Oihartzun biblikoak Gazan

2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ezin liteke ulertu Gazako palestinarren aurkako eraso gupidagabea aurrekari historiko eta ideologikoak kontuan hartu gabe. Oso atzera joan beharrik ez da, askotan herri juduaren historiak dena justifikatzen duela ematen duen arren, jokoan kontzeptu moderno askoak daudela ohartzeko.

Seguritatean eta zilegizko defentsan hainbat muga igaroezin dira gerraren gaineko legeria dagoenetik. Gerra legitimoetan ere ez dira tortura, populazio zibilari eraso egitea eta desproportzionaltasuna onartzen. Joan den mendeko bi Mundu Gerretako sarraskiak dira araudi horren arrazoi. Hirien gainerako bonbardaketak, arma nuklearren erabilpena edota genozidioa izan ziren mugarri, eta oraingoz hor diraute gerra arautzeko gutxieneko arau batzuek.

Azken asteetan Gazan gertatzen ari dena (post)kolonialismoren enegarren ale huts gisa ulertu izan da. Garbi dago Israelen sorrera mendebaldeko interesen karietara etorri zela, honen irrika geoestrategikoen mesedetan. Israelen egitekoak garai batean itsasontzi batzuei erasotzeko ematen zitzaien mugagabeko baimenaren antza dauka (gaztelaniez, patente de corso/lettre de marque). Honez gainera, inperialismoaren beste osagarri ezinbestekoak ere tartean daude txertatuak, arabiarren aurkako arrazakeria, besteak beste. Zentzu etimologiko estuan: antisemitismoa hau bera ere. Alabaina, irakurketa honetan geratuz gero, auziaren zirrikitu interesgarri batzuk ostenduta geratzen dira.

Nazionalismoa pentsamendu modernoaren indar eraginkorra dela ezin du ukatu ezta kosmopolita handienak ere. Ezagutzen ditugun errepublika gehienak indar bateratzaile horren ondorengoak dira, eta, halaber, aspaldiko monarkien justifikatzaile gisa ere jokatu du. Pentsamendu ofiziala, ordea, behin estatu nazional nagusiak ezarri ondoren, hortik aurrerako herrien aldeko mugimendu politikoak zapuztearen aldekoa izan da, statu quo-a arriskuan jartzen dutelakoan. Salbuespena sionismoarekin egin izan da.

Sionismoaren hastapenak pentsamendu garaikidearen isla dira: estatu berri bat gauzatzeko identitate iraunkor baten gogoa. Areago, sionismoa nazionalismoaren emariaren erdian egon gabe, beste ideologien adjektiboa izan zen. Alegia, sozialismo sionista izan zen originala, eta ez sionismo sozialista. Moses Hess sozialista lehen sionistetako bat izan zen, eta hasierako kolonizazio ez inperialistak ideologia honen harikoak izan ziren. Garai hartan herri identitatea identitate erlijiosoaren gainean zegoen nabarmenki, interpretazio erlijiosoek ez baitzuten derrigorrezko ikusten amets biblikoaren gauzatze historiko-geografikoa.

Gauza da, ordea, lehen mugimendu nazionalista sekular honek estatu baten sorreran lagundu ondoren, Israeleko estatuaren egungo interpretazio erlijioso erreformista, militarista eta antiarabiarra beste ikuspegi guztien gainetik gailendu dela, eta, esaterako, haren izena Eretz Israel jartzerakoan (hitzemanda zegoen ez bezala) oihartzun biblikoak nahastu egin zituela. Harrez geroztik, herritartasuna ez dagokio lurralde jakin batean bizi denari. Kontrara, aitortutako mugak lausotu, populazio arabiarra erbesteratu, eta herritarren artean mailak ezarri dira, baita juduen artean ere.

Horregatik da hain harrigarria nazionalismo etnikoaren eta integrismoaren ustezko etsaiak Israeleko estatuaren defendatzaile akritikoak izatea. Hau da beste arrazoi bat gure arteko pentsalari korrektoei usain txarra hartzeko.

Juduen identitatea, etnia eta erlijioarekin ez ezik, tradizio kultural batekin lotuago egon da orain baino lehen. Mendez mende tradizio filosofiko-etiko aberatsa gauzatu da tolerantziaren eta hurkoarekiko errespetuaren gainean pentsalari andanaren idazkietan.

B. Spinozak erlijioaren eta politikaren arteko lehen bereizketa modernoa egin zuen, eta Ilustrazio juduak deismoaren aldeko apustua. Pentsamendu garaikidean, W. Benjamin eta H. Arendt, joan zirenen artean, eta gaur egun N. Chomsky edota J. Butler, besteak beste, alor askotan erreferentzia erradikalak dira. Pentsamendua ez da tankera batekoa juduen artean; estatua gauzatzerakoan estatuaren bertsio makurrena azaldu duen arren.

Sarraskiaren aurrean dugun jasangarritasun etikoa besarkatutako kosmobisioaren araberakoa den arren, Shoah-ren aurrean zirrara sentitzen duenak oraingo eskolen gaineko bonbardaketen aurrean ere zirrara sentitu beharko luke humanismo orokor, edo judu (Levinas), baten izenean.

Estatu bakarraren asmoa aspaldi albo batera utzita, estatu palestinar sendo, sekular eta baketsu batek, ganoraz gauzatzekotan, Israeleko estatu sekular, mugatu eta bermatu baten ondoan beharko luke. Horretarako, behar diren jarrera aldaketa intelektual guztietarako bidea leunduz, erasoak eta sarraskiak saihestuz, bi herrien arteko bizikidetza posible dela pentsatu behar da, atzerako bidaia absurdoetan abiatu gabe. Akaso Hegoafrika modernoan Mandelak afrikanerrak egotziz lortu al zuen bakea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.