Europako autobiderik garestienetakoa dela esaten dute: 49,49 milioi euro inbertitu dira kilometroko. 2001ean 465 milioi euroko gastuak aurreikusi zituzten baina, hasierako eta behin betiko aurrekontuen artean izandako aldea nabarmena izan da eta egun Espainiako autobiderik garestiena da, behin obrak amaituta, 2011n, 821 euro gastatu baitziren proiektuan.
A-8ko auto-ilaren konponbide gisa aurkeztu zuten. Baina errealitateak beste irudikapen bat sortu du eta 2017ko datuen arabera, hasiera batean aurreikusten zuten ibilgailu kopuruaren %50 ere ez da igarotzen bertatik. 24.000 ibiligailu igarotzea espero zuten, horietatik 9.000 kamioi astunak izango zirela, baina eguneko batez bestekoa 11.470 ibiligailu dira, horietatik 3.360 ibilgailu astunak. Supersur bezala ezaguna den Bilbo Hegoaldeko Saihesbideari buruz ari gara.
Datuak irakurri ondoren, zaila da ulertzea Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea handitzeko proposamena onartu izana. Oraingoan kilometroko 47,6 milioi euro gastatuko dira, zehazki 200 milioi euro 4,2 kilometro luze izango dituen errepide zatia egiteko. Proiektu honen kontra dagoen Ampliación Supersur Ez plataformak urteak daramatza proiektuaren justifikazio eza salatzen. Beraien aburuz, 4,2 kilometro berri horiek egiteak 5 minutu aurreztea besterik ez du ekarriko; beraz, ez dago inolako arrazoirik Supersur erabiltzeko eskaria handituko duela pentsatzeko, hori baita Bizkaiko Aldundiak defendatzen duen ideia. Kontuan eduki behar dugu igarobidean Bilboko metropoli-barrutiko trafikoaren %6 baino ez dabilela.
Plataformako kideek kritikatu dute ezen Aldundiak bere politikak garraio eskaeran ardaztu beharrean, inbertsioak azpiegituretara bideratzen dituela. Nork bere ibilgailua erabiltzea sustatzen duten azpiegitura horien adibide, besteak beste, Autzaganeko tunela, Atxondoko korridorea edo Ermuako saihesbidea aipatzen dituzte. Jaurlaritzako Garraio Behatokiaren azken txostenaren arabera, Bizkaiko familien %70ek baino gehiagok ibilgailu pribatua dute eta herrialde honetanmilioi bat joan-etorri baino gehiago egiten dira autoz lanegun batean. 1990etik gaur egun arte garraioaren ondoriozko isurketak modu sendoan hazi dira eta beste edozein sektoretakoak baino handiagoak dira, kopuru osoaren %32 baitira jada. Zergatik agertzen dira, orduan, gure instituzioak azpiegitura mota hauen alde? Erantzuna berriki gai honen inguruan idatzitako prentsako artikulu batean topatu dudan adierazpen hauetan irakur dezakegu: «Diputazioak bere burua zorpetuko du 30 urterako baino gehiagorako, proiektu faraoniko bat egiteko, zeinaren onuradun nagusia [...] eraikuntza eta ingeniaritza enpresen klientelismo sare bat izango baita, aspalditik aberasten ari dena foru aldundien diru publikoari esker». Adierazpen hauek Trantsizio Energetikoaren Ministerioko egungo aholkulari Antxon Olabek egin zituen 2004ean.
Ezin dugu ahaztu, gainera, azpiegitura mota hauek paraje natural ugari suntsitzen dituztela. Peñascaleko bidesaria eta Betelu artean handitzen ari diren Supersur-en kasuan, Arnotegi mendiaren azpitik ia bi kilometrotako bi tunel egingo dituzte eta Bolintxu ibaiaren gainetik zubibide bat. Ampliacion Supersur Ez plataformak ohartarazi duen legez, zubibidearen eraikuntzak inpaktu nabarmenak eragingo ditu, eta batez ere Pagasarriko mendi magalean dagoen Bolintxuko ibarrean ondorio oso kaltegarriak sortuko dira. Bilboko Udalak 2008an aho batez onartu zuen Pagasarriko Plan berezia, eta bertan adierazten denaren arabera Bolintxuko gunea babestu beharreko ingurua da, dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik.
Nola bermatu ingurumenaren zaintza halako azpiegitura eraikuntzekin? Eremu naturala arriskuan jarri daiteke, kasu honetan ekonomikoki eta sozialki errentagarria ez den autobide bat handitzeko? Ondare publiko naturala kudeatzeko herritarrok ez ahal dugu zer esanik?
Plentzian honen harira eztabaida interesgarria piztu da. Bizkaiko kostaldean dagoen 4.300 biztanleko herri honetan Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP)erakundeak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko egitasmoa aurkeztu zuten 2019ko urrian, Plentziako udal gobernuaren babesarekin. Hasieratik proiektuak zalantzak eta ezinegona sortu zituen herrian, besteak beste pantalanak, itxiturak eta gasolindegi bat jartzea proposatzen zuelako. Gainera, itsasadarraren izaera publiko eta librea kolokan geratzen zen, pantalanak eraikitaherritar guztiek erabiltzen dituzten ertzetako bidexkak hesiz itxiko liratekelako.
Proiektuak aurkakotasun handia eragin zuen eta SOS Itsasadarra plataforma sortu zen proiektu honek ingurumenean izango duen eragina salatzeko: «Ingurumen inpaktuari buruzko txostenik ez dago, eta ez dute aztertu itsasadarraren sakonera»; paisaian «gune batzuetan, itsasadarraren zabaleraren heren bat hartuko du, inpaktu bisuala latza da»; eta ohituretan, «gure arrantzale izaera ez du ordezkatzen eta ez du kontuan hartzen, kirol portu bihurtu nahi dute, portua duen marinel herri bat baino». Plentziako Proa elkartea izan ezik—erabiltzaile batzuk biltzen ditu—, eragile gehienak aurka agertu dira. Hainbat protesta ekintza egin dituzte: besteren artean 1.400 pertsonaz osatutako giza katea eta manifestazioak, azkenekoan ia 2.000 pertsonak parte hartu zutelarik.
SOS itsasadarrak proiektua bertan behera uztea eta instituzioei elkarrizketa prozesu bat hastea eskatu zieten. Plentziako udal gobernutik jasotako erantzuna eskasa izan da. Udal bilkuran alkateordeak protestetan herriko jendearen presentzia zalantzan jarri zuen: «Metroa jendez gainezka zetorren»; eta alkateak honakoa adierazi zuen: «Manifestazioetan esloganak bakarrik entzun ditut, argudiorik ez». Eusko Legebiltzarrarentzat, aldiz, argudioak pisuzkoak izan dira, proiektua gelditzeko eskatu baitio Jaurlaritzari.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proiektua atzeratu du, eta parte-hartze prozesua ireki du norbanako eta kolektiboen ideiak jaso eta egitasmoa hobetze aldera. Finean, itsadarraren erabilera publikoaz ari gara. Ondare publiko natural bat: diru publikoarekin berrantolatzen bada, pribatizatu daiteke? Hor dago koska.
Ondare naturalak eta herritarron hitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu