Adierazgarria da —oso— hizkuntza erromantze gehienek (travailler, traballar, treballar, trabalhar) latineko etimo beretik tira egin izana ogibidea —ogia lortzeko egiten duguna—, lanbidea izendatzeko.
Tripalium-tik abiatzen dira; jatorrian animaliak ferratzeko edo markatzeko erabiltzen zen tramankulua eta gero jendea torturatzeko oinaze-zaldi bihurtu zena. Benjamin Veschik, etimologia.com webgunean, oso ondo azaltzen du tormentu hori zertan zetzan, eta bere konnotazio-balioa: tripaliare.
Deigarria da nekazaritza-munduan (laboratzea), zientifikoan (laborategian), akademikoan (elaboratzen) edo bizitza monastikoan (ora et labora), laborare sustraia nahiago izan genuela.
Adierazgarria da ere —oso— euskarazko landu, aditu batzuen arabera, latineko planctum (llanto) hitzetik etortzea. Bitxia da ingelesek Bibliako Job pertsonaia jasankorraren izena erabiltzea lana izendatzeko: Jobek hamaika ezbehar jasaten ditu. Bestalde, work hitza protogermanikotik —werka— dator (esfortzua). Laburbilduz, kultura gehienetan lana zigor gisa ulertzen dugu, sufrimendutzat; estiratzat.
Lanera bueltatzekotan gauden data hauetan gogoeta hauek eta beste batzuk sortu zaizkit; nik ere izan dut oporren osteko sindromea; egun, gau batzuk behar izan ditut nire tripalium-ari, nire lanari, zentzuren bat aurkitzeko. Ez legoke batere gaizki jakitea zer ekartzen digun gure lanak, zein neurritan aberasten edo astotzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; zenbateraino, lanbide gisa gure izenaren azpian agertzen den termino horrek deskribatzen gaituen.
Gai hau Isaac Rosaren narrazioek eta eleberriek ederki islatzen dute. Bere Tiza roja-ko ipuinei esker, edo La mano invisible bezalako eleberriei esker —David Maciánek zinemara eramana—, hobeto ulertzen dugu zer den lan-prekarizazioa eta zer dakarkigun horrek. Protagonistek harreman toxikoa dute egiten dutenarekin, egitera behartzen dituztenarekin. Ofizioa, ogibidea, nortasun, zentzu bat ematen ziena, disfrutatu ere egiten zutena, labirinto bihurtzen da. Bereziki hunkitzen gaituzte igeltseroaren burutazioei emandako orriek: inoiz ez dugu pentsatzen bizi garen eraikina altxatu dutenengan, tabikatu dutenengan, egurats gorrian; nori zor dizkiegu zoriontsuak garen espazioak, gure seme-alabak sortzen ditugun, makarroiak prestatzen ditugun edo hil ere egiten garen metro karratu horiek.
Gure lanbideetan bizi ditugun sentimenduak agertzen dira ere —Lugar seguro edo El país del miedo— Rosaren narrazioetan. Konplizitatea, baina baita beldurra ere. Konfiantza eta alienazioa.
Isaacen literaturarekin José Antonio Gonzálezen izena datorkit gogora, bero-kolpe baten ondorioz Vallecasen hildako kale-garbitzailearena; betiereko bitartekotasunak, enplegu publikorik ez sortzeko administrazioaren azpikontratazioak eta abar. Ezkutuko ekonomia, autonomo faltsuak, bizikletako banatzaile akituak...
Ez, ez legoke batere gaizki data hauetan pentsatzea ogia lortzeko egiten dugun horrek ea garatzen edo kirtentzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; noraino gure izenaren azpian agertzen den termino horrek deskribatzen gaituen.
Ea bizia ematen edo kentzen digun.
En fin.