Juan Jose Ibarretxe Markuartu.

Olatuak

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Hau al da historiaren amaia?... Olatu baten azken ikara?» Hala zioen bere artean Virginia Woolfek Olatuak eleberrian. Gogoeta horixe zetorkidan burura gainbegiratzen ari nintzelarik joan den irailaren 11ko Kataluniako Diadaren irudi sinesgaitzak—festa, aldarrikapen demokratikoa eta giza marea neurri egokian—. Eta burura etorri zitzaidan, asteon, ikusten ari nintzelarik 2017ko urriaren 1eko festa demokratiko ikusgarriaren oroimenez egindako ekitaldiak, bai eta Espainiako alderdiek eta komunikabideek zein neurrigabeki erabili dituzten ekintza biolentoak, hori bai, gutxiengo batek egindakoak —oker ibilirik edo erabiliak izanik, nazio eraikuntzak baketsua eta demokratikoa izan behar baitu, edo ez da egingo; zergatik, eta mugimendu subiranista eta indarkeria elkarrekin lotzen ahalegintzeagatik, ezinago lotsagarriro.

Gogoan dut itsasoa lehenbizikoz —behintzat, jakinaren gainean— ikusi nuenekoa,5 urterekin, Bizkaiko kostaldean. Txunditu egin ninduten olatuek. Ezin sinetsi nuen olatuak lehorrerantz iritsi eta iritsi aritzea, etengabe. Behin eta berriro, frantziskotarren pazientziaz. Zera pentsatu nuen: baietz itzuli beste egun batean, eta olatuak amaituta egon, seguru. Baina itsasertzera itzultzen nintzen aldiro, iritsi eta iritsi segitzen zuten. Olatuak «tematiak» dira, herri memoriadunak bezala.

Jada handitan, Jose Antonio Artze irakurtzen ari nintzelarik, ulertu egin nuen zer zen ur berria edatea iturri zaharretik, ur beti berria betiko iturri zaharretik. Eta ulertu egin nuen, halaber, olatuen eta herrien mugimendu ziklikoa. Mendeen buruan, iturri beretik edaten dugu, baina gure garaiko ura. Beste horrenbeste gertatzen da olatuekin, berberak emanagatik ere berriak dira. Baina, hori bai, Andre Gideren pentsamenduari jarraikiz, aurretik izandakoei eta erretiratu zirenei zor diete edertasuna.

Horixe da Kataluniaren kasua. Baldin eta inork pentsatzen bazuen 155.ak betiko itzalia zela herri gisa zuen aldarrikapen demokratikoa, oker zegoen. Baldin eta inork pentsatzen bazuen 155.aren koalizioak (PP+PSOE+Cs) lortuak zituela bere helburuak, oker zegoen. Kataluniak betiko iturri zaharretik edaten segitzen du ura, eta olatuek iritsi eta iritsi segituko dute, seguru asko gero eta indartsuago, ahaltsuago, berealdikoago.

Denbora kontua baino ez da demokrazia autoritarismoari gailentzea azkenean. Baina, hori bai, pazientzia behar dugu ezintasunari gailendu dakion. Pasioa, ezinegonari gailendu dakion. Ilusioa, ezkortasunari gailendu dakion. Iratzarri bizi izateko, hegan egiteko.

Jabetu beharra daukagu XXI. mendean demokraziarik eza ez dela izango joan diren mendeetako diktadurak bezalakoa. Seguru asko, ez dugu ikusiko Francorik, Pinochetik, ez eta tankerik ere kaleetan. Demokraziarik eza, gure garaian, honako hau da: herritarrei —katalanei, euskaldunei, eta abarri— hezurretaraino sarraraztea berdin-berdin diola zer nahi duten, ezin izango baita ezer aldatu.

Faila demokratiko hori ezinago argi geratu da, lehenik Euskadin, 2005ean, Estatutu Politiko berriarekin, eta gero Katalunian. Guri, adibidez, esana ziguten ETArik gabe dena zela posible. Gezurretan ari ziren. Katalunia eta haren procés izan dira «kotoiaren proba» garbia. Espainiak beldurra dio demokrazia katalanari eta euskaldunari. Ez dio beldurrik galderari, baizik eta erantzunari. Eta argudiatzea, berriz, galdetzeak zatikatu egiten duela —ez entzuteak, hortaz, batu egingo luke—, horrek ez du inolako «baimenik» XXI. mendean.

Eta horri guztiari beste hainbat albiste darraizkio etengabe. Presidente berria dago Katalunian, eta presidente berria dago Espainian, baina Katalunian bere hartan dirau Espainiako Gobernuaren esku hartzeak politikan, ekonomian, zerga sisteman eta polizia arloan —155.aren koalizioaren babesarekin (PP+PSOE+Cs)—. Europako justiziak

—Alemania, Belgika, Suitza eta Britainia Handikoak— ez dira fio, arrazoiz, Espainiako justiziaz, eta uko egiten diote katalan «erbesteratuak» estraditatzeari egozten zaizkien delitu horiengatik; horrek agerian uzten du Espainian berebiziko injustizia juridikoa eta humanoa egiten ari direla behin-behineko kartzelaldian dituzten «preso politiko katalanekin». Egiaz, gero eta ahots gehiagok daukate hutsegitetzat; ez bakarrik euskaldunek, katalanek eta europarrek, baita espainolek ere. Azkenekoa, Espainiako Atzerri Arazoetako ministro Borrel jaunarena izan da, nahiz eta egia den erretorika huts izan ohi direla halako adierazpenak, baldin eta gero ez badakarte kontrako bidean doan erabaki ofizialik.

Dirudienez, horretaz jabetuta daude Europan eta munduan barrena justiziaren gardentasunari, ustelkeriari eta independentziari buruz argitaratu diren ikerlanetan ere

—Europako Batzorde, Nazioarteko Gardentasuna eta Mundu Foro Ekonomikoa—, zeinetan gutxiegi bat atera baitu nabarmen Espainiak.

Hala, Transparency International-ek txosten bat argitaratu zuen 2018ko otsailean, Corruption Perceptions Index 2017 izenekoa, eta, hor, agerian geratzen da Espainian konpromiso txikia dutela gardentasunarekin, eta ustelkeria maila handia. Txostenean, zalantzazkotzat jotzen da Espainiaren jarrera gardentasunari eta ustelkeriari dagokienez —100etik 57 puntu ditu, Europako batezbestekotik oso urrun, hura 66 puntukoa baita—. Egiaz, 2017ko sailkapenean, atze-atzean ageri da EBkoen artean, «berme gutxiko» multzo batean, aurretik Zipre eta Dominika dituela —horiek ere 57 punturekin—, eta atzetik Georgia, Malta, Cabo Verde eta Ruanda —56 eta 55 punturekin—. Europako Batzordeak, berriz, independentzia judizialari buruz pertzepziorik txarrena duten Europako herrialdeen multzo nagusian kokatzen du Espainia—Justizia Adierazleen Koadroa EBn, 2018—: 28 postu daude, eta 23.an ageri da; espainiarren %49k pertzepzio txartzat edo oso txartzat daukate.Eta, 2017an, WEF World Economic Forum delakoak 58. postuan kokatzen du Espainia, larriki, Independentzia Judizialaren Inguruko Sailkapen Nazioartekoan —Sistema Judizialaren Independentzia gobernuei, partikularrei eta enpresei dagokienez, izeneko atalean—. Hauen ondoren, doi-doi: Botswana (57), Lituania (56), Kenia (55) eta Cabo Verde (54). Eta, bide batez, Puigdemont presidentearen eta gainerako erbesteratu katalanen kasuan akatsak bilatu dizkioten Europako justizietatik urrun, oso urrun: Erresuma Batua (6), Alemania (24), Suitza (4) eta Belgika laidoztatua (20).

Alegia, hutsegite juridiko-politikoa ez ezik, lotsaizun demokratikoa ere badela jende hori kartzelatua edo erbesteratua egotea. Eta gogora dakarkigu Kataluniak hor dirauela, konponbide zain, zeinak ezinbestean berekin ekarri beharko baitu jakitea —ezen ez debekatzea— haren erabaki demokratikoa. Eta, bai, baldin eta inork pentsatzen badu hau amaitua zela... ez, hau hasi baino ez da egin. Soziologia inkesta askotan, behin eta berriz ahalegindu dira agertzen «subiranotasun» euskaldunaren eta katalanaren gainbehera —bateko eta beste komunikabideetan luze-zabal jorratua—,baina herri propio eta bereizi bateko kidetasun sentimendu horrek bere horretan iraungo du «aintzirapeko krater» bat izango balitz bezala, Victor Hugok egokiro adierazi zuenez.

Jokaleku horretan, etorkizuneko osagai estrategiko gisa taxutzen da modu demokratikoan babestea erabakitzeko eskubidearen erabilera —Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea bere horretan existituko da herri gisa existitzen diren bitartean, eta herri gisa desagertzen direnean bakarrik desagertuko da—. Eskubide horretan kabitzen gara, hain zuzen, legez Euskadirentzako edo Euskal Herriarentzako proiektu propio eta bereizi bat nahi dugunok; hor kabitzen dira, halaber, legez Espainiaren barruko proiektu bat nahi dutenak. Kontua da, beraz, demokrazia babestea, nazioaz edo independentziaz harago.

Eta bai... olatu gehiago iritsiko dira.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.