Berriz ere futbolarekin gatoz. Aurrekoan zera idatzi nuen: «Hego Euskal Herrian identitate kolektiboen artean indar eta oihartzun handiena futbolak izango du seguru asko». Oraingoan identitate kolektibo erakargarri horren atzean dagoen nazioaz mintzatu nahi nuke. Irakurleak badaki oraindik orain Espainiako futbol selekzioak zer-nolako balentria egin duen Alemaniako Eurokopan.
Hegoaldeko abertzale batzuentzat kezkagarria da oso futbolaren inguruan dagoen asimilazio nazionala. Iparraldeko abertzale batzuei ere gauza bera gertatzen zaie, nonbait. Eneko Bidegaini zor diogu hangoaren berri: «Frantziak Munduko futbol kopako finala [2018] jokatzeak —eta irabazteak— karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi. Uholde zuri-gorriurdin batek estali zituen Ipar Euskal Herriko herriak. Eta gogoeta etsitua: non dago «Hau ez da Frantzia?» aldarrikapenaren indarra? Zer lortuko dugu horrelako nazio ikuspegi frantsesa duen jendearen erdian itorik?». (Enbata, info, 2018-08-27).
Frantziak sekulako gola sartu omen zigun euskaldunoi. Orain Espainiak sartu digu Oiartzabalen bitartez. Orduan Bidegainek sentitu zuen kezka bera sentitzen dugu orain Espainiaren garaipenak Hegoaldean eragin duen espainoltzearekin. Hemen ere «Hau ez da Espainia» esan ohi dugu, baina gure pentsamendua ez dator bat errealitatearekin. Oiartzabalen gol espainolak poz handiagoa sortzen du euskalduntasunaren aldeko zinezko politika batek baino. Askoz handiagoa. Erraietaraino espainolduak gaude, eta futbola da, besteak beste, horren erakusgarri.
Kirol batzuetan gure kontzientzia nazionala hobeto dabilela dirudi. Ibai Zabalaren hitzok hori pentsarazten digute: «Agerraldia egingo dute datorren larunbatean Hendaian beren burua soinean jarri nahi dieten elastikoaren koloreekin irudikatzen ez duten hainbat euskal pilotarik. Bidasoaren alde bietako pilotariek hartuko dute parte, zazpi herrialdeetako ordezkariak izango dira, gure herria nondik nora zabaltzen den marraztuz. Eta Frantziako eta Espainiako federazioei datorren Munduko Txapelketan haien koloreen eta herriaren izenean uko egingo diotela esango diete, zapaltzaileei eta zapalduei izenak eta izanak jarriz». (BERRIA, 2024-06-27).
Noiz ikusiko ditugu Espainiako futbol selekzioan jokatzen duten euskal futbolariak nazio zapaltzailearen selekzioari uko eginez pankarta baten atzean? Noiz ohartuko dira soinean janzten duten elastikoaren koloreek euskaldunon hondamendi soziolinguistikoa eragin duten nazioaren koloreak direla? Euskaldun izateak zertarako balio die Oiartzabali eta enparauei euskalduntasun hori izaera eta funtzio etnofolklorikora kondenatzen duen nazioa Espainia denean? Noiz arte izango gara etxekalte, handikeriaren aparretan horditu ordez?
Ez nuen ezagutzen Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariaren abertzaletasun zinezkoa, Ibai Zabalaren artikulua irakurri arte. «Honako hau zioen duela urte erdi Argia-n egin zioten elkarrizketa batean: ‘Esan nienean ez nintzela joango, erantzun zidaten, ‘Ez zara joango? Mundial bat galduko duzu?’ Bai, bai. Ez dit konpentsatzen bularrean Espainiako bandera eraman behar badut. Zentzu horretan argi daukat. Eta nik argi daukadan moduan, uste dut beste batzuek ere argi eduki beharko luketela, eta ez daukate; galdu egin da hori».
Euskaldun gisa existentziaren kinka kolektiboki eta pertsonalki bere baitan sentitzen dituen abertzale baten bizipenak dira Azkorbebeitiarenak. Munduan izateko eta bizitzeko nazio baten nortasun-izaerari eutsi nahi dion jarrera duina. Naziotasuna eta euskalduntasuna txikitu eta erauzi dizkigun nazio espantsionista baten aurrean nor izatea. Euskaldun gisa nor izatea ez baita Espainiaren edo Frantziaren koloreak aupatzea. Alderantziz baizik: euskalduntasunetik jardutea, nazio zapaltzailearen aurrean men egin ordez.
Telebistari begira nengoela neu ere harri eta zur utzi ninduen Donostiako badian ikusitakoak. Honela kontatzen du Ibai Zabalak han gertatua: «Bi bide har genitzake. Bata, inposizioen eta euskaldunok geure buruaren jabe izateko ezin horren aurrean, diskurtso propio eta bateratua sortzea; eskutik hartuta, hitzez eta ekintzaz guztiok defendatuko duguna. Finean, herri gisa jokatzea. Bestea, aldiz, azken urteetan indartzen eta trinkotzen ari den asimilazioa elikatuz jarraitzea; esaterako, Donostiako badian piperpoto gorri-horidun bandera astintzen ari den euskal patroiari arraunak altxatuz edo frantziar koloredun eskumuturrekoa daraman puntista lapurtarrari txalo joz. Gure esku dago».
Noizkoa da benetako Euskal Herria? Gaztetan ia dena posible zela pentsatzera iritsi ginen herri hura edo oraingo hau? Orain gure herriaren aurkako nazio asimilazioaren lanak hain errazak baldin badira Espainiarentzat, erabat oker geunden geure egoeraz eta ahalaz. Egoera nazionala askoz ere okerragoa zen, eta gure ahalak hutsaren hurrengoak, orain espainoltze-indar honek harrapatu gaituen bezala harrapatzeko; inolako erreakzio gaitasunik gabe, alegia. Gertatzen ari zaiguna ikusita, Espainiak eta Frantziak aski baitute futbolaz baliatzea, besteak beste, gure erresistentzia nazionalaren hondarrak xehatzeko.