Ohitura txarrak, berriro ere

2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Edozein koloretako gobernu eta komunikabide publikoen arteko harremana polemikoa izan ohi da. Praktikak erakusten duenez, zaila da gobernu batek telebista eta irrati publikoen organoetan eskua ez sartzea, era agerikoan edo diskretuan bada ere.

Euskal Herrian, EAJ inoiz ez da era diskretuan aritzen saiatu EITBren kasuan. Haren burukideen —aginte handikoak batzuk— eta irrati eta telebista publikoaren arteko harremana agerikoegia da. Izan ere, batzuetan eman den irudia izan da alderdian gora egin dutela EITBn egindako lan «ona» ordaintzeko.

Alfredo Urdaci PPn kargu politiko izendatu izan bazuten, polemika bizia piztuko zen. Ba Andoni Ortuzarrek oso lan kritikatua egin zuen; EITBko zuzendari izaten hasi, eta BBB boteretsuko presidente bihurtu zen. Eta ez da kasu bakarra; akaso, hori bai, deigarriena. Baina Bizkaiko EAJn Ortuzarren ordezkoa izan denak ere telebista publikoarekin harreman estua du, eta, atzerago begiratuta, antzekoak dira Gorordo, Ortuondo eta Zarraoaren kasuak. Are gehiago guztiak ez ziren, EITBren estatutuek agintzen duten bezala, aukeratuak izan. Era berean, erakunde publikoko langile izandako asko EAJren ordezkari politikoak edo instituzional bihurtu dira. Eta kezkagarriena: EITBn lan egiteko aukeratuak izateko baldintza nagusia ez da —ez beti, gutxienez— curriculumik egokiena izatea, baizik eta harreman politiko jakin batzuk edukitzea.

Jeltzaleek uste dute euskal erakundeak beraienak direla; beraiek «erditu» ziren erakunde horietaz, errepikatzen dute beste batzuk ere han geundela ahaztuta. Beraz, EITB ez da kasu bakarra, baina komunikazio arloari buruz ari garenez, begi-bistakoena da.

Eta saioek —batez ere informatiboek— duten alde politikoa kontuan hartuta, eta kazetari eta zuzendarien lan gaitasuna zalantzatan jarri gabe ere, hori oso kritikagarria da. Disimulatu ere ez dute egiten, esan dut hasieran. PSE Eusko Jaurlaritzara iristean, komunikazio talde bati lotutako irrati pribatua eratu zuen EAJk. «Errealitatea aldaketarik gabe» izan zuen bere lehenengo lema, gertatu zen aldaketa ukatzeko saio barregarria eginez. Han lan egiten hasi ziren esatari garrantzitsuenak EITBn arituak ziren, eta, naturaltasun osoz eta gorritu gabe azaltzen zutenez, enpresaz aldatzearen arrazoia lan berdina egiten jarraitzea zen. Antza, normala iruditzen zaie irrati publikoan zein alderdi politiko bati lotutako irratian kazetaritza berdina egitea.

Orain, EAJren diskurtsoaren eragina nabarmenegia da EITBn, berriro ere. Zuzendari berria bere bulegoan esertzeko ia denborarik izan gabe ere, jeltzaleen estrategiaren tresna dira informatiboak. Adibidez, indar subiranisten metaketari buruz hitz egitean, EITB behin eta berriro saiatzen da EH Bildu Sorturekin identifikatzen, ongi baitaki koalizioak hazteko duen aukerak bere barne aniztasunarekin zerikusi handia duela.

EAJ euskal irrati-telebista publikoaren ardura nagusia izandako aurreko garaian jasotako kritiken tamainakoa izan zen jeltzaleen haserrea, PSEk erakundean aldaketak egin zituenean. Haserrearen ondorioz, jeltzaleek boikot kanpaina latza jarri zuten martxan, eta, arrazoitua baino amorratuagoa izan zen arren, fruituak eman zituen.

PSE ere alderdikeriaz aritu izan zen EITBn, hori ez dugu zalantzan jarriko, baina egia da sentsibilitate handiagoa izan zuela zenbait kontutan. Izan ere, kritika asko dago Alberto Suriori egiteko, baina egia da haren aurrekoek ez duten curriculum luzea duela kazetaritzan, enpresa pribatuan.

Dena den, eta gaiari sakonki heltzeko, esan beharko litzateke ez dagoela alderdikeria ona eta alderdikeria txarra. Ahalik eta objektiboena izaten saiatzea da giltza. Eta onartzen dut kazetaritza objektiborik ez dagoela, baina badago bete beharreko gutxieneko oinarri bat. Nire ustez, gutxieneko oinarri hori oinak lurrean izatean datza. Zehazkiago esanda, bizi garen lur honetan eta bertan gertatzen denaren berri ematea eta bertako bizitzako protagonistei hitza ematea.

Era berean, EITBk bake soziala behar du bere barnean, bere langileen egoerari behin betiko konponbidea emateko. Lan berdina egiten duten pertsonen arteko lan baldintza eta soldata ezberdinak eta behin-behinekotasuna izan dira EITBren ezaugarriak urte luzeetan.

Harreman politikoak, entxufismoa, beste edozein lekutan polemika sortuko luketen lan egiteko moduak eta alderdikeriaz egindako informazio kudeaketa eguneroko gauza izan dira EITBn. Gaur ohitura zahar horiek aspalditik ezagutzen ditugun izenekin batera ageri zaizkigu gure telebista eta irratietara. Baina, ezer ez dela betirako frogatu dugun honetan —ezta EAEko erakundeetan ere— komunikabide publikoen oinarri zuzena jartzeko ahalegina egin beharko litzateke. Gure ustez, oinarri horren barruan garrantzi handia du informatzeak, gazte zein helduei aisialdirako aukera eraikitzailea eskaintzeak eta euskara eta gaztelerari tratamendu berdina (gutxienez) emateak..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.