Orain inoiz baino gehiago

Luix Barinagarrementeria Iñigo Jauregibarria
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Kutxaren bezeroen elkartea den Banatuz-en Kutxaren Batzar Nagusian gugan konfiantza ipini zutenak ordezkatzeko urratsa egin genuenetik, argi izan dugu gure helburu nagusietako bat Gizarte Ekintza eta bezeroak, bereziki premia gehien dutenak defendatzea zela.

Hamaika proposamen egin ditugu, baina zoritxarrez ez dugu zorte handirik izan. Ez Kutxako Zuzendaritzak ezta beste Kontseilariek ere ez dute gure proposamenekin bat egin nahi izan oso sarritan, eta ez dugu lortu nahi genuen guztia.

Hala ere, lorpen garrantzitsu batzuk izan ditugula aitortu behar dugu, hala nola komisio berriak ordaintzearen kontrako neurria atzera botatzea eragin zuen kanpaina, sinadura-bilketa eta guzti. Edo denboran gertuago dagoen beste ekimen bat, 5 milioi eurorekin hornitutako eta oraindik ere bertako zati handi bat behar duenarentzat Kutxa Zeharo bitartez eskuragarri dagoen Krisiaren kontrako Fondoaren sorrera. Inork ez dezala ahatz premia larrienetarako 3.000 eurorainoko laguntza eskatzeko aukera hori hor dagoela, behar duenarentzat.

Azken hilabeteotan lagun eta familia askori krisi honen ondorioak sufritzea eragiten diharduen beste arazo larri bat etxebizitzarena da. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, bakarrik 2011ko lehenengo sei hilabeteotan Hego Euskal Herrian 989 familia etxe barik gelditu dira, baina krisia hasi zenetik etxea galdu duten familiak 7.034 dira, horietatik 218 Gipuzkoan.

Hipoteka-maileguak ordaintzerik ez izateak, familia horiek etxea galtzeko egoerari aurre egiteko trantzera bultzatzeaz ez ezik, bizi arteko finantza zigorra betetzera ere eramaten dihardu. Banku-entitateak demanda aurkezten du, eta horrela higiezinaren enkantearekin amaitzen den hipoteka-exekuzioa hasten da. Enkantea hutsik geratuz gero —gaur egun daukagun krisiaren testuinguruan hala izaten da kasuen%90ean baino gehiagotan—, indarrean dagoen legeari jarraituta, banku-entitateak etxebizitza berarentzat hartzen du balioztatze-prezioaren %60a ordainduta, baina hala ere ordaintzeke geratzen den zorraren ordainketa eskatzen jarraitzen du, kaudimen-gabezian daudenei zorra ordaintzeko eskatzeaz gain interesak eta epaiketa-kostuak ordaintzeko ere eskatzen die, horretarako nominak, kontuak eta bestelakoak bahituta, abal-emaileei euren ondasunekin egiten dieten bezala. Hau da, etxea galtzeaz gain, milaka familiak gizarte-bazterketara eta ezkutuko ekonomiara eramango dituen bizi arteko finantza-zigorrari aurre egin beharrean ikusten dute beren burua.

Finantza-entitateek etxebizitzak balioztatze-prezioaren %60an bereganatzea ahalbidetzen duen lege hau ohi kanpokoa eta inguruko herrialdeetako legeetan parekorik ez izateaz gain, hipoteka-kontratuak sinatu zituztenean familientzat ezezaguna zen. Horri hipoteka horietako gehienak merkaturatzean erabili zen publizitate engainagarria, balioztatzeetan izandako gain-balorazioa eta kasu askotan orain azalerazten diharduten era guztietako gehiegizko klausulak ezkutatzen zituzten kontratuetan erabilitako hizkuntza ulergaitza gehitu behar diogu.

Banatuz-en onartezina eta erabat bidegabeko deritzogu krisiaren ondorio guztiak hipoteka-kontratuko alderik ahulenaren gainera jaustea, maila handi batean krisiaren arduradunak diren finantza entitateek zergetatik irteten diren milioi eta milioietako diru-laguntzak jasotzen dituzten bitartean, inolako ardurarik euren gain hartzeko premia izan barik eta, gainera, urtero milaka milioiren etekinak sortzen jarraitzen dutenean.

Horregatik, horren aurrean zerbait egin beharra dagoela uste dugu; ezin dugu beste alde batera begiratu eta halako batean dagokien erakundeetan neurri egokiak noiz hartuko zain egon. Hori gertatu bitartean beste neurri batzuk har daitezkeela ezagutzera eman nahi dugu, eta, horregatik, Kutxa eta Kutxabanki denon artean gainkarga hau amaitzeko eta, bide batez, puntualki agertzen joango diren gaiei bidaltzeetara ailegatu barik irteera emateko proposamena egin diegu.

Alde guztiei eragiten dieten lau puntu, zeinetan Gipuzkoako familien arazo zehatzak konpontzeko zeinetan ordezko irtenbideak bilatzeko orduan Kutxak betebeharreko garrantzitsua izango duen. Honako hauek dira proposatutako puntuak:

1.- Gobernu zentralari, Hipotekak eragindakoen Plataformak zein gizarteko beste erakunde batzuek proposatzen dihardutenari jarraituta, ordainean ematea barnean hartzen duen hipotekaren erregulazioa aldatzea onar dezala eskatzea, horrela, etxebizitza ohiko bizilekua den kasuetan bankuak hipoteka exekutatu eta etxea berarentzat hartuko balu, zorra oso-osorik (nagusia, gehi interesak eta epaitegi-gastuak) kitatuta gera dadin, beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan.

2.- Luzamendu baten onarpena adostea, eta, horrez gain, etxetik kanpora botatzearen ondorioz bat-batean eta nahi barik ailegatutako kaudimenik eza dutenen artean finantza-zigor eta gizarte-bazterketa moduko egoera doilorrak saihestu daitezen beharrezkoak diren neurriak inplementatzeko.

3.- Lan-taldea eratzea, kasuan kasuko egoera aztertu eta arazoak eragindako familiekin elkarlanean arazoari irtenbide egokiak bilatzeko asmoz.

4.- Dagokien instantzia ofizialei zein Hipotekak eragindakoen Plataformari eta arazo larri honi konponbidea emateko interesa duten gizarte taldeei akordio horien berri ematea.

Orain da Kutxaren Gizarte Ekintzaren alde positiboa erakusteko unea. Laster finantza operatiboaren kudeaketa Kutxabanken eskuetan egongo da, eta euskal kutxen bankuak egoerari modu positiboan heltzen jakin behar du. Lerro hauek baliatu nahi ditugu ekimen hau bere gain hartu eta beste bidaltze bat gehiago gertatzea ekidin dezala eskatzeko.

Hau ere Kutxaren Gizarte Ekintzaren funtzioaren zati bat bada; ez bakarra, baina, gainera etorri zaigunarekin, krisi honekin eta horrenbeste lagun eta familientzat izaten diharduen ondorioak zeinen larriak diren ikusita, orain inoiz baino gehiago Gizarte Ekintza are gehiago aktibatzeko ordua da.

Banatuz osatzen dugunok horretan ekin eta ekin jarraituko dugu, eta Euskal Herrira ailegatzen diharduten haize berriek, gizarteak berak bultzatutako horrenbeste instituziotan gertatzen ari diren aldaketak finantza entitateen organoetaraino ailegatzea espero dugu, tartean Kutxaraino, eta gizartearen eta herri honen zerbitzura ipin ditzagula, espekulazio eta soldata altuen zerbitzura ipini beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.