Euskadiko etorkizuneko LHren Legearen testua lantzen hainbat hilabetez lan egin ondoren, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko ordua da. Nahiz eta LHko ikastetxeak LHren IV. Euskal Planean jasotako ekimenak eta ideiak gauzatzen ari garen, funtsezkoa da esparru argi, garrantzitsu eta irmo bat izatea, ekintza horiek bermatuko dituena, baina, batez ere, lege-estaldura emango diena eta etorriko diren ekintzentzat baliozko jokaleku bat markatuko duena.
LHren IV. Euskal Planaren gidalerroek handinahi handiko erronkak aurkezten dituztela kontuan hartuta, beharrezkoa da Lege testua ere handinahi handikoa izatea. Gainjarriz joan diren ondoz ondoko zirriborroek (eragile askoren ekarpenekin) adierazten dute norabide horretatik doala. Artikuluz osaturiko beharrezko barne-egituraz gain, LHren Lege honek asmo handiko helburuak ditu, eta datozen urteetan pertsona eta erakundeen eskakizunei erantzungo diela uste dugu.
Euskadiko LHk seriotasuna, zintzotasuna eta eraginkortasuna erakutsi du bere bizi-ibilbidean zehar emandako urratsetan, duela 100 urte baino gehiagotik. Ilusioz aurrera begiratzeko garaia da. Horregatik, funtsezkoa da LHren lege honek guztion laguntzarekin aurrera egitea: administrazioaren, enpresa-erakundeen, erakunde sindikalen, LHko ikastetxeen, alderdi politikoen eta abarren laguntzarekin. Ez du balio erdizka ibiltzeak. Orain da garaia. Testuak alderdi berriei, berritzaileei eta ausartei egiten die erreferentzia, besteak beste, ikerkuntzari, ekintzailetzari, ETEei aplikaturiko berrikuntzari eta espezializazioari. Horri esker, Lanbide Heziketa funtsezkoa izango da Euskadiren gizarte eta ekonomia hazkunderako.
Helburua ez da ongi idatzita dagoen artikulu multzo bat aurkeztea, baizik egitura handinahitsua, sortzailea eta irudikorra duen artikulu multzoa sortzea, gure Lanbide Heziketako sistema urte askotarako baliagarria izan dadin.
Euskadik, halako edo bestelako arrazoiak direla medio, inoiz ez du LHren Legerik izan, eta bada garaia gabezia hori zuzentzeko. Prestatzen ari diren Legea, zalantzarik gabe, erreferentzia izango da Estatuan, baita Europako beste eskualde batzuetan ere. Arduragabetasun handia izango litzateke ez aprobetxatzea, gure gizartearentzat egundoko aukera izan baitaiteke ikuspegi berritzailea eta zirraragarria duen LHren Lege bat martxan jartzea. Horrek, jakina, ez du esan nahi jatorrizko ideia erabat gure egiten dugunik, baina iruditzen zaigu beharrezkoa dela anbizio handiko ikuspegiarekin jardutea, trenari nahiz trenbideari zuzendutako hobekuntza-proposamenak eginez. Baina, horrek ez du esan nahi trena galgatu edo gelditu behar denik.
Espero dugu planifikaturiko epeak betetzea, ekarpen eraikitzaileak gailentzea, LHtik kanpoko interesak alde batera uztea eta, datozen hilabeteetan, legebiltzarreko debatearen ostean, onartzeko prest egotea. Ondoren —nahiz eta dagoeneko horietako batzuk gauzatzen ari diren—, legea garatu beharko da agindu eta dekretuen bitartez. Horiek Euskadiko Lanbide Heziketa berriaren forma, egitura eta ekimenak bistaratuko dituzte, erreferentzia den LHa, denok harrotasunez beteko gaituena.
Orain da LH legearen garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu