Azken urteotan, hiriguneetan bizi den biztanleriaren hazkundea esponentziala izan da. Eta joera horrek gorantz jarraitzen du; izan ere, 2050ean, munduko biztanleriaren bi heren hirietan biziko da. Hiri-ingurune horietan, aldaketa sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta ingurumenekoak nabarmenagoak dira, baita horiei lotutako tentsioak eta gatazkak ere. Horregatik, hiri psikologiako zenbait azterlanen arabera, gure hiriak hobetzeak garrantzi handia du hiri horietan bizi diren pertsonen ongizate orokorra eta emozionala hobetzeko.
Bilbao Metropoli 30 erakundeak txosten bat egin du gure metropolian herritarren arabera pertsonen ongizate emozionalean eragin positiboa sortzen duten lekuak identifikatzeko, eta, ondoren, espazio horiek zer elementu komun dituzten aztertzeko eta hiri-plangintzaren parte gisa ongizate emozionala eta osasun mentala txertatzen lagunduko duten gomendioak egiteko.
Azterlana Bilborako eta bere metropoli-eremurako proiektu eraldatzaileak diseinatzera bideratutako hausnarketa-prozesu batetik abiatzen da, eta Bilbao Metropoli 30en misio nagusietako bat da.
2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta, 11. GJHaren (Hiri eta Komunitate Jasangarriak) eta 3. GJHaren (Osasuna eta Ongizatea) bidez, azpiegiturek eta hiri-garapenak herritarren ongizate emozionalean duten eragina ebaluatzen saiatu gara, hiri-habitata hobetzea ahalbidetuko duten jarduketa-ildo estrategikoak definitu ahal izateko.
Ikerketa-lan horren bidez, honako hauek lortu nahi ditugu:
- Hiriko bizitza emozionalean sakontzea, bertan bizi diren pertsonen esperientzia ezagutuz.
- Pertsonen ongizateari eta bizi-kalitateari ekarpen positiboa egiten dioten eta/edo adimen emozionala garatzen lagun dezaketen lekuak identifikatzea eta deskribatzea (bake-lekuak, nork bere burua ezagutzeko lekuak, enpatia, konexioa, sendabidea, motibazioa, konfiantza, segurtasuna, identitatea...).
Ekimen hau, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Bultzatu 2050 Hiri Agendaren lehentasun estrategikoetako baten barruan kokatzen da, zeinak «hiri osasungarriak sustatzeko beharra ezartzen baitu, aldaketa demografikoko testuinguru batean herritarren segurtasun, ongizate sozial eta pertsonaleko beharrei erantzungo dietenak».
Era berean, garrantzi berezia du Bilbao Metropoli 30 (2022-2023) erakundeak nazioarteko ekimen estrategiko gisa bultzatutako Urban Revolution Aurrera! manifestuaren proposamenak, zeinaren ardatz batzuek honako hauek jasotzen baitituzte: «Gure hirietako bizi-kalitatea, zerbitzuak eta ikuspegi estetikoa lantzea, arrakasta ekonomikorako aldez aurreko baldintza gisa», eta Staying Human ardatza, zeinak, besteak beste, honako lehentasun hau jasotzen baitu: «topofilia sortzea», hau da, afektuzko lotura, maitasuna, harrotasuna eta bizi den hiriko kide izatearen sentimendua.
Esparru horretan, eta azterlan honen helburuei erantzuteko, metodologia misto bat ezarri da, informazio erabilgarria biltzea ahalbidetu duena, bai pertsonen ongizate emozionalean eragin positiboa duten lekuak identifikatzeko, bai zenbait gomendio proposatzeko, espazio horietako elementu komunak oinarri hartuta.
Bilbo Metropolitarreko udalerriren batean bizi diren 18 urtetik gorako 1.375 pertsonak parte hartu dute ikerketa horretan, eta oso datu esanguratsuak eman dituzte biztanleria osoarentzat.
Azterlan honen emaitzen artean, atsedenaren eta lasaitasunaren alde egiten duten metropoli-espazioen identifikazioa nabarmentzen da; beste pertsona batzuekin sozializatzeko eta topo egiteko egokitzat jotzen direnak eta gure metropoliaren motibazioa eta etorkizuna adierazten dutenak.
Gune horiek guztiak aukeratu eta identifikatu dira, inkestatutako pertsonek funtsezkotzat jo dituzten atributu batzuen bidez, eta nabarmendu dute leku inklusiboak eta askotarikoak direla, identitatedunak, irisgarriak, bisualki erakargarriak, seguruak, estimuluak eskaintzen dituztenak, izaera berritzailea dutenak, eta natura eta espazio berdeak barne hartzen dituztenak.
Azterlanak gogobetetze maila handia erakusten du gure metropolian eta gure udalerrietan bizitzearen esperientziarekin. 10 pertsonatik 8ri gustatzen zaie bizi diren lekuan bizitzea, eta inkestatuen ia %50ek 10etik 9ko balorazioa ematen diote.
Adierazi den bezala, azterlan hau ez da mugatzen gure ongizate emozionalerako positiboak diren lekuen erradiografia egitera; aitzitik, hasierako ondorioak 30 udalerri metropolitarretako ordezkariekin kontrastatu diren fase kualitatiboari esker, hainbat gomendio jasotzen dira hiri-garapenak gure ongizate emozionalean duen eragin positiboa hobetzeko: espazio publikoaren demokratizazioa, azpiegitura malguak edo hirigintza taktikoa, 15 minutuko hiriaren kontzeptuaren aplikazioa, lankidetza publiko-pribatu-soziala auzoko bizitzan, eta hiriguneen biziberritzea. Horiek dira azterlan honetatik eratorritako proposamenetako batzuk.
Azken helburua hirigintzan, kasu honetan psikologian, beste diziplina eta jakintza-arlo batzuk sartzearen alde egitea da. Ikuspegi integratzaile horrek hiri gizatiarragoak eta orekatuagoak eta gure ongizatean eragin positiboa sortzen lagunduko du, ez soilik fisikoan, baita mentalean eta emozionalean ere.
Metropolia gara.