Oinarrizko errenta eta askatasunaz gabetuak

Bego Oleaga Erdoiza
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zer gertatzen da bizitzatik, ingurunetik edo jendearengandik urruntzen zaituztenean eta 3, 6, 10, 20 edo 25 urtez sozialki isolatzen zaituztenean? Nor dago kartzelan? Zer dakigu Zaballako makrokartzelan zigorra betetzen ari diren gizon-emakumeei buruz?

Hainbat hamarkadatan Zaballako espetxean zigorra betetzen ari diren presoak artatzen ari garenok hausnarketa egin nahi dugu Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Errenta ezartzeak kolektibo horri ekar diezazkiokeen aukerei buruz.

Pentsa dezagun une batez kartzelan, gizarteak ezagutzen ez duen erakunde boteretsu horretan. Mikrokosmos sozial bat bezalakoa da, gizartean dauden arazo guztiekin.

Uste dugu giza eskubideak funtsezko gakoetako bat direla askatasunik gabe dauden pertsonei arreta emateko orduan, bai premia ugari biltzen dituen kolektibo kaltebera direlako, bai espetxean egoteak dakarren errealitateagatik. Gogoan izan behar dugu askatasunerako eskubidea oinarrizko eskubide garrantzitsuenetako bat dela, eta eskubide horiek kentzeak ondorio larriak eragiten dizkiela pertsona horiei. Askatasunaz gabetzeko zigorrek, birsozializazioak eta berreziketak konstituzio-orientazio bikoitza izan behar dute, eta horiek ere erreferentziatzat hartu behar dira; horregatik, presoek zigorra ingurune irekian betearaztea lehenesten duen betetze-eredu bat eskuratu beharko lukete, arretarako baliabide espezializatuekin. Gizartean betetzeko eredu bat defendatzen dugu, eta komunitatearen laguntza izango lukeena.

Askatasunaz gabetzeko zigorra betetzen duten pertsona gehienek defizitak eta premiak dituzte —hezkuntzakoak, sozialak, prestakuntzakoak, osasunekoak, ekonomikoak edo emozionalak—; horiek artatzeko bitarteko espezializatuak behar dira, eta erantzukizuna komunitatearena eta erakunde publiko eta sozialena da.

Gainera, espetxean dauden pertsonek oinarrizko beharrak izaten jarraitzen dute (jantzi, oinetako, garbiketa eta higiene produktu, telefono-dei, kafe edo tabako...). Badira jarduera ordaindua (soldata baxuekin) edo pentsioren bat izan dezaketenak. Ehuneko handi batek familiaren laguntza jasotzen du, horrek dakarren karga ekonomikoarekin. Baina bada diru-sarrerarik ez duen pertsona-multzo bat ere.

Irteera-prozesuak hasten direnean (bigarren mailako baimenekin, erregimen irekiko eguneroko irteerekin eta abar), gastuak areagotu egiten dira garraioarekin, elikadurarekin, telefoniarekin, ostatua bilatzearekin eta abarrekin batera. Badira delituaren ondorioz erantzukizun zibilari aurre egin behar diotenak, seme-alabak zaintzen lagundu behar dutenak... Beste batzuek premia handiak dituzte osasunaren arloan (Gizarte Segurantzak bere osotasunean estaltzen ez dituen medikazioa, protesiak, hainbat patologia odontologiko, betaurrekoen beharra eta abar).

Eta badator askatasun desiratu eta aldi berean beldurgarria. Nola egin aurre, zaurgarritasunetik, gizartera itzultzeari? Espetxetik irtetean bizitza bat berregitea oso garestia da emozionalki, sozialki eta ekonomikoki.

Familiarteko eta adiskidetasunezko loturak mantendu ahal izan dituztenentzat, egin beharreko bidea ez da hain zaila izango. Baina ez da hori espetxetik ateratakoen sektore garrantzitsu baten errealitatea. Pertsona batzuek beren jatorrizko lekuetatik kanpo betetzen dute zigorra, pobreak dira, osasun-arazoak dituzte (toxikoak kontsumitzearen ondorioz, gaixotasun mentalen baten edo-eta kondena luze baten ondorioz), familia-harremanak kaltetuta egon daitezke, kanpoko gizarte-baliabideek gero eta zailtasun gehiago dituzte kolektibo hori artatzeko, eta, batez ere, erabat bakarrik eta noraezean senti daitezke.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta izateak, zalantzarik gabe, onura garrantzitsuak ekarriko lizkioke aipatzen ari garen esparruari, pertsonak duindu eta ahaldunduko bailituzkete.

Espetxean

- Askatasunik gabe dauden pertsonek eguneroko eta ohiko gastuei aurre egin ahal izango liekete, familia-ekonomiak zergapetu gabe.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta izateak kartzela barruko bizi-kalitatea hobetuko luke, autonomia lortuko lukete, osasun mentala eta autoestimua hobetuko lituzkete.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentak presoen arteko desberdintasun ekonomikoak eta boterea murrizten lagunduko luke, jarrera matxistak, arrazistak edo, besterik gabe, pertsona babesgabeenen aurkako jarrerak gutxitzeko.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta bat izateko eskubideak espetxearen barruan ere kanpoan dauden lanen antzeko baldintzetan lanak egotea lagunduko luke.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentak aukera emango luke erantzukizun zibilei aurre egiteko, espetxetik berme gehiagorekin irteteko plangintza egiteko, seme-alabak edo beren kargura dituen senideak zaintzearen kostua ordaintzen laguntzeko, eta abar.

- Aurreikus daiteke delitu-jarduerak behera egingo lukeela, eta, ondorioz, delituetatik eratorritako kostuak nabarmen aurreztuko liratekeela, eta, gisa berean, ondorio emozionalak eta giza sufrimenduarenak murriztuko liratekeela (biktimengan eta biktimarioengan).

Espetxetik kanpokondena betetakoan

- Espetxetik kanpo, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ezinbesteko tresna bihurtzen da bizitza berri bat baldintza duinagoetan hasteko.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentak ahaldundu egiten du hura jasotzen duena, autonomia sustatzen duelako, bizi-proiektuak egiteko aukera ematen diolako, norekin bizi erabaki dezakeelako. Hau horrela da bereziki tratu txarren biktima diren emakumeen kasuan.

- Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta, pobrezia-egoera arintzean, tresna eraginkorra izango da estigmatizazio eta zaurgarritasun egoerei autoestimu handiagotik aurre egiteko.

Preso eta preso ohi guztientzat, baina batez ere babesik gabeko biztanle-talde guztientzat, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta izango da ibilbide berrian integratzeko eta komunitateko kide izateko aukera emango dien txertorik onena.

ARTIKULUA ELKARTE HAUEK ERE SINATU DUTE: Sidalava Arabako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordea, Adap Presoei Laguntzeko Elkartea, Etxerat elkartea eta Gao Lacho Drom ijito elkartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.