Odol-diamanteak filma 2006. urtean estreinatu zen. Gerra eremuetan esklabotza eta erdi-esklabotza praktiken bidez lortutako diamanteen kasua nabarmentzen zuen, gatazka-gune horietatik —kasu honetan, Kongo— urrun dauden lurraldeetan egoitza duten enpresa handien ardurapean.
Espainiako El Cuaderno de Sara filmak ere koltanaren kasua jorratu zuen, egungo gailu teknologiko guztietan dagoen minerala, batez ere sakelako telefonoetan. Nagusiki, ondasun honen erreserba Iparralde globalak pobretutako herrialdeetan dago.
Film horien kalitate artistikoa baloratu gabe, biek erakusten dute giza eskubideen urraketa fenomeno sistematikoa den lurralde eta herrialdeetako errealitate gordina, non enpresa transnazional handi eta ez hain handien eskutik, erakunde publikoekin aliantzan, negozioa egiten duten milaka pertsonaren bizitzaren kaltetan. Era berean, ikusleei kontsumitzaile gisa duten erantzukizun etikoa jakinarazten diete, eta eskuratzen dituzten produktuen jatorria eta eragina zalantzan jartzera gonbidatzen dituzte.
Horrela, enpresa transnazional horien ordezkariak eskrupulurik gabeko pertsonaien bidez agertzen dira islatuta: bizitza —pobreena, jakina— eta giza eskubideak ez dira oztopo beraien botere eta diru nahietan. Enpatia izatea zail den pertsonaiekin, zinematik irtetean erretorika hutsa besterik ez direla pentsarazten digute, baliabide zinematografikoak eta bilbe dramatikoagoa sortzeko erabiliak izan direla.
Hala ere, halakoak existitu, existitzen dira, eta uste baino gertuago ditugu. Hemen, Euskal Herrian bertan, urrutira joan gabe, baditugu batzuk. Horietako asko, euskal erakunde eta alderdi politiko batzuen erakusgarriak euskal enpresa eredua eta nazioartekotze politika goraipatzeko orduan. Batzuk, COVID-19aren eragin ekonomikoa arintzeko Europak martxan jarritako funtsen banaketan onuradun nagusiak izango dira.
Ziurrenik, korporazio horiek ez dute diamanteekin edo koltanarekin negozioa egiten; baina giza eskubideen nagusitasuna ez zaie soilik bi produktu horiei aplikatzen. Baita trenak, tranbiak eta errailak egiteari ere. Asmatuko duzuenez, CAFez ari gara, Jerusalem eta Palestinako lurralde okupatuetako kolonoen legez kanpoko kokalekuak lotuko dituen tranbiarako bagoiak egin dituen euskal enpresaz.
Ikusten dugun bezala, CAFek ez du eragozpenik negozioa egiteko eta genozidio eta apartheid egoerei etekina ateratzeko, Palestinako lurraldea zeharkatuko duen proiektu batean parte hartuz eta Palestinako lurrak konfiskatzeko eta okupatzeko beste tresna bat suposatuz, eta ondorioz, bertan bizi diren pertsonak kanporatuz. Bere parte-hartzearekin, CAF nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka eta giza eskubideen nazioarteko esparruaren aurka egiten duen proiektuari atxikitzen zaio.
CAFi, enpresa handi guztiei bezala, bere emaitzen kontuak baino ez dio axola. Horregatik, Israelekin bat egiten du, eta bere zerbitzuak eta esperientzia eskaintzen dizkio, Estatu sionistak aurrera egin dezan lurraldea okupatzeko eta palestinar biztanleak kanporatzeko planean. CAFek ez du inolako erreparorik Israel Handiaren proiektu sionista euskal errailen gainean mugi dadin, odol-errailen gainean —odol palestinarra, zalantzarik ez izateko—, baldin eta horrek enpresaren onurak gizentzen laguntzen badu. Zorionez, CAF ez da bere Zuzendaritza bakarrik, ezta bere Akziodunen Batzar Orokorra ere. CAF bere langileak ere badira, klaseko elkartasunaren eta internazionalismoaren adibide gisa, nazioarteko legez kanpoko proiektu horri barrutik uko egiten diotenak eta tinko eusten diotenak.
Hau ez da film bat. Protagonistak benetakoak dira: milioika palestinar dira, eta planeta osoko enpresek beren sufrimenduarekin negozioa egiten dute Israelek, zigorgabetasunez, egunero palestinarren giza eskubideak urratzen dituen bitartean, botere korporatiboaren konplizitatearieta nazioarteko komunitatearen pasibotasunari esker.
Pasibotasuna eta beste alde batera begiratzea da Eusko Jaurlaritzak kasu honetan egiten duena, zinismo politikoko ariketa batean. Izan ere, bi sailetako politiken arteko inkongruentzia argia ikusita, nahiago du CAFek eta Israelgo Estatu terroristak ordezkatzen duten kapital handiarekin bat egin, palestinarren giza eskubideen alde jarri baino.
Horixe gertatzen da bere Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategia-ren —non Israel lehentasunezko kide gisa agertzen den— eta Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia-esparrua-ren artean, non hainbat gauza baieztatzen diren: «Eusko Jaurlaritzak onartzen du Garapenerako Politiken Koherentziak oinarrizko erreferentzia izan behar duela bere gobernu-ekintzarako, bai barne-garapeneko estrategiei dagokienez, bai kanpo-ekintzari edo bien arteko harremanari buruz».
Euskal erakundeek konplitzen ez dutenean eta kapital handia berera doanean, negoziora, jendearen unea da, herrien arteko elkartasunarena eta eskura ditugun herri-presioko mekanismoak aktibatzeko unea, Palestinan eskubideen urraketa berri bat gerta ez dadin.
Horregatik, Kapitalari Planto plataformatik Palestinari elkartasuna adierazteko eta CAFek Jerusalemgo tranbia egiten parte hartzearen aurka azaroaren 28rako Gasteizen deitutako mobilizazioarekin bat egitera gonbidatzen dugu.
Herrien arteko elkartasunaren alde bat eginez, atera dezagun apartheidaren trena odol-errailetatik! Ez gara kolonizazioaren konplizeak izango.
Odol-errailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu