Polizia frankistak hildako Josu Mujika Aiestaran euskal militantearen familiarekin erreportaje bat argitaratu zuen BERRIAk 2024ko uztailaren 30ean. Erreportaje horretan agertzen diren ideia batzuk oso lagungarri ditugu Euskal Herrian gaur egun pentsatu eta sentitzen dena ulertzeko orduan eta, hori dela eta, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, gertatu zena bere osotasunean ulertzeko, Euskal Herrian orduan gertatzen zena eta geroago gertatu zena zuzen baloratzeko eta gure herrian gorrotorik gabeko egiazko bakea izateko.
Lehenik eta behin, senideek ezin argiago adierazten dutenez, mutil hori tirokatu eta nahita hil zuten, bizirik atxilo zezaketen arren. Guztiz gaitzesteko modukoa da orduko polizia horien portaera eta, bakean eta giza eskubideetan oinarritutako gizarte bat nahi badugu, argi esan behar dugu hau, euskal gatazkan era batean zein bestean denek gaizki jokatu zutela jakin dezagun. Kontuz! Nik esandakoa inork ez dezan gaizki interpretatu, nire hitzetatik ez dela ETAren borroka armatuaren aldeko jarrerarik inolaz ere ondorioztatu behar argi eta garbi esan nahi dut. Denok dakigunez, ETAk oso fase ezberdinak izan ditu bere historian eta, mugimendu askatzailea izatetik, ekintza armatu zentzugabeak krudelkeria handiz egiten zituen mugimendua izatera pasatu zen. Hori dena, ordea, kontatzen ari garena baino askoz geroago gertatu zen. Josu Mujika hil zuten garaian, 1975ean, Euskal Herriaren eta pertsona guztien eskubideak zapaltzen zituen diktadura anker baten azpian bizi ginen eta, bortizkeria armatua erabiltzeak betiere sor ditzakeen zalantzak gorabehera, testuinguru horretan kokatu behar dugu Euskal Herriko gazte batzuen armak hartzeko erabakia. Historiak ematen digun ezagutzarekin, erabaki onena hartu al zuten? Gaurko ikuspegiaren arabera, seguru asko ezezko erantzuna emango genioke galdera horri, baina, berriz diot: gaurko egoeraz hitz egiten ari gara eta oso zaila da 1975ean gertatu zena eta orduan Euskal Herriko jende askok pentsatzen zuena gaurko analisien arabera epaitzea.
Bigarrenik, eta erreportajean ezin ederkiago adierazten denez, Legazpiko eta Euskal Herri guztiko giroa pil-pilean zegoen orduan. Frankismoaren amaiera zen eta jendea, orduko gazteria batez ere, Euskal Herriaren alde borroka egiteko irrikitan zegoen. Bakoitzak bere bidea hartu zuen eta borroka desberdinak egin ziren. Berriro diot: horrekin ez dut Josu Mujikaren eta militante armatuen bidea onena izan zenik inolaz ere esan nahi. Badakit, ondo jakin ere, armak hartu ez zituzten borrokalari antifrankista zintzoak izan zirela arlo guztietan: euskalgintzan, kulturgintzan, elizaren sektore aurrerakoietan, langile mugimenduan..., baina horrek ez du aurretik esandakoa kentzen, hots, mundu berri bat amesten zuten orduko gazte batzuek hartu zituztela armak, geroagoko euskal gizarteak eta gutako askok bide hori une batetik aurrera arbuiatu genuen arren.
Hirugarrenik, eta gaur nagusi den ikuspegiaren arabera oso zaila den arren, beste hausnarketa bat egin nahi dut. Nola uztartu garai hartako gazte idealista batzuek hartu zuten armen bidea eta geroagoko euskal gizartean, une batetik aurrera batez ere, nagusi izan ziren bake-nahia eta borroketan indarkeriarik-eza erabiltzeko gogoa? Kontzientzia-eragozpena, intsumisioa eta Elkarri mugimenduaren sorrera izan ziren, nire ustez, indarkeriarik-ezean oinarritutako fase berri horren mugarriak. Horrek guztiak niri galdera bat planteatzen dit: metodo baketsuak erabiltzearen aldeko gaurko gizartearen jarrera irmoa kontuan hartuta, orduko militante armatuak, gazte ameslari horiek, nola gogoratu behar ditugu? Nik neuk ere ezin diot galdera horri erantzunik eman, oraindik ez baitut barne korapilo hori askatu. Metodo baketsuei erabateko babesa, baina zer gertatzen da orduko gazte ameslari horiekin?