Ohar zenbait euskal neoliberalismoaz

2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Adolfo Txiki Muñozen El modelo neoliberal vasco liburu mardulak, EAJren politikagintza kritikatzen du nagusiki: EAJren praxi politiko-neoliberala ondo baino hobeto kulunkatzen da kapitalismo globalizatu liberalaren zirimoletan. Espainiako Estatuaren politikan ederto egokituta dago, Europako Batasunaren (EB) jarduera liberalak babestua. Liberalismo ekonomikoa eta EAJren idiosinkrasia bikote naturala da.

Egungo EAJren jitea Europako Batasunaren sorkuntzaren ondorioa da.II. Mundu Gerra suntsitzailearen ostean, estatu-kideek aurreikusi zuten europar estatuen ekonomia batu sendo batek bakea eta egonkortasuna bermatuko zituela. Europa bost estatu izatetik 27 izatera pasa da berrogeita hamar urteotan. Europa ekonomikoa gauzatu ahala estatuak ahulduz joan dira. EAJ ondo baino hobeto egokitu da europar eraikuntzan. 40 urtez indar hegemonikoa —bilakatu— da estatu gabeko Euskadi delakoan. Poliki moldatzen da, nazio eraiki gabeko eta lurraldetasun politiko finkatu gabeko euskal estatu-egitasmoaren aitzakian.

Liberal terminoak ez luke berez gaitzesgarria izan behar. Aitzitik, pertsonok irrikatzen dugun askatasunaren adierazle duzu. Alabaina, liberal ezaugarria jarduera ekonomiaren —politikaren mamia— osagarri nagusia bilakatu zenez geroztik, gizakion egoismoa kontrolagaitza bihurtu da. Egoismoa gizakion jarrera naturaltzat hartua da. Antzinako erregimenetan jainkoek erregularizatua, estatuak erregularizatu zuen Ilustrazioaren ondorengoan. Egun, estatu modernoaren eta ideologien krisiaren ostean, jendeon kontzientzia neoliberalismoaren —erabakimen askearen— ildoan arautzen da.

Politika liberalak finkatu dira botere ekonomikoen mesedetan. Izate-eremu komunitarioak suntsitzen ari dira neoliberalismoaren politika bitartez. Badira, bistan da, eredu neoliberalaren kontra borrokatzen diren erakunde alternatiboak. Neoliberalismoak erakunde hauen ezintasunak eta mugak —sindikatuenak, kasu— azalarazten ditu. Berbarako, EAJk klase sozialak direnik ukatzen du. Politika alternatiboak defendatzen dituzten herri-erakunde sozialei modu beligerantez oldartzen zaie.

Neoliberalismoak jendartearen espiritua eta eliteen interesa orekatzea du xede. EAJ da egungo elite ekonomikoen eta erakunde sozialen arteko norgehiagoka hobekien kudeatzen duena. Egungo jendartearen egituraketa dela eta, erakunde alternatiboek analisi sakonak eta praxi zorrotza landu behar dituzte alternatibak sozializatzeko. Botereak arras ongi maneiatzen du egungo propagandaren makineria. Herritarrok ezezagutza eta ezjakintasun handia dugu sistema liberalaren izaera eta muina ulertzeko.

Iraultza ekonomiko handiena iragan mendean eman zen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB). Filosofia politiko-sozial ekonomiko hura porrotean amaitu zen. Ideologia sozialistaren esperientzia bakarra izan da. Alabaina, sistema sozialista hark gauzatutako politika sozialek estatuaren ongizatea sustatzera behartu zuten sistema kapitalista, sozialdemokrazia ekarri zuena; egun suntsitzear dagoena.

SESBen porrotaren ondorengoa da globalizazioa. Sistema kapitalistak pertsonen kontzientean inoiz sustatu ziren egitasmo komunitarioak suntsitu ditu. Jendeok ez dugu tokian tokiko terminoetan pentsatzen, pentsamendu-jarduera globalizatu da. Internet bidez gauzatzen da norbanako gehienon pentsamendua. Zibernetika da pertsonon nortasuna estrukturatzen duen lanabesa.

Liberalismo ekonomikoak ezkerra eta eskuina homologatu ditu.

Egungo ezker instituzionala sostengatzen duten alderdiak ez dira filosofia sozialistaren ildoan eratu. Ezkerra ez da sozialista. Ezkerra terminoa Frantziako Iraultzan jaio zen, eta funtsean, klase burgesaren defentsan garatu zen. Egungo demokrazia liberalaren eredua antzinako erregimeneko kulturaren, komunismoaren porrotaren eta kapitalismo oligarkikoaren uztartzearen ondorioa da.

Ezker instituzionala ez da gauza eskuinaren jarduerari aurre egiteko. Eskuina —jeltzaleak: Jainkoa Eta Lege zaharra gurean— antzinako erregimenaren indar faktikoei eta egungo oligarkia-ekonomikoari lotuta dago berez. Ezker instituzionala ez da gai, itxuraz eskuin izateari utzi dion eskuin instituzional liberalari aurre egiteko. Ezker instituzionalak sozialismoaren balioak sustatzeko politika egiten omen du, baina borrokatzen dituen balio kapitalisten sostengatzaile bilakatu da. Ezkerreko politika instituzionalaren eta ekimen sozial alternatiboen arteko transmisio uhalak ahulak dira.

EH Bilduren hegemoniak Hego Euskal Herriko ezkerraren aro berria ekarriko du. EH Bilduren politika—kultura politiko oldarkor baten ondorengoa— sistema kapitalista-liberal-ekonomikoaren engranajearen uhala izatera pasako da. EH Bilduren helburua botere politikoa lortzea da eta boterearen kultura sustatzen du eginbide horretan. Sistema kapitalista-liberal-ekonomikoak eskuineko zein ezkerreko alderdiak eta sindikatuak elkarren aurka borrokatzera behartzen ditu errealitate konplexu batean. (Gure) Hegoaldeko ezkerreko ekimen-sozialak eta sindikalak nekez moldatzen dira ezker instituzionalizatuarekin.

EH Bilduk ez du sustatzen norbanakoaren kontzientzia. Iraganeko ezker abertzalean errotutako kultura politikoak kontzientzia libreak zapuztu dituelako. Bere izatearen funtsa instituzioetan dago, horietan egokitzen —erakundetzen— ikasten ari da. Egungo alternantziek ez dute egungo eredu instituzionala aldatzeko ahalmenik. Ezker instituzionalarentzat alternantzia da xedea, baina ez dauka alternatibarik. Estatuan izan den esperientzia (Podemos-Sumar) errepikatuko bide da Hegoaldean.

EH Bilduk EAE gobernatuko bide du aurki. Alta bada, ideologia neoliberalaren ekonomiaren engranajearen uhala bihurtuko da. EH Bilduk ez baitu jarduera politikoa sustatzen, hegemonia emanen dion politika instituzionalizatua baizik. Botere instituzionala —EAJ eragile berebizikoa izaki— ari da zoru-politikoa lantzen alternantziarako. Ordea, jendartea eta langileria ez dira sinonimoak. (Gure) Hegoaldeko jendartea sistema liberaleko merkatu kontsumistaren agergarri bizi-bizia da.

OHARRA:Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/euskal-eredu-neoliberala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.