Ondarroako ibilaldian, galdera bat buruan: arrainak al gara?

E. Mendinueta H. Larrañaga M. Bereziartua
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ibilaldian, Ondarroa arrantzale herrira inguratutako hainbaten joera ikusirik, geure buruari galdetzen genion behin eta berriz: arrainak al gara?

Arrainen herria eta arrantzaleen herria ez direla gauza bera argi utzi zuen ikastolako lehendakariak, Elias Etxaburuk, ikastolakoek zer zuten gogoan eta zeren gogoa zuten sinple bezain tinko azaldu baitzuen.

Baina inguruko zenbaitek arrainen memoria agertu zuten. Euskara gora eta behera, arazo ekonomikoak handik eta hemendik... zer egiten dugun esan bai, baina hori zertarako eta nor garen adieraztea ahaztu egiten zaie behin eta berriro.

Argi dago —batzuek batasunaren izenean dena berdindu nahi badigute ere— ez dela gauza bera hizkuntza bat ikastea eta herri baten iraunkortasuna bermatzea. Beraz, aukera ederra galdu zuten bertaratu zirenei gogora ekartzeko jai hori zer den eta zertarako.

Zenbaitek, hitz egitean arrainen memoria erakutsiz, ikastola proiektuaren zentzua ez zuten gogoan izan. Zenbaitek, ezta gogoko ere. Agian, beste nortasun baten aldeko aukera egina dutelako? Zenbaitek ahaztu egin dute nor garen adieraztea, sortzen dien lotsaren eraginez. Edo berdintasunaren izenean nortasuna lausotuta agertzea eroso datorkie- lako. Norbait, beharbada, transmisio egokirik jaso ez eta jabetu gabe dagoelako. Gerta liteke, era berean, inoiz jabetu arren, orain ahazturik izatea.

Dena dela ere, zientzialarien arabera bost segundoko memoria duten arrainen jite bera agertzen dute festa hauetan —besteak beste— behin eta berriz jendaurrean hitz egitera agertzen diren hainbatek.

Baina salbuespen interesgarriak egon ziren. Eguerdiko omenaldian, hain zuzen ere. Ospe handiko kargudunei modu xumean gaina hartu, eta harrokeriarikgabe, Lazkao Txikiren ereduari jarraituz, txiki handiak azaldu zitzaizkigun artisauak. Artearen esentziatik abiatuz, ibilaldiaren esentzia zabaldu zuten eta ikastolaren zentzu osoa biziberritu, sinbolikoki, modu argi eta indartsuan.

Batzuk euskararen inguru-marian dena berdindu nahian arinkerietan zebiltzala, hor etorri zitzaizkigun artisau jakintsuak, banan-banan. Gure herriaren identitatearekin lotura eginez hasiera eman zion Sustraik elkarteko lehendakari andreak. Euskalduntasuna, herrialdekako joeren gainetik, euskaroak aipatuz, lurraldetasun osoarekin lotzen jarraituz Noaingo independentziaren aldekoei monumentu egina dien Ulibarrenak. Geure erabakiaren garrantzia sinbolikoki lotuz, euskaldunon aginte makila herritarron eskura ipiniz urteetan dabilen Iñaki irundarra.

Bata bestearen atzetik zortzi artisauak, zortziko sakonean barnea irauli ziguten.

Oroigarria zen txalupa jaso zutenean, hitz gutxi, zentzuhandia eta boga-boga aktibatzeko barnean klik egin ziguten, azpeitiarron kilometroetako leloak dioen bezala.

Hori da ikastola. Euskaldun izaera iraunkortzeko hezkuntza proiektua. Bermatzeko, lurraldetasun osoan, herritarrok, erabakitzeko eskubideari eutsiz, titular bezala auzolana egituratuz eskutik eramaten duguna. Proiektu politiko soziala. Alderdi politiko eta sindikatuetatik at, baina berdinen arteko elkarlanean, gizarte zibilaren burujabetasunaren eta konpromisoaren bidez, erantzukizunez gauzatzen duguna.

Dena ez da berdin, eremu politikoan hauteskundeetan nabarmen gelditu den bezala. Guztientzako aukera egotea herriaren oinarrizko eskubidea da eta hori herriaren burujabetzatik abiatuta bakarrik demokratizatu daiteke. Bide guztiak ez dutelako Erromara eramaten. Ezta hezkuntzan ere.

Irakurle laguna, hau irakurri duzunetik, arrain izateari utzi diozu. Orain zure esku dago zeure zentzuari jarraituz arrantzale izaera duen subjektu politiko libre eta eragile izaera berreskuratu nahi duzun edo beste herri baten kristalezko arrain-ontzian arrain izaten jarraitu nahi duzun, euskaraz agian, baina euskalduna izateko —hau da, besteak beste euskara bermatzeko—askatasunik eta erabakimenik gabe. Hori bai, egunero, haien jateko goxoaren truke, memoria galdu eta zure gezurretako nortasuna elikatuz etengabe. Eroso, eroso, kristalaren bestaldetik begiratzen dizutenak aho zabalik utziz, zu zeu bezala, memoriak horretaraino bakarrik uzten dizulako.

Arrain izateari utzi eta arrantzale bihurtu nahi? Ohiko musuak lortzen du miraria. Zentzua bizirik daukan ikastolak, maitasun handiz ematen dizun musuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.