Albisteak oihartzun eskasa izan zuen komunikabideetan. Iruñeko Alde Zaharreko Besta Batzordeak, San Fermin Txikitoko besten antolatzaileak, erabaki zuen aurten izaera doakoa eta laikoa zuten ekitaldiak bakarrik sartuko zirela iraileko programan. Hortaz, kanpoan gelditu ziren meza eta prozesio tradizionala. Horiek normaltasun osoz egin ziren arren, Batzordearen bedeinkaziorik gabe gelditu ziren. Besta programa herrikoiaren 75 ekitaldietan parte hartu zuten milaka pertsonak ere ez zituzten faltan bota ez intsentsuaren usaina, ezta apezen Erdi Aroko kasullak ere.
Ikerketa Soziologikoetarako Zentroaren arabera (CIS), 2000tik 2024ra, Estatuan bere burua katolikotzat hartzen dutenak %84,7tik %54,5era pasatu dira. Gainera, azken horietako bi heren ez dira praktikanteak, eta sinestunen portzentajea aski txikiagoa da gazteen artean, %36,4 (2023ko datuak). Joera, beraz, argia da: urtero zaharkitutako populazioa, sinestuna gehienbat, desagertzen da eta haren tokia sinestuna ez denak okupatzen du.
Nafarroari dagokionez, 2018an, Estatu mailan, gure komunitatea zen pertsona ez-erlijioso gehien zituena (%54,7), hau da, ateoak, agnostikoak edo ez fededunak, bere burua katolikotzat hartzen zuen %38aren aitzinean. Hurrenak Katalunia, Balearrak, Madril eta EAE ziren. Eta, inkestak horri buruz deus erraten ez bazuen ere, litekeena da Nafarroa number one izatea Europan eta mundu mailan, biraoak erabiltzen ohiko adierazpenetan.
Bertze alde batetik, bokazioen edo jardun erlijiosoaren maila aztertzen badugu, antzeko joera egiazta dezakegu. Duela zenbait hamarkada Nafarroa pasatu zen apaiz eta misiolari mintegi izatetik aurkakoa izatera. Orain, apaiz, fraide eta moja aunitz, lehen misio lurrak ziren lurraldeetatik etortzen dira. Jardun erlijiosoari dagokionez, elizetako eta beren kultuen —mezak, arrosarioak...— bakardadea ikaragarrizkoa da. Nafarroan, adibidez, ezkontza zibilak erritu katolikoen halako hiru dira ia-ia. Eta horri gehitu behar zaio egoki ohaide direnen kopuru gero eta handiagoa, erlijio edo administrazioaren inolako aitortzarik gabe.
Aurrekoarekin, zer erran nahi dut? Bada, joera sozialak norabide batean joaten diren bitartean, aunitzetan erakundeak eta haien alderdiak trabaturik mantentzen direla jarrera zaharkituetan, bizi diren eta boto-emaile duten jendartearekin deus ikustekorik ez dutenak. Lehenik eta behin, Trantsiziotik Elizak mantentzen dituen pribilegio handiez ari naiz (Vatikanoarekin egindako 1979ko Hitzarmenak). Horiek jarraitutasuna ematen diote frankismoan Eliza Katolikoak izan zuen botere ekonomiko, erlijioso, kultural, sozial eta hezigarri itzelari, Eliza erregimen horren funtsezko euskarri ideologikoa izan baitzen. Gero, Trantsizioan ez zioten inolako bidesaririk galdegin gaurko monarkia konstituzionalera egindako iragateagatik. Status horri esparru parlamentarioan, estatu zein autonomia mailan, bertako antolakunde politikoek arreta gutxi edo batere ez diote ipini, nahiz eta, teorian, gehienek laikotasuna haien ezaugarrietako bat duten.
Baina itzul gaitezen San Fermin Txikitora eta aita duen San Fermin handira eta bere ekitaldi erlijioso arranditsuetara. Sanferminetako programa ofizialak segitzen du biltzen bezpera kantatuak San Lorenzo elizako San Fermin kaperan 6an, 7ko prozesioa eta ondorengo meza, eta 14ko San Ferminen zortziurrena. Horrek ez du inolako justifikaziorik bere izaera anakronikoarengatik, errespetu falta erakusten duelako bere burua ateo, agnostiko eta ez sinestuntzat hartzen duen populazioari dagokionez, eta udalaren gehiengoa osatzen duten indar politikoek baieztatzen duten izaera laikoarekin bat etortzen ez delako.
Erran ohi da batez ere prozesioak herri babes garrantzizkoa duela, milaka pertsona karrikaratu edo balkoietara ateratzen direlako pasatzen ikusteko. Eta hori egia da. Baina zenbat jende, jaiera erlijiosoak bulkaturik, joanen litzateke ekitaldi horretara artzapezpikua, katedraleko kapitulua eta Pasioaren Kofradiako kideak pasatzen ikustera, prozesioari udalaren, Pamplonesa bandaren, Duguna dantza taldearen, peñen ordezkaritzaren eta erraldoi eta kilikien konpartsaren presentzia kenduko bagenio?
2014ko abuztuan, EAJren proposamenez, Donostiako Udalean planteatu zen Aste Nagusiko programa ofizialean Salbearen prozesioa besta egutegi ofizialean sartzea, tradizio hori 1994an ezabatu baitzen. EAJk eta PPk alde bozkatu zuten. EH Bilduk, PSEk eta Irabazik, kontra. Hortaz, ez zen onetsi. Orduz geroztik inork ez dio gaiari ekin berriro. Prozesioa egiten segitzen dute, baina inolako babes ofizialik gabe, eta mundua ez da hondoratu, ezta Kontxa desagertu ere, zeruko tsunami bat dela kausa.
Sanferminetako 7ko prozesioa ekitaldi erlijiosoa da. Horrela adierazten du liturgia katolikoak eta kito. Horregatik, peñak eta udalbatza bertan egoteak ez du inolako zentzu zibikorik, herritarren sinesmen eta ez-sinesmenen pluraltasuna ez duelako errespetatzen eta gaur existitzen ez den iragan zaharkituan ainguraturik dagoelako. Historiaren aurka doazen ohiturak ezabatu behar dira, bere tenorean, peñetan, sanferminetako amabitxien izendapena edo emaztekiak bertako kideak izateko galarazpena ezabatu ziren bezala.
San Fermin Txikiko besten batzordeak programa ofizialean bakarrik ekitaldi laikoak sartzeko erabakiak, dirudiena baino garrantzi handiagoa du. Lehendabiziko urratsa da itun makur klerikal-sozial-instituzional hori behingoz deuseztatzeko. Eztabaida hori eremu guztietara zabaltzea erabat beharrezkoa da, gure jolas eta besta esparruetan Elizari olatuarena egiteari uzteko. Amen, hots, halabiz.