Olentzero euskal arrantzarentzat

2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Urtero, sasoi honetan, Europar Batasuneko erdigune ekonomikoan (Bruselas) estatuak, lobby-en eraginpean, euren interes ekonomikoak asetzeko arrantza-kuota ahalik eta handienak lortzen saiatzen dira.

CIEM (itsasoaren esploraziorako nazioarteko kontseilua) erakundearen bermearekin egiten diren ebaluazio zientifikoen kontra, enpresa horiek langile eta kontsumitzaileen baldintza ekonomiko eta sozialak bermatzeko argudioarekin Ipar Atlantikoko uretako TAC (harrapaketa onargarri totala) kuota ahalik eta handiena izateko borrokatzen dira; horrela, euren estatuetako arrantza-negozioa ahalik eta errentagarriena izatea ahalbidetuz.

Erakunde horrek gizartera eta bereziki politikariengana bideratu dituen ikerketa zientifikoek gure itsasoen, eta bereziki, bertan bizi diren espezieen egoera larriaz ohartarazi dute, baina baliabideen kudeaketa arduratsu eta sostengarriaren aldeko aldarrikapenak ez du eraginik izan, enpresa handi horien sareetan erori baitira.

Azken hamarkadak, Ipar Atlantikoko eta bereziki Kantauri itsasoko kaletan, harrapaketa handiko garaiak izan dira. Aurreko hamarkadaren hasieran, arrantza-tresna oso suntsitzaileek eragindako kudeaketa indiskriminatuaren aurrean, zientzialariek bioaniztasunaren eta gure eguneko dietaren iturri diren hainbat espezieren biomasaren gainbehera larriaz ohartarazi gintuzten.

Egoera honen aurrean, 2015ean 2024 arte balioko duen Europar Batasunak arrantza politika berria (PCC) onartu zuen. Anbizio handiko politika da, puntu nagusi hauekin: gehienezko errendimendu jasangarria (RMS) 2017rako, eta beranduenez 2020rako; arrantza-kudeaketa jasangarrirako derrigortasuna; deskarteen debekua (hainbat kalatan harrapatutako arrainen %50 hilda itsasoratzen da berriz); arte txiki eta jasangarrien bidezko baliabideen kudeaketa lehenestea; harrapaketei buruzko informazioa eta komertzializazioa hobetzea; eta abar.

Baina Batasun Europarrari plan eta proiektu horiek guztiak eztarrian kateatzen ari zaizkio Europako estatu gehienen kontrakotasuna dela medio. Horren ondorio dira azken urteetan onartutako TACak, eta bereziki 2017an EBko azken Ministro Kontseiluak onartutakoa. TAC hauek ez dituzte kontuan izan kala ezberdinetako arrain ugaltzaileen stock eta biomasak, eta bereziki, ez dituzte kontuan izan TAC txikiagoak eskatzen zituzten zientzialarien gomendioak; eta, ondorioz, Ipar Atlantikoan gainarrantza ahalbidetuko da.

EBko kalei buruzko txosten zientifikoetan azpimarratzen denez, arrain-populazioen %64k gainarrantza pairatzen du, eta %85 egoera ez osasuntsuan dago; populazioen %12k baino ez ditu betetzen PCC berriaren zuzentarauak. Egoera honetan txosten eta gomendio zientifikoak kontuan izan ez eta epe motzeko interes ekonomikoak lehenestea arduragabekeria ekonomikoa eta ekologikoa da.

Adibide gisa, espezie garrantzitsuenen artean, gomendio zientifikoek Kantauri-NW kalan legatzaren TACa %36 gutxitzea eskatzen zuten, eta%1,4 gutxitu da. Hainbat eremutan, bakailaoa proposatutakoa baino %96 gehiago arrantzatzea onartu da. Liba %57. Iparreko abadejoa %198. Mihi-arraina %10. Txitxarroaren %54 gutxitzea proposatu zuten, eta %23 gutxitu da. Orokorrean, onartutako kuotak CIEM erakundeak proposatutakoak baino %26 handiagoak izan dira.

Azken hamarkadetako kudeaketa txarraren ondorioz, Bizkaiko Golkoko kaletatik bixigua, papardoa edota botakarra bezalako espezieak desagertu dira, eta beste hainbat espezieren ugaltzaileen biomasak arazo handia izan dute erreklutamendu faltarengatik: esaterako, antxoak, zimarroiak, zigalak, sardinak, oilarrak, eta abar.

Egungo arrantza-politika ondorio larriak eragiten ari da kaletan eta gure kostako industrian. Nahikoa da Euskal Herriko portuak bisitatzea gure portuetako ontzi gehienak aisiarakoak direla ikusteko. Hainbat portutan ez dago arrantza-ontzirik, eta daudenak ez daukate ondorenik. Laburtuz, etorkizun gutxi duen jarduera ekonomikoa da arrantza.

Arau-hausteetan oinarritutako industria da arrantzarena, kaotikoa, espezieen harrapaketa arau ezean oinarritu duena eta arrantzatutakoa esportatzaile eta kontserberek kontrolatzen dutena, lonjan gogoak ematen diena ordainduz, arrantzaleei gero eta irabazi barregarriagoak eskuratuz.

Nola da posible kuota handiagoak eskatzea, harrapaketa handiagoak nahi izatea, gure lonjetan arrantzatutakoa gero eta gutxiago ordaintzen denean? Nola esan daiteke kuotak txikiegiak direla arrantzaleen egoera ekonomiko eta soziala hobetzeko, saltzen ez delako arraina itsasora botatzen ari garenean? Urtero bezala, hainbat flotatan arrantzatutako milaka kilo itsasora bueltatu dira saldu ez direlako.

Garaia da egiten ari garenak ez daukala etorkizunik onartzeko. Erregulazioaren eta ekosistemen zaintzaren bidea hartu behar dugu elikadura subirautza eskainiko diguten espezieen bidez, desagertu baino lehen. Arrantza-eskubideak eta kuotak publikoak izan beharko lukete, eta kofradiek kontrolatuak. Kudeaketa arduratsu eta sostengarria, oinarrian gomendio zientifikoak dituena. Itsasoko Eremu Babestuak sortu behar dira, espezieek euren ugalketa-zikloa gauzatzeko aukera izan dezaten heldutasun sexuala baino lehen arrantzatuak izan gabe, eta itsasoko 12 miliatan artean arrantza-mota artesanalek lehentasuna izanez. Arrantzatutako guztiak kofradiak bezalako erakundeek kontrolatua egon behar du, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

Horretarako, eta jarduera ekonomiko honen desagerpenaren arriskuaren aurrean, mahai sektoriala sortzea eskatzen dugu. Mahai horretan eragile sozial ezberdinek alternatibak aurkezteko aukera izango lukete, gure kostako aberastasun ekonomikoa eta kulturala berreskuratu eta aurrean ditugun arazo handiei, kutsadura eta ozeanoetako uren berotzea kasu, aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.