Ohean hil

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Franco bezala, ohean hil daBilly torturatzaile frankista. Franco hil ondoren atxilotu ninduen Billy el niño deitzen genuen polizia beldurgarriak. Etxean lagun batzuk genituenez,«quien es Fito?», oihukatuz sartu zen gure gelan eta, egia esanda, besteek ezer esan ez arren, ez zidan batere graziarik egin hark bilatzen zuen hura ni nintzela aitortzea.

Trantsizioaren garaia zen, 1976an amnistia eskatzeko ahaleginak eta bi ari ziren antolatzen espainiar estatuaren lau izkinetatik, eta guk, presoak askatzearen alde, kartzela ihesa egin berri genuen Segoviatik hanka egiteko, baina ihes egindakoak harrapatu zituzten, ondoren gu, laguntzaileok harrapatu gintuzten... eta, azkenik, harrapatu ninduen hark.

Itaunketen istorioaren gorabeherak ez ditut berriz kontatuko, ez baitu merezi.

Dakienak badaki eta ez dakienak ere bai, jakin nahi ez arren.

Sutan jartzen zen gizona, amnistiaren gaia aipatze hutsarekin. «Zer uste ote genuen», zioen, «Frankismoa bukatzen ari zela edo»... eta nik, zer esango? Ahalik eta gutxien, noski, zeren, badakizue, «esaten duzun guztia zure kontra erabil daitekeen zerbait bihurtzen da-eta».

Halere, ez nuen uste nik, urteak pasa ondoren, guk borrokatutako amnistiaz baliatuko zenik basanimalia niri bezala beste askori orduan emandako tratuagatik beraren aurka jarritako salaketak gainditzeko. Bueno, Auzitegi Nazionalak zioen oraindik «ikertzen ari zirela» bere basakeriak eta, beraz, ezin zutela atxilotu.

Atxilotu zituzten, ordea, baina Auzitegi Nazional espainiarrak libre utzi zuen guk gure garaianborrokatutako eta berak, berriz, hainbeste gorrotatzen zuen amnistia aplikatuta. Orain hil da, ohean, Franco bezala, berak eragindako mina ordaindu gabe.

Baina trantsizio deitutakoa, ordea, gauzatu zen, bai horixe, eta, oro har, frankistak baliatu ahal izan dira guk borrokatutako amnistiaz.

Frankismoak berak eboluzionatu egin du. Orain, bistan da, demokratak omen dira orduko faxistak. Eta demokrazia eta amnistia eskatzeagatik jazartuak izan ginenok, berdin segitzen dugu, lehen bezain ezeztatuta gaude, ez baitugu, nonbait, behar bezala eboluzionatu espainiar bilakatzeko.

Frankismo eboluzionatua baita orduko indar errepresiboei esker eta, egun, eskubide politiko guztien defentsan, independentzia barne, aritzen direnen aurka bortizki joaz.

Frankismo hutsa delako soziologikoki oraingoz Espainian dagoena.

Ustezko Zuzenbide Estatua denontzako berdinak diren eskubide politikoetatik bereizita.

Horrela zen frankismoaren muina, eta horrela da, egun, frankismo eboluzionatua.

Billy el niño ezagutu genuenok Billy the Kid filma ikusita genuen, baita John Forden Stagecoach (Diligentzia) deritzana ere, non bidaian zebilen jende talde batek, suertatu zitzaien arriskuaren eta bortizkeriaren aurrean, nahiago izaten zuten, beren interesak babesteagatik, arerioarekin bat egin, beraiekin zihoan eta duintasun aski zeukan fama txarreko neskatila alboratu eta salatu.

Guy de Maupassanten ipuin batean oinarrituta dago filma, eta badu beste bertsio bat frantsesez, Mademoiselle Fifi izenekoa (1944), zeinean agerian geratzen den jende printzipalaren kolaborazionismoa Frantzia okupatuan. Haien laguntzarik gabe, jakina, ezin izango zituzten naziek frantziarrak azpiratu.

Frankismoen faxismoak kolaborazionismoagatik iraun du. Billy el niño kalean harro ibili da hil arte. Egin dituenak dakienak badakizki, eta ez dakizkienak ere bai. Justizia interditaren erresuman bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.