Xabier Lasa.

Okupatutako herria

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Okupatutako herria da Euskal Herria. Iraultza burgesa gertatu zenetik, bi estatuen botere militarra izan da Euskal Herriaren burujabetza azpiratu duena. Erresistentziak ere asko izan dira, ordea, eta ugari izan dira, era berean, arrazoi horrengatik, espetxeratuak, torturatuak eta erailak. Baina gure herriak okupaturik jarraitzen du.

Egun, Bardeak NATOren hegazkinen entrenamendu zelai izaten jarraitzen du, eta 1.500 efektibo militar daude EAEn; Nafarroan, berriz, 690. Eta ezin ahaztu indar polizialak, denak ala denak, edozein momentutan gerra egiteko prestatuak. Ezkutukoa denak ez du esan nahi existitzen ez denik.

Okupazio hitza darabilgu, bere esanahiak dioen bezala, leku batera sartu eta instalatzea edota jabetzea esan nahi duelako. Gaitasuna bereganatzen dutelako gure lurrak, gure kaleak eta gure instalazioak haien interesen zerbitzura jartzeko. Guk, klase burgesa eta haren interes kapitalistak ikusten ditugu, haien horren atzean. Baina, nola ulertu hori, berezko ongizate estatu batean? Bada, Estatua inoiz ez delako neutrala. Eta Estatuaren administrazio politiko zein militarrak, Estatuaren klase interesei erantzuten dietelako. Produkzio modu kapitalistan, klase burgesari hain zuzen. Hau esanda, okupatutako herri bat garela esaten dugunean, desjabetutako herri bat garela esaten ari gara, bortxaz desjabetua izan den herria.

Dena den, okupazioak ez du soilik okupatuaren eta okupatzailearen rola agerian uzten. Ondorioak eragiten ditu okupatutako herrian ere. Horren adibide garbia da kolaboratzailearena. Okupazioa ezin da gertatu bertako jendearen laguntzarik gabe, eta, zentzu horretan, Euskal Herria ez da izan salbuespena. Hemen, asko izan dira, bai Estatu frantses, bai espainolarekin kolaboratu duten enpresari, politikari zein borreroak. Horiek denak jarri dira klase burges menperatzailearen interesetara, pastelaren zati bat berenganatzeko.

Bestalde, aipatutako horiek denak, fase inperialistan, munduko finantza globalizatuaren parte dira, eta horrek nazioarte mailan politika inperialistetan parte hartzera daramatza. Hala, haien estatuetako defentsa ministerioak haien zerbitzura jartzen dira. Mendebaldeko Europa hertsiki lotuta egon da Amerikako Estatu Batuen kanpo politiketara, XX. mendearen erdialdetik; horrek azaltzen du Estatu espainola eta frantsesa NATOko kide izatea, garai hartatik. Baina biek defendatzen dituzte haien estatuetako burgesien interesak nazioartean, eta ikusi ditugu ondorioak: Serbia, Afganistan, Irak, Libia, Mali, Siria, Yemen, errefuxiatuak, bortxaketak, gatazka sozialen gorakada, salerosketak...

Hori guztia posible bihurtzeko, ezinbestekoa da armen ekoizpena. Eta adibidez, Espainiar estatuaren ekoizpen militarraren zati handi bat euskal lurraldean egiten da. Era berean, ez dezagun ahatz zentzu komuna egituratzen duten masa komunikabideek, aditu sortuek edota sistemarekiko lerrokatuta dauden soldatapeko intelektualek jokatzen duten papera, baita unibertsitate eta azpiegituren erabilera militarra ere.

Esandakoak esanda ere, artikulu honek ez du artikulu etsikorra izan nahi. Isilpeko mundu honetan, badelako, noizean behin, makineriaren engranajeak oztopatzeko gai izan den herri bat. Intsumisoen borroka edota 86ko NATOren kontrako ezezko nabarmena honen adibide dira. Beraz, borrokarako deia ere egin nahi da.

Hilabete honetan, Gasteizko Arakako Kuartel Militarrean, Valentziako Béteratik etorritako mila efektibo militar daude, NATOrentzako maniobra militarrak egiten. Sekretupean, inperioaren alde eta munduko langileriaren kontra, lanean. Horregatik, garrantzitsua izango da mobilizazioetan parte hartzea. Zoritxarrez, haien lanak amaituta, alde egingo dutela pentsatuko dugu, baina Euskal Herriak okupatuta jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.