Oroimenaren lubakietan

2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bere aitak idia eta gurdia hartuta munizioa Bilbora nola eraman zuen gogoratzen du Julianek; Juliok, berriz, erreketeak euren etxean nola sartu ziren kontatu zigun; Ferminek herri sarrerako zubia bonbardatu zutenekoa zuen gogoan; eta Eliasek oraindik entzuten ditu balak nola ziztu bizian pasatzen ziren euren buruen gainetik... Aramaioko kontakizunak dira, Gerra Zibilean jazoak. Memoria bizia dira, bizirik dirauten testigantzak malenkonia eta irribarre garratz batez kontatuak. Espainiako Gerra Zibilak berarekin ekarri zituen drama, triskantza eta aldrebestutako hainbat patu, eta istorio pertsonalen berri jakiteko aukera izan dugu azken egunotan Aramaioko Udalaren ekimenez. Hor ibili baikara joan den udan Murugaingo tontorrean lubaki batzuk industen (beste gauza batzuren artean), eta horren harira sartu gara bete-betean Gerra Zibilaren historian eta guretzat ere ustekabean garaikidetasunez jantzi zaigun arkeologia batean.

Urrun geratzen dela dirudi, baina historiaren eskala kronologiakoan guretzat hau guztia gertu dago, egoera hau sufritzea tokatu zitzaion jendea bizirik baitago oraindik. Ez nabil ezer berria esaten baina bizirik dagoen oroimen hori gorde egin behar da beranduegi izan baino lehen eta horretan dabiltza aspalditik hainbat lantalde: Intxorta 1937 taldea, Ahaztuak, Ahotsak.com, Aranzadi Zientzia Elkartea eta abar luze bat.

Ahaztuak eta bide izkinan lurperatuak izan ziren pertsonak duintasunez ari dira lokalizatzen (lan eskerga geratzen bada ere egiteko) eta merezimendu osoz euren meritu eta ohorea onartzen. Lan humanoa inongo zalantzarik gabe. Ondare inmaterial hori, hau da, oroimena eta duintasuna, berreskuratzera eta aldakarrikatzera datorrena.

Ondare materiala, ordea, gure mendietan dauden hainbat eta hainbat lubaki eta gotorlekuen eskutik dator, pinudien eta orbelaren ahazturan ezkutatua ari dira geratzen, paisaiaren parte, lurraren ebaki edo zauri moduan. Horregatik ikusten genuen beharrezkoa hauen inguruko dokumentazio lan bat egitea, arkeologiaren tresnez baliatuz berreskurapen lan bat martxan jarriz.

Horrela egin dugu topo bala zorroekin, janari pote eta milizianoen gai pertsonalekin... lubakietako bizimodura gerturatuz edo gerturatu nahiean behintzat. Elgetako Intxorta mendian hasiak dira horrelako lanekin, eta lan ildo interesgarria da benetan abian jarri dutena. Ibilbide ezberdinak, eta panelen bidez, jendeari historia zati bat bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez.

«Modan» dagoen gai bat dela ez dago zalantzarik, beti dago libururen bat, beti dago filmaren bat gerra zibila tratatzen duena, eta orain, azken urteetan, aldiz, arkeologia bat ere hasi da garatzen.

Esan dit jendeak ondo aterako den proiektua izango dela gure arkeologia egitasmoa, ongi saltzen den produktua omen dela Gerra Zibila. Eta barkatuko didazue, baina min ematen dit horrek belarrira entzuten dudan bakoitzean. Gerra Zibilaren oroimen berreskurapena moda-produktu-salgarri terminoekin azaltzeak barruan ezinegon moduko bat sortzen dit. Azken batean horrela dela esango dit baten batek, eta hotzean pentsatuta ez dabil oker. Gure historiaren kapitulu gordin honek sortu duen literatura eta produktu kulturalek zabalkunde eta onespen handia edukitzen baitute jendearengan. Inoiz ez nuen imajinatuko interneten aurkitu daitezken milaka orrialde, kolore guztietako blogak, argazki zaharrak, munizioarekiko eta gai militarrekiko dagoen fetitxismoa...

Dena dela ere, gai honen izaera «salgarria» gora behera, errealitate hau euren azalean bizi izan dutenen testigantzak gertutik ezagutu ostean, beste modu batean enpatizatzen hasi naiz gai honekin eta gure paisaian geratu diren lubaki eta gotortzeak gure iragan hurbilaren ondarea diren ideia ere sendotzen ari da nire arkeologo sen hauskorrean.

Gerra Zibilak lubakiak eta zangak irekiarazi zituen gure inguruko mendi magaletan, egun gure basoak sasiak edo orbelak estalitako lubakiz josita daude. Urradura berdinak ireki zituen bihotz- begietan. Saiatu gaitezen bederen oroimen historiko hori ez sasiak hartzen eta behinola lurperatuta geratu diren bizipenak duintasunez argitara ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.