Orain, Catalunya Banc

2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Kutxabankek Catalunya Banc-en gainean azaldutako interesa berretsi egin da. BBKren, Kutxaren eta Vitalaren fusiotik sortutako erakundeak eskaintza egin du Catalunyako, Tarragonako eta Manresako kutxak integratu zituena erosteko. Kataluniako banku honen jabea Banku Berregituraketa Ordenatuko Funtsa da (BBOF = FROB) %89,74an. Hala ere, salmenta %100ean kudeatzen du, gainerako akzioak aipatutako Kataluniako kutxenak direlako eta horiek aurretiaz onetsi dutelako enkantean suertatuko den prezioa.

Kutxabankekin batera, BBVAk, BSCHk, Banco Sabadell-ek, Banco Popular-ek eta JC Flowers funtsak ere eskaintza ez-loteslea aurkeztu dute Catalunya Banc erosteko.

Catalunya Banc erosiko balu, Kutxabankek bere tamaina bikoiztuko luke, 150.000 milioi euro inguruko aktibodun talde finantzarioa eratuz eta Katalunian presentzia handia lortuz. Baina egoera horren aurrean galdetu beharko litzateke hedapen berri batek gure panorama ekonomikoa hobetuko lukeen ala, aldiz, arriskuan jarriko al lukeen Kutxabank, EAEko eta Kordobako bankua, estatuaren esku hartzera eta pribatizazio osora bultzatuz.

Badirudi CajaSur-ek ez zuela asetu alderdi jeltzaleak jet bankari-oligarkan sartzeko daukan grina. Erosketa honek Kutxabanken berankortasun-tasa %8,3an ezarri du 2012ko lehenengo hiruhilekoan (%4,7a CajaSur baztertuz gero), oraindik liseritu gabeko betekada latza, beraz. Eta, hala ere, EAJ-PPk eratutako administrazio kontseiluak abentura berri batean ontziratu nahigaitu.

Kezkatzeko modukoa da, baita ere, Kutxabanken barruan bi sindikatuk eta taldeko auditoretzak argitaratutako informazioa. Horren arabera, Kutxako zuzendaritzak 202 milioi euro egotzi zizkion ondareari 2011 ekitaldiaren itxieran, ekitaldiari egotzi beharrean. Horrek esan nahi du Kutxak 192 milioi euroko galerak izan zituela, eta ez aditzera eman zituzten 10 milioiko etekinak. Kutxaren politika ekonomikoa, izan ere, negargarria izan da, higiezinen sektoreko 59 enpresatan parte hartuta (37tan kapitalaren erdia baino gehiagorekin) eta azken urteotan era beldurgarri eta arduragabean hedatuta.

Zuhurragoak eta askoz burutsuagoak izan beharko genuke Catalunya Banc erosteak ekar dezakeenaren aurrean. Banku horrek 1.335,2 milioi euro galdu zituen 2011n, Gobernuaren 2/2012 Dekretuaren eskakizunak betetzeko doikuntza gehigarriak egin ondoren.

Eta Euskaltelek Orangeren aurkako epaiketan jasotako zigorraren ondorioz Kutxabankek hornitu beharreko 90 milioi euroek edo Epsilonen 6 milioiko kita bezalako txikikeriek balantzean duten eragina kontuan hartuz gero, adostu genezake etorkizunak ez digula dirua xahutzea aholkatzen.

Erosketa eragiketa horiek, berez, goi-exekutibo batzuen egoa, estatusa eta ordainsariak handitzeko bakarrik balio dute, baina oraindik ere geratzen da beste argudio ekonomikorik horrelakoetan ez sartzeko: banka-sektore osoa sigla gutxi batzuetara murrizteak ez du beti errentagarritasuna handitzen, eta bai arriskuak. Hori berresteko Bankiaren adibidea aipatuko dut.

Ea ba: Aktibo toxikoak ez dira desagertzen erakunde handiagoetan sartzeagatik, Banco Financiero de Ahorro-n, esaterako (BFA zazpi aurrezki kutxen fusioaren ondorioz sortu zen, Caja Madriden eta Bancajaren lidergopean). Kudeaketa txarraren ondorioz lehendik ere larri zebiltzan erakunde horien gehiegizko elkartzeak ez die mesederik egin, eta estatuari eskatu behar izan diote 2010ean FROB 1-etik jaso zituzten 4.465 milioiak (diru publikoa, beraz) kapital bihurtzea; hau da, autolikidazioa edo, garbiago esateko, jatorrizko aurrezki kutxek negozioaren kontrola osorik eta behin betiko galtzea, derrigorrean fundazio bihurtu behar izatea eta Gizarte Ekintza desagertzea baliabideen eratorritako eskasia dela eta. Hiru urteren buruan Bankia enkantean saltzen denean pribatizazioa burutuko da eta zergadunen poltsikoak hutsago geratuko dira.

Kutxabanken oraingo zuzendaritzaren lehentasunak beste batzuk izan beharko lirateke: bankua sendotzea euskal finantza-sistemaren oinarrizko zutabe den heinean, «fusio hotz» deitu zuten hartan arreta jarriaz; Euskal Herriko produkzio-sarea sustatzea, bertan sortutako errekurtso ekonomikoak xahutu gabe; kudeaketa hobetuz erakundearen kaudimena erabat bermatzea; aginte-organuak aukera politiko guztiei irekitzea, demokraziaren eta gizartearenganako begirunearen mesedetan; eta, aurrekoarekin lotuta, kontrol publikoari ihesik ez egitea «profesionaltasun» irizpideen aitzakiarekin.

Premisa horiek bete ezean, eta behin Gasteizko Legebiltzarrean Kutxen Legea eraldatu ondoren, ez dut ikusten, ahal izanda ere, administrazio-kontseilu berrian sartzeko beharra ezta komenentzia ere. Legeak behartuta edota EAJ-PPren arduragabekeriaren ondorioz BFA-Bankiak bezala bukatuko bagenu, haien ondoan agertzea ez litzateke erraz ulertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.