Olentzero eta garun ihesa

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Euskal gizarteak badu nahiko motibo kezkaturik egoteko; izan ere, milaka gazte dira urterik urte atzerrira lan bila joatea erabakitzen dutenak, haietako asko eta asko gure historiako herritar prestatuenak izanda ere. Deustuko Unibertsitateko Orkestra Institutuak egindako EAEko Lehiakortasunari buruzko 2017ko Txostenak dioenaren arabera, 10.000 gaztek baino gehiagok utzi du gure lurraldea 2009az geroztik, erbestean aurkituko dutelakoan euren lanbide-garapenean aukera duina nork emango.

Baina zerk bultzatu ditu gazte horiek euren sorlekua gibelean uztera? Ororen gainetik, biga dira arrazoi behinenak: lan-prekarietatea eta gainkualifikazioa. Jakina da hamaika enpresaburu baliatzen direla gradua edota masterra amaitu berri dituzten gazteen lan-eskarmenturik ezaz, lau txakur txikiren truke lehendabiziko lanpostua eskaintzeko. Bestalde, egia ere bada urte askoan oso erroturik egon dela gure gizartean unibertsitateko ikasketak egiteak lanpostu ona bermatzen zuelako ustea, baina errealitateak agerian utzi du hezkuntza-sistemaren eskaintzak eta lan-merkatuaren beharrizanek elkar hartuta joan behar dutela, milaka unibertsitate-ikasle langabezian egongo ez badira.

Jokabide horien ondorioak lazgarriak dira erabat: batetik, lansari urriak izateak ez die gure seme-alabei emantzipatzea ahalbidetzen, eta, bestetik, begiko lanpostua ezin topatzeak kapital profesional izugarria galtzea dakar berekin, gazte askok, beste erremediorik ez eta, erabakitzen baitute edozein lan xume hartzea, edota, tamalgarriena dena, atzerrira jotzea, eskuarki garun-ihesa deritzona.

Helduen euskalduntzearen esparruan ere antzeko egoera ari da gertatzen aspalditik. Nahiz eta, Euskaraldian ikusi bezala, euskal erakundeen eta herri-elkarteen arteko lankidetzak euskara gizartearen agendan jartzea lortu duen eta, bidenabar, euskararen profesionalei urteetan egindako lana aitortzea, XXI. mendean oraindik ere euskara-irakasleon lan-esparrua normalizatu gabe egoteak, tamalez, antzekotasun handia du lan duina lortzeko orduan gazte anitzek pairatzen duten egoerarekin.

Euskalduntzean zein alfabetatzean urte luzez aritutakook profesional askoren joan-etorrien lekuko izan gara. Euskaltegiak aldi baterako geraleku bihurtu dira makina bat langilerentzat. Gehientsuenek helduen irakaskuntza utzi izan dute, haur eta gazteen hezkuntzara jotzeko asmoz. Zergatik? Ez al da aski erakargarria helduei euskara irakastea eta euskal kulturaren ateak zabaltzea? Erantzunak, zoritxarrez, ez du zerikusirik lan-motarekin, lan-baldintzekin baizik. Salbuespenak salbuespen, nabari askoak dira bi esparru horietako langileek dituzten lan-baldintzen arteko aldeak, baita udal euskaltegien eta pribatuen artekoak ere: kasu batzuetan, diru sarietan %40ko diferentzia, eskola-kopuru handiagoa, goizetik gauera arteko lanaldiak...

Paradoxikoa da ikustea munduan hizkuntza gutxituen normalizazio-prozesuetan eredutzat jotzen dela euskararen berreskuratze-prozesua eta jakitea etengabeko odolustea ari dela gertatzen aldi berean euskararen irakaskuntzan. Nago euskara egun bizitzen ari den garai itxaropentsu hau baliatu egin behar dela, elkarlanaren eskutik berriro ere —langileak, euskaltegiak eta instituzioak bat eginik—, helduen euskalduntzeak merezi eta behar duen lan-hitzarmen propioa eskuratzeko, azken buruan profesionalen lan-baldintzekin batera, euskararen prestigioa bera ere baitago jokoan. Horregatik, Olentzerori berari halako eskari zehatza egiteko tentazioa alde batera utzirik, iruditzen zait eraginkorragoa izango dela Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gonbit egitea, haren erantzukizuna baita garai berrira eramango gaituen bidaiaren lemazaina izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.