Turkiako, Estatu Batuetako eta Israelgo zerbitzu sekretuek 1999ko otsailaren 15ean atxilotu zuten Abdullah Ocalan (PKK, Kurdistango Langileen Alderdiko burua). Harrezkero, Turkiako Imrali irlako kartzelan dago isolatuta, biziarteko espetxe-zigorra betetzen. Ocalanen kartzelatzeak, herri kurduaren lider karismatikoa izanik, erresistentzia kurdua ahuldu ordez, denboraz indartu egin du. Ocalanek kartzelatik zuzendu du PKKren barnean eman den hausnarketa-prozesua. Horren ondorioz, Konfederalismo Demokratikoa deritzon proposamena kaleratu zuen 2005ean. Proposamen horrek, Kurdistanen parte diren herri eta erlijio desberdinak aintzat hartuta, eta demokrazia parte-hartzailea erabilita, tokian tokiko autonomia eta nazio demokratikoaren ereduaren alde egiten du, historian zehar herri kurdua banandu eta zanpatu duen Nazio-Estatuaren eredua baztertuz. Eredu hau kudeatzeko, komunak eta komuna-kontseiluak eratzea proposatzen da, bertan herri osoak parte hartuko luke eta erabakiak herri-asanbladetan eta bertan aukeratutako ordezkarien bidez hartuko lirateke. Ekonomia herriaren erabakien menpe egotea eta bere beharrak asetzeko zuzenduta egotea ere proposatzen da. Naturaren kontserbazioa eta ekologia eredu honen funtsezko zutabea da. Bestalde, emakumeen eskubideak eta bere askapenaren aldeko borrokak, patriarkatuaren aurkako borrokarekin batera, oinarrizko ardatza izateaz gain, lehentasuna du eredu politiko honetan.
Rojavako herriak (Siriak okupatutako Kurdistana), elkarbizitza demokratikoaren alde eta Konfederalismo Demokratikoa ezartzeko apustu sendoa egin du, eskualdean bizi diren etnia eta kultura desberdinak aintzat hartuta. Egunez egun, antolaketa-eredu berriak sortzen ari dira Rojavan, eta horien bidez herriak erabakitzen du bere bizitza politikoa eta soziala nola antolatu. Horrela, komunitate bakoitzaren ama-hizkuntza eta herri-jakituria errespetatuz, bere hezkuntza eredu propioa kudeatzen ari dira. Honez gain, besteak beste, osasun-eredu propioa garatzen dabiltza, kooperatiba komunitarioak oinarritzat dituen ekonomia hedatzen ari dira, emakumeen aldeko borroka zabaltzen ari dira, herri-kulturaren aldeko konpromiso sakona dute eta abar. Emakumeak bere erakunde propioak eratzen dabiltza, bertan, eredu patriarkalak ezarritako esklabotzaren aurka eta mendez mende ukatu zaizkien eskubideen aldeko borrokarako estrategia eta tresnen inguruan eztabaidatzen dute.
Hurbileko, eta ez hain hurbileko estatuak (Turkia bereziki), bizikidetza demokratikorako eredu hau inguruan zabalduko ote den beldur dira. Hortaz, edozein tresna erabiltzeko prest daude, eredu politiko hau akabatzeko, Estatu Islamikoa deiturikoa besteak beste. Rojavaren autodefentsarako indar armatuek (YPGek eta YPJek) Kobaneren (Rojava) defentsa heroikoa burutzen ari dira Estatu Islamiarraren faxismoaren aurka. Hedabideek emakume kurduek indar armatu horietan duten papera azpimarratu badute ere, eta horrek izan duen garrantzia kontuan izanik, Rojavako herrian ezartzen ari den prozesu iraultzailea ez da hainbeste ezagutzera eman. Azpimarratzekoa da prozesu horretan emakumeen presentzia erabakigune guztietan eta bere eskubideen aldeko borroka lehentasuna izatea. Sarritan, Rojavako emakumeek komunen eraketan duten oinarrizko papera alde batera uzten da, elkarbizitza demokratikoa helburu duen eredu honetan emakumeak ezinbestekoak izan arren.
Orain bi urte, PKK-k aldebakarreko su-etena deklaratu zuen Turkiako aldean, eta bake prozesuari ekiteko aukera zabaldu zuen. Denbora honetan guztian, Turkiako gobernuak, herri kurdua desafiatzeari eta erasotzeari ekin dio: militarren eta poliziaren presentzia handituz (batez ere PKK dagoen eremuetan), lurralde kurdua bonbardatuz eta herri kurduaren askapenaren alde egin edo Rojavarekin elkartasuna adierazi duen oro atxilotuz eta torturatuz. PKKk Turkian armak isildu dituen arren, bere kide askok bizia eman dute bere Rojavako anai-arrebak eta Irakeko iparraldean dagoen Shengaleko yezidiak babestu nahian Estatu Islamiarrak eragindako sarraskitik, inguruko gobernuek eta nazioarteak bestaldera begiratzen zuten bitartean (PKKren aurka egiten ez zutenean…).
Bizikidetzaren alde herri kurduak egin duen apustu hau onartu beharra dago. Europak eta Estatu Batuek sortutako Nazioarteko Erakunde Terroristen zerrendatik PKK atera beharra dago (jakin baitakigu dauden guztiak ez direla eta egon beharko zirenak ere ez daudela bertan). Rojava garatzen ari den eredu politiko eta sozialak onartua izan behar du nazioartean. Herri kurduak dituen eskubideak errespetatuak izan behar dira interes inperialistek banatu zituen Estatu bakoitzean. Azkenik, gero eta gehiago gara Ocalanen askatasuna aldarrikatzen dugunok eta gehiago izango gara aurrerantzean ere. Bijî serok Apo!, bijî berxwedana Rojava!, bijî berxwedana Kurdistan!
Ocalan askatu!, Kurdistan askatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu