Oinarrizko errenta unibertsalaren ezbidea

2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Jendarte zabaletan, nazioarte zabalean, tokiko jendarte prozesuen mutazio, larrialdi eta tentsionatze azkarren gertakizunen kate batean bizitzen ari gara COVID-19aren pandemiaren ondorioz. 2019ko abenduaren 31 hartatik, urtebete egitear dago Txinako Wuhamen koronabirus berri baten lehen kutsatzeak notifikatu zirenetik.

Eta gaixotasunaren zabalkundeari aurre egiteko antolatutako eta bizitutako esperientziak, txertoen garapen eta erabilerak gehi birusaren etorkizuneko dinamikaren inguruko ezezagutzak oraindik ere jartzen gaitu epe luzeko osasun-emerjentzia denbora posibleen aurrean.

Shock soziala, ekonomikoa, 3.500 inguru hildako Euskal Herrian, munduko rankingen buru gaudelarik… Ageriagoan geratu da bizi dugun mundu ekonomiaren antolakuntza kapitalista dela benetako birusa. Gabezia, desastrea eta porrota.

Ageriagoan geratu da errenta inperialista tekno-militarrean oinarritutako oligopolioen mundu ekonomia espekulatibo gainfinantziarizatutako sistemaren inbiabilitatea lurraren muga biofisikoak eta erreprodukzio zikloak errespetatzeko eta pertsonen artean bizitza zoriontasunean eta modu orekatuan antolatzeko. Arazo zahar eboluziozkoa eta sistemikoa, krisi adierazpen berriekin. Neoliberalismoa izen arruntaz ere ezaguna dena gure artean.

Eta, testuinguru honetan, euskal sindikatu txiki batek eta Oinarrizko Errentaren aldeko Sarea elkarteak iragarri dute Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko asmoa dutela Gasteizko parlamentuan, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko helburuarekin.

Proposamenak jasotzen duenez, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta-lege bat ebaztea da helburua. Hau da, erkidegoko pertsona heldu orok eta 18 urtez azpiko pertsona independizatu orok 895,63 euro jasoko lituzke hilero oinarrizko beharrak asetzeko, inongo kontraprestaziorik gabe eta edozein lan motaren pean jendartearekiko zerbitzu ekoizpenetatik independente. Bestelako adingabe guztientzat 179,13 euroko errenta proposatzen dute.

Ekimenaren sustatzaileek azaltzen duten moduan, neurri horrek lau helburu bete nahi ditu: populazioaren autonomia eta askatasun errealaren gradua igotzea enpleguaren munduko hautapenetan, formaziozko aukeretan eta eraiki daitezkeen bizitza proiektuekiko, jendarte parte hartzaileagoa, solidarioagoa eta kolaboratiboagoa lortuko duelakoan; gutxiengo errenta bermatuen sistema gainditzea; pobrezia bukatzea; eta, azkenik, bizi irauteko era partzialean edota osoki prestazio asistentzialen bidez dependentzia duen populazioaren estigmatizazioa saihestea.

Epe luzeko buelta, informazio eta kontraste batzuen osteko komentzimendu batek bultzatzen nau adieraztera bide eraldatzailerik gabeko proposamena dela Oinarrizko Errenta Unibertsalarena. Euskal Herriko eta enazioarteko aktibista batzuk insistentziaz defendatzen badute ere errepublikartasunaren bidezko nolabaiteko sozialismo baten jomugara ailegatzeko tresna dela, ezkerrak eta eskubiak babestu dezakeen urrats iraultzaile bideragarri bat pobrezia saihesteko, alegia.

Ez dut ezta zipitzik ere ikusten hori horrela izan daitekeenik. Neoliberalismoa gaindituko duen mundu eta tokiko sistema berria gaurdanik eraikitzen joateko, desastrezko eta shock sozialetako jomuga kolapsozkoei aurre egiteko, pobrezia saihesteko eta lan munduan finkatuta dagoen jarduera eta ekoizpen kaltegarri eta inutilen kopuru handi bat deseraikitzen eta eraldatzen joateko —hau da, bizitza sostengarri eta bizigarri egiten duen elikadura, zaintza, hezkuntza, energia, arteak, etxebizitza, naturaren zaintza… hori dena lortzeko—, ezinbestekoa da pertsonen lana. Programatuak, antolatuak eta monetizatuak diren lanak. Eta sektore estrategikoak despribatizatzea. Ekonomiaren kontrol demokratikoa. Lan partekatu, beharrezko eta duinen ardatzean antolatutako jendartea.

Lan egin nahi duenak eduki dezala lanpostu monetarizatu, duin eta zentzuzko bat, sektore pribatuari inposatuaz gutxiengo soldata eta baldintza orokortuak. Moneta teoria modernoak eta lan bermatu unibertsalaren munduko mugimenduen proposamen eta probak etengabean adierazten diguten bezala.

Ez dago ikusezinezko esku bat merkatuetan pertsonen eta jendarteen ongizatea lortuko duenik norbanakoen interes lehiakorrak sustatuaz. Ez horixe. Hor dago bizi gaituen desastreen eragile filosofiko funtsezkoetako bat. Baina merkatuetan ez badu funtzionatzen ikusezinezko esku batek, merkatuetatik kanpo ere ez dago ikusi ezinezko eskurik, oinarrizko errenta unibertsalaren defendatzaileek iradokitzen diguten bezala.

Errezeta? Lanaren demokratizazioa, desmerkantilizazioa eta deskontaminazioa ardatz. Feminismoaz. Euskaraz. Burujabetza osoa. Autodeterminazioa. Zero langabezia. Zero prekaritatea. Lan jardunaren denbora 30 ordura jaistea erosteko ahalmena mantenduz. Gutxieneko soldata, 1.200 euro. Gutxieneko pentsioa, 1.080 euro. Langabezia prestazio indefinitua, 1.200 euro. Formazioko oinarrizko errenta haur, nerabe eta gazte-helduentzat. Ekonomia zirkularra eta deskarbonizatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.