Oraindik orain, Txillardegi, Krutwig eta Aginagaren ekarpen intelektualari buruzko jardunaldia izan da UEUren udako ikastaroen baitan. Fito Rodriguez idazleak gogora ekarri du irakurketak burmuina eta nortasuna osatzen duen garrantzia. Narrazio bat entzutean, edo irakurtzean, ametsen neurona berberak aktibatzen omen dira. Orainaldia gainditzen da, eta etorkizunera begira jartzen gaitu, artean ere existitzen ez den errealitate bati begira. Irakurketaren eta idazkuntzaren alderdi baikortzat har daiteke hori, Txillardegik berak literaturaren bidez landua.
Besterik da irakurketa doktrinatzeko baliatzen denean, kasu horretan burua kolonizatuz hasten da etorkizunari buruzko proiekzioa. Duela 1.200 urte, 824. urtean, baskoien artean ahozko narrazioek sortzen zituzten amets eta irudikapen horiek, komunitatean ahoz aho zebiltzanak. Kontra zuten frankoen leinu karolingioak zekarren indarkeria militarra, Akitaniako Gerran dastatu zutena (760-768). Ez zen, ordea, militarra bakarrik, sinbolikoa ere bazen. Indarkeria hori irudikapen berri batez zetorren hornitua, leinu karolingioa eta Erromarekiko haren aliantza iraunaraztera bideratua. Inperioaren erdigunean, Akisgranen, Alkuinok eskola bat sortu zuen, hainbat erreformaren ernamuin.
Eskola horren arabera, monjeek kronikak idazteari ekin zioten. Kronika horiek, idatzizko euskarria baliatuz, memoria kolektibo bat sortu eta finkatzeko ahalegina adierazten dute, hasieran oso era sinplean: «Karlos [Martel] gure jauna hil zen». Horien artean kokatzen da, adibidez, Vita Karoli Magni, besteak beste 778ko Errozabalgo Guduaren berri eman zuena. Diseinu karolingioak talka egiten zuen herrien iruditeriarekin eta sinkretismoarekin. Pipino errege karolingioa eta Karlomagno haren semea herrien kontra borrokatu ziren: frisiarrak, saxoiak, baskoi-akitaniarrak... barbaroak. Egungo hitzetara ekarrita: terroristak.
Baskoi eta akitaniarren kontra jo eta ke borrokatzen ziren bitartean, agintari franko karolingioak Bizantziar Inperioko greziarrekin diplomaziaz elkartu ziren goi-bilera batean Gentillyn, egungo Parisen, 767an. Bertan, ez zen txikia elkarrekin zerabilten eztabaida: irudi erlijiosoen erabilera, herritarrek erabili eta ikustea zilegi zuten iruditeria: santuak, erlikiak. Luze gabe, Karlomagno jada errege zela eta 778ko Orreagako (Errozabalgo) Gudutik urte gutxiren buruan, Beneditarren Ordenak Alkuinoren erreforma zabalduko zuen. Monasterioak Karlomagnoren espantsio politiko-administratiboaren beste atal bat baizik ez ziren. Galizian, Martin Tourskoaren irudira, Donejakueren omenezko monasterio bat eta erlikiak sortu eta deskubritu ziren: Santiago, Erdi Aroan espainiartasunaren irudi ezagunenetako bat bilakatua.
Alkuinok testuen erreforma ortografikoari ekin zion, hura argiagoa eginez: inork ez zuen aitzakiarik izango dogmari edo aginduei ezikusia egiteko edo horiek bere kabuz interpretatzeko. Monjeei latina irakatsiko zitzaien, eta ez herri hizkuntzaz, eta hizkuntza horretan idatzi eta irakurriko zuten («Jainkoarekin komunikatzeko bitartekoa»). Aldi berean, idazlanak ezin ziren edozein modutan irakurri, hasieratik bukaeraraino baizik, mamia ongi barneratzeko, eta ez zati soltetan. Beneditarren Ordena monasterioen sarea zabaltzen hasi zen VIII. mendearen hondarrean, haietako asko Bortuen inguruan eta Garonaz hegoaldera, orduko Baskonian.
Aldi berean, Karlomagnoren kolpe politiko gorena enperadore bihurtzea izan zen (800. urtean, «Jainkoaren graziaz»), Erromako apezpikuaren bedeinkazioz. Baskoiek, erromatartasunetik kanporatuak, bazuten zeren alde eta zeren kontra borrokatu. Ohitura zuten lege eta helduleku, arrotzen eskuetan jarritako monasterio beneditarren zabalkundearen eta oldar militaristaren aurrean. Bortuen inguruan zabaltzen ari ziren bi mugimendu uztartu horietan, Luis Karlomagnoren semea Iruñera heldu zen 812an «gauzak bere onera ekartzeko». Ume eta emakume baskoiak bahituz, haren espedizioa onik atera ahal izan zen Bortuak iparraldera zeharkatzean. 824an, berriz, azken Orreagako (edo Errozabalgo) Guduan, indar inbaditzaileak gogor hartuz, nafarrek (baskoi askeek) garaitu egin zituzten, baita Azeari eta Eblo buruzagiak atxilo hartu ere. Eneko Enekoitz buruzagi zutela, nafarrek erresuma burujabe bat sortu zuten, artean ere ahozko narrazioetan eta ohituran oinarritua. Egungo memoriaren prekaritatean, erregistratu eta zabaldu beharreko askatasun ekintza da, iraganetik etorkizunera.