Kike Amonarrizek, 2023ko martxoan BERRIAn argitaratu zuen iritzi artikulu batean, honako hau bota du, xalo-xalo: «Hilabete hauetan, hezkuntza sistema aztergai izan duten hainbat bilera eta elkarrizketatan parte hartzea egokitu zait, eta urteotan irakaskuntzatik urruti xamar ibili naizenez, ezustean harrapatu naute era honetako esaldiek: 'Gaur egun ia inor ez da ausartzen ikasleei euskaraz egiteko eskatzera'. Are gehiago, portaera hori talibankeriatzat hartu duen euskarazko irakasleren bat ere izan dut aurrean».
Ezustean? Euskal soziolinguista bat ezustean harrapatu badu kontu honek, nola ote dago herri xumea? Nola, El Diario Vasco eta El Correo irakurtzen duena?
Zorionez, euskal munduan ere badira gordin mintzo direnak. Klarki mintzo denik ere badugu, Joxe Manuel Odriozola bezalako bat, esate baterako; baina, zoritxarrez, ozenki ez daiteke mintza baztertua, bide ofizialetik kanpo dabilena. Botereak bere bozgorailuak ezin utzi horrelakoen esku, ez zaio komeni eta.
Dena dela, ni ez nator hona euskal teknikari bezala, ez bainaiz hala, ikusle eta entzule bezala soil-soilik baizik, besterik ez: haur bat ikusten badut, berarekin mintzatzea gustatzen zait. Gaztetxo batzuekin gauza bera eginen dut. Batez ere euskararen aferari termometroa jartzeko. Horrela, azken urteko zenbait gertaera ekartzea zilegi bekit.
Iazko udako egun bero batean, Larraungo gizon batekin eta bere bi iloba gaxtetxorekin hizketan egon nintzen, gure herriko eliza barneko freskoa aprobetxatuz.
Haur horietako bat, hiztunena, oso-oso-oso-oso gaizki mintzo zen. Hala ere ziztu izugarrian, ziztu ikaragarrian. Eta gainera erraz, oso-oso-oso-oso erraz.
Eta bukatzean, ikusi eta entzun nuenaz harriturik, isilik egon behar ez eta, hala bota nion gizon hari:
—Ume hauen euskara...
— Uf! Dena euskaraz! Beti euskaraz!
—Baina, hauen euskara!?
—Bai, bai, gurasoak Leitzakoak, eta Larraunen bizi dira. Etxean erdaraz ezta tutik ere! Beti euskaraz!
— Bai, hala izanen da, baina ohartu zara esaldi guzi-guziak atzekoz aurrera egiten dituela?
—Bai, hori bai. Hala da.
Ehunetik ehun zuen erdal egitura, ez ehunetik 15 edo 25, askok bezala.
Ez nuen gehiago luzatu nahi izan kontua, ez nuen mindu nahi gizon hura, oraindik bai baitzen beste bekatu larri bat, are larriagoa zena: erdal azentuaz mintzatzen zen Larraungo mutiko haietako bat, hitzontzi hutsa zena. Oka egiteko moduko azentua.
Non dago mutiko horren irakaslea? Edo non daude bere irakasleak? Non, eskolako irakasleen egitekoa? Nor ari dira engainatzen? Non dago horien ardura? Haur hori hola mintzo bada, ez daiteke inola ere salbuespena izan, jakinik guraso euskaldun zaharrak eta maila onekoak dituela. Eta gainera, euskaraz aritzen direnean etxean!
Irurtzunen ere ezagutu izan ditut senar-emazteak, euskaldunak, ustez euskal zaleak eta bere umeak D eredutik atera dituztenak; erdaraz ez zutela ikasiko beldurrez. Horrelatsuko guraso franko bada, beren umeak erdaraz generoa noizean behin nahasten badute erne jartzen direnak eta eginahalean erakusten saiatzen direnak; aldiz, euskaraz gaizki baino okerrago mintzatzen entzunagatik inoiz ere zuzentzeko esanen ez dietenak, konforme baitira edozerekin. Horientzat dena da euskara. Beren seme-alabek euskaraz ulertzearekin ere konformatuko lirateke, baina okerrena da ulertu ere ez dutela ulertzen telebistako esatari on baten euskara (ohartu naiz, esatari txarrei zerbait ulertzen dietela).
Imozko haur bat esku-pilotako eskolara joan eta laugarren urtean oraindik ere pelotara jolasean ibiltzen dena. Hiru hitz eta hiru oker. Pilotan ari egiten da. Eta partidak jokatu egiten dira. Nola erakutsi gizajoari? Ni neroni saiatuko naiz hurrengoan.
Aurre horretan errebesez jokatzen ikusi eta hala galdetu nion:
—Errebesez ere badakik?
Zur eta lur gelditu zitzaidan, entenditzen ez eta.
Gero, ea bere joko laguna ahaide zuen galdegin, eta berriz ere isilik, parientia esan nion artio.
Basaburura salto egin eta eskolako langile batek kontatzen zidan haur eskolako hamahiru gurasoetatik bat besterik ez dela bere umeekin euskaraz ari dena. Jakina, 5 urteko haur guziak erdaraz ari zirela patioan; eta gelan ere bai nahi baino gehiago.
Ultzama ere ez nuke atzendu nahi. Bertako gizarte-etxera sar eta hara non topatzen ditudan lau neska-mutiko lau aulkitan eseririk, borobilean bildurik. Galdezka hasi eta bakoitzak beste hiruen laguntza behar izan zuen ulertzeko. Bakarka ezinezkoa zitzaien. Eta galderak ez ziren ba beste mundukoak: «Nongoa zaitugu?» eta «Ehh!!!». Edo «Zein herritakoa zara?». Horrelatsukoak.
Eta azkenik, soka gehiago ez luzatzearren, aurten Lantzen gertatua. Etxe bateko ezkaratzean lau neskato jostaketan aurkitu eta haiekin ahal bezala solasean hasi eta galdera-erantzunen txanda bukatu eta hara non esaten didan haietako batek:
—Badugu lagun bat zuk (sic) bezalakoa.
—Badakit nor. Zuen irakaslea.
—Baaaai! —harriturik.
—Eta nongoa da bada?
—Lesakakoa.
(Nire baitan, hauek euskal eta erdal doinua bereizten bazekitek gutxienez! Ni Imozkoa eta irakaslea Lesakakoa, doinu oso-oso diferentekoak, baina biak euskal doinua. Erdal doinua eta euskal doinua bederen bereizten badakite! Eta kontent jarri nintzen).
Bertako guraso erdaldun batek, gertatua kontatu nionean, hala erantzun zidan: «Gurasoak ez diete euskaraz egiten, telebista ez diete euskaraz jartzen... Horrela nola?».
Irakaskuntzan ez naiz inoiz aritu. Hezkuntzako kontuak urruti ditudala esan nezake, baina herri hauetako haurrak eta gaztetxoak hurbil ditut (karrikan inoiz ez ditut euskaraz sumatzen). Mintzatzen natzaie eta ikusten ari naiz nolako hondatzea, nolako endekapena dagoen. Ausiabartza handiena dugu sortu joan den hamabost urte honetan. Berriz diot, joan den hamabost urtean!
Eskoletan dagoen egoera, darabiltzaten pedagogia berrien xarma... Dena dugu kontra, Kike.
Kike, ez legoke batere gaizki bulegoko kontuak, paper zikinak eta batez ere inkesta gezurti hutsak alde batera utzi, eta noizbehinka inkesta zuzenak egitea.
Ongi etorri errealitatera! Joan den hogei urtean baikortasuna besterik ez duzue erein, eta horrelakoak dira fruituak.
Lo-belarra salduz, jendea desmobilizatuz eta politikoekin adostasuna opatuz, izan ere, ez zitekeen besterik espero.
Ongi etorri errealitatera, Kike
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu