«Ordain dezaket; beraz, nahi dut»

Ianire De la Calva Ibarrondo
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Pertsona ospetsu askok haurdunaldi subrogatura jo dute azkenaldian, eta gora doa praktika hori. Hori zergatik gertatzen ari den: horra zer aztertu nahi dugun artikulu honetan.

Zer dagoen haurdunaldi subrogatuaren atzean

Haurdunaldi subrogatua testuinguru jakin batean gertatzen da, eta ezin da testuinguru horretatik bereizi. Gaur egun, mundu heteropatriarkal eta kapitalista batean bizi gara, eta emakumeen gorputza eta sexualitatea kontrolatu egiten dira, argi eta garbi. Ezinbestekoa da testuinguru hori aztertzea, auzitan jartzea eta salatzea.

Alde batetik, badakigu oraingo egoera sozioekonomikoaren ezaugarriak ezin uztartu direla biziarekin; lan merkatuaren prekarizazio gero eta handiagoak, zaintzen krisiak eta pobreziaren feminizazio gero eta larriagoak berekin ekarri dute indarkeria (besteak beste) ekonomiko bat nagusitzea, eta hortxe du haurdunaldi subrogatuak egokiera ezin hobea.

Gaur egungo egoerak izugarri zailtzen du ama izatea; hain zuzen, nagusiki horregatik atzeratzen da seme-alabak izaten diren/izan daitezkeen adina. Horrekin batean, badago mandatu sozial bat: jaio-ugaldu-hil (antzu izatea, oraindik ere, estigma sozial izugarria da). Bi faktore horiek, azkenean, gurari naturalizatu eta ulergarri batzuei erantzutera behartu dute.

Desberdintasunean bermatzen den testuinguru neoliberal honetan, sistemak betiko konponbide magikoa proposatu du: zenbait pribilegiaturen gurariak erostea, prekaritatearen ondorioz eta bizirik iraun ahal izateko merkatuari zernahi saltzeko prest dagoenaren bizkar, kontuan hartu ere egin gabe osasun fisikoa eta/edo emozionala arriskuan jartzen den. Eta, halaxe, merkatu transnazional berri bat bihurtu da haurdunaldi subrogatua, Gloria Fortunek «ugal-zapalkuntza» deitzen duen horretan oinarrituriko merkatu bat.

Ordain dezaket; beraz, nahi dut

Hiru mota bereiz ditzakegu haurdunaldi subrogatuari dagokionez: altruista, altruista konpentsazioduna eta salmenta edo lan tankerakoa. Praktika horretara jo eta artikulu honetan aipatuko ditugun pertsona ospetsu guztiek hirugarren motakoa erabiltzen dute, eta ez da kasualitatea.

Pertsona ospetsu horiek badute ezaugarri bat elkarrekin: ahalmen ekonomikoa. Ahalmen hori estu lotua dago haurdunaldi subrogatuaren hitzarmenetan ezartzen diren kontratu baldintzekin eta, beraz, halakoetan izaten diren klasula abusuzkoekin.

Ospetsu horiek denek salmenta edo lan tankerako haurdunaldi subrogatura jo dute, harexek ematen baitizkie bermerik handienak guraso izan nahi dutenei (emakume haurdunen bermeen bizkar, jakina). Haiek aita edo ama izateko duten nahiari (ezen ez eskubideari) erantzuteko konponbide merkantilizatua da. Halako erregulazioak ez dio ez bermerik eta ez babesik ematen alderik ahulenari, hau da, emakume haurdunari (eta jaioko den haurrari), guztiz alderantziz baizik.

Eredu horretan, eskaera egin duten gurasoek erabakitzen dute hormonei, tratamenduei, abortuei, amniozentesiari eta abarri buruz (horretarako pagatzen dute eta), eta hori ezin onartuzkoa da. Ez al zen oinarrizko eskubide bat gure gorputzez erabakitzea? Zenbat kostatu zaigu feministoi hala izatea?

Beraz, eskaera norabide bakarrekoa denez, pribilegio egoeran daudenek aukeratu dezakete haurdunaldi subrogatura jotzea, eta hortxe sartzen da jende ospetsua. Besteak beste:

Kiko Hernandez, haurdunadi subrogatuaren bidez aita izana, Kalifornian. Telebistan bertan, baieztatu zuen etxeko langile bat kontrataturik zeukala bere alabei kontu egiteko... 24 orduz. Horretan lanean dabiltzan emakume askok urrun bai urrun dituzte seme-alabak, baina inork ez du hitz egiten familia tradizionalaz besteko amatasun ereduez.

Cristiano Ronaldok 200.000 euro ordaindu berri ditu AEBetan haurdunaldi subrogatu batez bigarren aldiz aita izateko. Antzera jokatu dute Jeniffer Anistonek, Nicole Kidmanek, Ricky Martinek, Luciana Salazarrek, Miguel Bosek eta beste hainbatek. Berdin dio zenbat urte dituzten, antzu direlako egiten duten eta «beti bezain lirain segitzeko»: aski dute ordaindu ahal izatea.

Mintzatzen direnean, den-denek esperientziaren mundua aipatzen dute, eta alderdi emozionala azpimarratu, gai garrantzizkoena hori balitz bezala, eta eragin politikoari ez ikusi eginez. Emozioei, nahiari eta zorionari («emozioen mistikari») buruzko kontakizun pertsonal bat egiteak lausotu egiten du eztabaidaren muina, eta ikusezin bihurtu emakume haurduna; gainera, arduragabekeria galanta da.

Ama haurdun horietaz guztiez, txintxik ere ez. Badirudi ez daudela hor, ikusezinak direla. Non daude haien esanak? Zoritxarrez, ez dugu aditzen haien ahotsa, ez dago bere testigantza ematen duen emakume haurdunik, ezta haurdunen elkarterik ere; halaxe gertatzen da, bai, dirudienez ez baitago haiei aditzeko interesik, edo, seguruenik, ez baitago prozesu hori libreki egin nahi duen hainbeste emakume. Protagonistetako baten ahotsik gabeko eztabaida ez da eztabaida bat.

Azkenik, familia nuklearretik aparteko amatasun eta familia ereduei buruz eztabaidatzen ez denez, haurdunaldi subrogatuari buruzko eztabaida ez da ari beste bide batzuk zabaltzen, baizik eta eredu heteronormatibo eta merkantilizatu bat iraunarazten ari da, nahiz hura gero eta nekezago uztartzen den biziarekin.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.