Bost urteko semearekin batera zinemara joan naiz Olentzeroren azken filma ikustera,eta argia piztu da nire baitan, tripa barneko suaren argia, hain zuzen ere. Gureanekoitzitako film horretan aukera bazegoen Disneyko bestelako zerbait egiteko. Filma ikustearekin, berriz, urte osoko parekidetasun ahaleginek palomitak irenstearekin batera zinemako komunean bukatu dute. Baina tira, ez dut arinki epaitu nahi. Ikus ditzagun lehendabizi pertsonaien banaketa: Olentzero, alkatea, udaltzaina, medikua, herriko diruduna, kale langilea eta plazako bi pertsonaia agertzen dira. Guztiak gizonezkoak. Bi emakume ere badira, biak etxeari lotuak. Batak etxea ahalik eta politen apaintzeko obsesioa du. Bestea neskamea eta herriko gozokigilea da. Beraz, atera kontuak. Espazio publikoko guztiak, boteredunak eta botererik gabekoak ere, gizonezkoak dira. Eta bi emakumeen mundua etxea apaintzea eta zerbitzatzea da.
Haurrei dagokienez, Olentzeroren laguntzailea, filmaren protagonista nagusia, posible litzateke neskatxo bat izatea, ezta? Ba, ez: Disney moduko gidoiari jarraituz, mutikoa da guztien salbatzailea. Egoera zailaren aurrean neskatxo batek laguntza eskaintzen dio protagonistari, baina gure mutikoak ezetz erantzuten dio, berak bakarrik gabonak salbatuko dituela eta. Liluragarria! Guztira zazpi haur agertzen dira, lau mutil eta hiru neska. Mutil bakoitza ezberdina da, eta bakoitzak nolabaiteko pertsonaia ezaugarri propioak baditu. Nesken artean, berriz, batek bakarrik pertsonaia du, Mari, bi mototseko neskatxo rubioa, Anje mutiko protagonistak desiratzen duen «printzesatxoa» da. Mariren klonak diren beste bi neska moreno ere badira. Bizkiak dira, eta funtzio bakarra betetzen dute istorioan: mutilei laguntza eskaintzea. Gabonetako kanta lehiaketan mutiko baten «gogo» laguntzaileak bihurtuko dira, mutilaren protagonismoa indartuz. Azkenik, heterosexista ere bada filma. Une batean bi mutilek «nahigabean» muxu ematen dute ezpainetan, eta batek bestea bultzatzen du nazka keinu bortitzarekin.
Zinez ikaragarria! Hori ikusita, gabonetan jostailuen segregazio sexista ekiditeko ahaleginak ere baztertuko ditut, neskatxoari barbi ponpoxa erosiz, eta mutilari gerlari jantzi bortitzena. Ez al da, ba, mundu perfektua?
Olentzero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu