ere, irabazleek kontatu ohi dute, eta oraintsu arte, gutakoek kontatu dutenean ere, ofizialetik gutaz ari ziren zatitxoak lotuz osatua izan da. Paradigma berri batetik ekin behar diogu gure historiaren narrazioari.
Orain baino lehen, foralitatean eta eskubide historikoen aldarrian saiatu ziren euskalnafarrak bi karlistaldietan; horiek ukatu gabe, munduan sortzen ari zen naziotasunaren joerari lotu zitzaien XIX. mendean «Euskal Herria da euskaldunen aberri bakarra» aldarrikatzen hasi zirenean. Horiek, ordea, muin politikoa uzten zuten alde batera; hau da, Nafarroak batu gintuela euskaldunok erakundetze politiko bakar batean. Eta hori kontuan hartu gabe, nekez sor daiteke zentzu zuzena garatuko duen etorkizuneko alternatibarik.
Porrot epiko bat gogoratzen dugu Amaiurren, munduko beste hainbat herrik egiten duten moduan, katalanek Diadarekin edo juduek Holokaustoarekin, adibidez. Ezin dugu ahanztura hartu bidelagun: nondik gatozen jakin gabe nor garen definizio zuzena ematea ezinezkoa da, eta horiek gabe nekez asmatu daiteke etorkizuneko bide orria, ahanzturak, ezjakintasunak bezala, noraeza dakar. Ondorioa, argia izan zen: Euskalnafarren herriak behar duena da independentzia berriro ere.
Oroimenaz kongresu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu