Lerro hauetan azaltzen diren burutazioak hauteskunde kanpainan argitaratzeko tentaldia izan nuen. Haatik, azkenean gerorako uztea erabaki nuen, gaia hotzean aztertzearren. Alabaina, hauteskunde atarian gaude berriro ere, eta EH Bildu ETArekin nahastuko dutelakoan nagoenez, zenbait ohar azaltzea gustatuko litzaidake.
Izan ere, ETA aspaldi desagertu zen arren eta hilda egonda ere, badirudi, Cid Campeador-ekin bezala, erabilgarria dela gatazka politikorako. Baina, EH Bildu sortu zenean, ETA jada ez zegoen jardunean, eta, gainera, hiru osagai politiko desberdinekin (Sortu, EA eta Alternatiba) sortu zen. ETAren jarduerarekiko, azken biak nahiko kritikoak.
«Dena ETA» zein garaian, jende asko sartu izan zuten kalifikazio horretan eta, ondorioz, injustuki zigortu. Egun, nahiz eta akusazio haiek gezurra zirela frogatutzat eman, berriro, ETAko kideak izandakoak balira bezala kalifikatu dituzte (Teresa Toda, adibidez, bere bizitza guztian borrokarako tresnatzat luma edo ordenagailua beste ezer erabili ez duena), eskrupulorik gabe. Horrez gainera, etakide ohiei ere, beren zigorra beteta eta legalki politikan aritzeko oztoporik ez izan arren, politikan aritzeko zilegitasuna ukatzen diete.
Erreinsertzioa hitz edo kontzeptuaz ahoa betetzen duten horiek, horretan sinesten ez dutela erakusten ari dira. Hau da, badirudi behin terrorista izateagatik zigortuak izan zirenak, betirako gaitzetsiak izan behar dutela, baldin eta beraiek jarritako parametro batzuetara egokitzen ez badira. ETAko kide ohia PSE-EEn edo PPn egongo balitz, onargarria litzateke, baina ETAko kide ohiak EH Bildun jarduten badu, berriz, gaitzesgarria da. Euren ustetan, ez baita damutu egindakoaz. Aita Santuak Goñiko Teodosio bere bekatuaz damutzeko Aralar mendian kateatuta bizitzera zigortu zuen gisa berean, hala, amaigabeko mea culpa belauniko errezitatzea eskatuko diete batzuei.
Alferrik da argitzea munduan zehar borroka armatuan edo terrorismoan aritutako politikari asko, geroago instituzioetan aritu izan direla. Alferrekoa da ere batzuk beren herritarren onespenarekin estatuburu bilakatu direla esatea. Adibidez, hor ditugu egun parlamentari, alkate edo zinegotzi diren, eta terroristak izandako Ipar Irlandako errepublikano eta unionistak. Hor ditugu ere Israelgo politikari garrantzitsuak (Yitzhak Rabin eta Menahen Begin, Haganakoa lehena eta Irgunekoa bigarrera, horien artean), edo, ziurrenik internazionalki laudatuen izan den Nelson Mandela. Eta noski, Espainiako estatuan, diktatura kriminalaren ministro izandako Fraga Iribarne. Ez hain laudatua, baina bai onartua. Ordea, Espainia delakoan, aberriaren defendatzailearentzat, barkamen eta ulermena da dena. Aldiz, besteentzat, etsaientzat (hala baitira kontsideratuak), gorrotoa eta gaitzespena. Espetxe-politika aztertzea nahikoa zaigu mendeku politikoa zer den ulertzeko.
Zer esan dezakegu ETArekin zer ikusirik izan duten, baina sistemaren altzoan babestu diren hainbat eta hainbaten inguruan? Hor ditugu hain laudatuak izan ziren Mario Onaindia edo Teo Uriarte. Bere garaian biak terroristatzat kontsideratuak (biak hala biak, Amnistiaren Legea zela medio libre geratu, baina odolez zipriztinduta omen zeudenez, atzerrira estraditatu-kanporatuak eta herri mobilizazioei esker itzuli zirenak). ETAko militantea izandako Andoni Unzalu, duela gutxi arte esatari, eta PSOE-PSEko buruzagi eta parlamentaria izandakoa. Baita EAJko Jose Antonio Urbiola, Jose Manuel Bujanda eta Iñaki Gurrutxaga (Goiaren kabinete burua, hil arte), eta ezagutzen ez ditudan gehiago. EAJk jada ez du gogoratzen EGIko bi gazte (Artaso eta Azurmendi) zeramatenlehergailuaren eztandak hil zituela.
Ezin ahaztu Xabier Zumalde El Cabra, ETAn ibilitako pertsonaia mitiko eta militaristena, EAJren onespenarekin Berrozi taldea antolatzen ibili zena. Podemosen lerroetan ikusi dugu ETA-pm ohia den Jose Ramon Arrieta senataria. Noski, PPn ere badaude: hor ditugu, besteak beste, Mikel Azurmendi eta Jon Juaristi. Horiek guztiak beso zabalik onartuak izan ziren, eta eredugarri bihurtu.
Zein da kontua, orduan? Bada, batzuk, ETA uztean sistemaren altzoan babestu zirenak, horrek suposatzen duenarekin, barkatuak ez ezik, onartuak izan zirela. Besteak, berriz, ez. Zergatik? Nahiz eta borroka armatua baztertu, beren burua iraultzaile, alternatibo, ezkerreko abertzale edo, gutxien, 78ko erregimenaren kontrariotzat izaten jarraitzen dutelako.
Nik uste hor dagoela gakoa. Alegia, sistemarekiko integrazioa bultzatu dutenak, ongi etorriak dira politika instituzionalean. Berriz, EH Bildun militatzen dutenei (independentziaren eta sozialismoaren alde borrokatzen dutenei) peaje berezi bat ordaintzea eskatzen zaie. Jakina, hain garbi ezin dutenez azaldu, «odolaz zipriztindu izanaz», azaltzen dute betirako.
Gauzak garbi, EH Bilduren barruan militatzen dugun denok, modu batean edo bestean, iskin egin diogu biolentzia politikoari. Jakina, biolentziarekin erasotzen ez diguten bitartean (esate baterako, faxistek edo erasotzaile matxistek). Izan ere, langile mugimendutik hasi, eta feminismoarekin jarraituz, denok dugu autodefentsarako eskubidea, modu proportzionalean bada, bederen. Aldiz, botereaz baliatzen diren partidu politiko guztiek, estatua eta kapitala defendatzeko biolentzia erabili izan dute eta erabiltzen dute oraindik ere. Jakina, hori legala eta konstituzionala da.
Oharra: Nahaste-borraste honi buruz argitasun pixka bat eman zigun (zendu berria dugun) Joan Mari Irigoienek. Bere omenez, hona ekarri nahi ditut berak asmatutako hitz joko hauek:Potronides ETAri buruz, eta Poltronides gainerakoei buruz. Potronides desagertu da, baina Poltronides-ek bere aniztasunean hor dirau, Potronides-en errapeetatik zukua ateraz.
Odolaz zipriztindu nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu