Azken urtean lau aldiz bildu gara Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko goiarduradunekin: Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearekin, Eugenio Jimenez Ikastetxeetako eta Planifikazioko zuzendariarekin eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde ordezkariarekin. Azkena, pasa den otsailaren 15ean. Bilera horietan, Ordiziako herrian, eskolen artean, ikasle familien jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriaren inguruko datu zehatzak eman dizkiogu sailari. Egoera hori elkarbizitzan, aniztasunaren trataeran, inklusioan eta euskalduntzean sortzen ari den arazo larrien inguruan jakinaren gainean jarri ditugu. Egoerari irtenbidea emateko beraiek dutela giltza nagusia, planifikazioan eraginez, esan diegu. Eta, onartu duten arren, erantzun zehatzik jaso ez dugun heinean, desoreka bideratzeko neurri zehatzak ere proposatu dizkiegu.
Lau urte baino gehiago dira jada Eusko Jaurlaritzak aurrez larria zen desoreka nabarmen areagotu zuten matrikulazio irregulartasunak onartu zituela Jakintza ikastolan. Ez soilik irregulartasunak onartu, planifikatu gabeko gela esleitu ere bai.
Arartekoak 2019ko azaroaren 6an Ordiziako desorekari buruz ebazpena argitaratu zuen, eta Hezkuntza Sailari Ordizian onartutako plangintza-neurrien inpaktua ebaluatzea eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagun zezaketen neurri zuzentzaileak hartzea eskatu zion. Hiru urte pasatu diren arren, 2022ko martxoaren 29an Arartekoak argitaratutako urteko txostenean, hirugarren urtez jarraian, Ordizia eta eskola-segregazioa azaltzen dira bereziki kezkatzen dituen gaien artean. Herritarron defendatzailearen esanetan, Jaurlaritzak ez du plangintza-erabakien ebaluaziorik egin, eta ez du hartu ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagundu dezakeen neurri zuzentzailerik. Hau dela eta, Arartekoak Hezkuntza Sailarekiko bere desadostasuna azaldu du. Izan ere, bere ustez, gaur egungo araudiaren barruan bestelako neurriak hartuz posible izango bailitzateke behin eta berriro azalduriko egoera gainditzea. Baina administrazioaren jarduera eta esku-hartze ezak egoera larriagotu besterik ez du egin.
Ordiziak %19ko migrazio tasa du, Euskal Herriko altuenetarikoa. Haur hezkuntza eta derrigorrezko eskolatze adinean daudenen ikasleen familien herenak atzerrian du jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi Eskola Publikoan daude matrikulatuak. Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiak baino gutxiagok ikasten dute Eskola Publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta, azken urteetan, Hezkuntza Sailak hartu dituen hainbat erabakirengatik eta hartu ez dituen beste hainbaten ondorioz, desoreka areagotu besterik ez da egin.
Datuen eta berdintasun irizpideen aurka, Hezkuntza Sailak, behin eta berriz, jatorria atzerrian duten familietako ikasleen bestelako banaketa batean jarri izan du Ordiziako eskolen artean ematen den desorekaren arrazoi nagusia, eta, ondorioz, irtenbidea. Modu berezian, behin ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak Jakintza ikastolara bideratzean, orain baino proportzio handiagoan, behintzat.
Lehenik eta behin, esan beharrean gaude gure ustez desorekaren arrazoia ezin daitekeela jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan edota egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan jarri. Are gehiago, proportzioan gehiago diren heinean, Ordizian edo Euskal herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiago du desorekan eta, ondorioz, orekan. Beraz, orekatze neurriak hori guztia kontuan izan beharko luke.
Bestalde, irtenbidea jatorria atzerrian duten familietako ikasleetan zentratzeko proposamen horrek Eskola Publikoak berezkoenetarikoa duen funtzioa mugatzen du. Hau da, herritar orori hezkuntza publiko eta unibertsala jasotzeko duen eskubidea eskaintzekoa eta edozein herritarrek hezkuntza publikoa aukeratzeko duen eskubidea, edozein izanda ere bere jatorria, pentsaera, sinesmena, generoa, sexu orientazioa, gaitasun fisiko-psikikoa edo egoera sozioekonomikoa.
Gainera, neurria diskriminatzailea dela deritzogu, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleei ezartzen zaielako, eta ez gainerakoei. Hau gutxi balitz, aukera honek matrikulazioa eta, ondorioz, ikasgelak eta ikaslerroak eskola publikotik itunduriko eskola pribatura bideratuko lituzke.
Eta, azkenik, apenas izango lukeen eraginik desorekan. Izan ere, urtero, ikasle guztiekiko proportzioan, oso ikasle gutxi baitira ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen direnak. Beraz, Jaurlaritzak eta eragile batzuek aditzera eman izan duten bezala, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleekin egingo balitz ere, aurrez adierazi moduan neurria diskriminatzailea izateaz gain, eragina oso mugatua litzake.
Aldiz, eskola publikoa ardatz hartu eta lehenetsiz planifikazioan eragingo balitz, Jakintza ikastolako gela eta lerro kopurua mugatuko balira eta ikasle guztien banaketa orekatua egingo balitz —ez soilik jatorri atzerritarra duten edo egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten familietako ikasleena—, desorekak modu oso nabarmenean murriztuko lirateke.
Jakinik ere ziurrenik honelako erabakiek egungo araudiaren moldaketa eskatuko luketela, Ordiziako egoera larria bideratzen hasteko baliagarri gerta daitekeelakoan gaude. Baliagarri gerta liteke, horrela ikusiko balute behintzat, antzeko egoera pairatzen duten beste herri eta auzoetarako ere.
Hezkuntza Saila jakitun da Ordizian eta beste hainbat herri eta auzoetan bizi dugun egoera larriaz, ezagutzen ditu gure proposamenak. Eskaera argia da: har ditzala desoreka konpondu eta elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea modu egokian jorratu ahal izateko erabakiak.
Ordiziako eskola publikoko gurasoek, Bildarratz jaunari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu