Obedientziaren araberako zigorgabetasunaren kontra

2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Pertsonen heriotza edo haien osotasun fisiko edo psikikoan lesioak eragiten direnean, segurtasun-indarren argudio nagusia izaten da, salbuesle gisa, «zor den obedientziaren arabera» jokatu zela, hierarkian goragoko nagusi baten aginduari men eginda. Alabaina, teoria horrek bakarrik balio du defentsarako agindua betetzen duenak uste duenean legitimoa dela —ez nahitaez legezkoa— eta, hala ez dela baldin badaki, ezin zaiola bestelako jokabiderik eskatu, hala nola fede onez jokatu duenean.

Ke-potoak edo gomazko balak ezker-eskuin nor jotzen duten bereizi gabe jaurtitzen direnean, fardelen kontra, fardelok pertsonak izanik, jaurtitzaileek badakite lesioak eragin diezazkiotela pertsonaren bati, edo hil egin dezaketela; halere, ekintza agintzen dutenen esana betetzen dute —gehiegitan ekintza kriminalak eta ia beti zigorrik gabeak agindua betetzen dutenentzat eta, are larriagoa, agindua ematen duenarentzat—. Ez dugu urrunera joan behar egiaztatzeko zigorgabetasun hori izan badela; egiaztatzeko, epaiketak egin arren, egileen eta beren «agintarien» ardura penala saihestu egiten dela, prozedura luzatu egiten dela eta, kasuak gaurkotasuna galdu duela dirudienean auzia «behin-behinean» artxibatzen dela, sine die ia beti. Iñigo Cabacas ia duela bost urtetik falta zaigu. Haren heriotza eragin zuten tiroen egileak ezagunak badira ere, nahiz eta frogatuta egon ertzainek beren nagusiak ohartarazi zituztela pertsonen kontra eraso egiteak eragin zitzakeen arriskuen gainean... oraindik ere, egun, auzia ez artxibatzeko borrokan dihardugu.

Hilaren 6an, hiru urte bete dira El Tarajal hondartzan (Ceuta) Guardia Zibilak ke-potoak eta gomazko bolak jaurti zituenetik migratzaile-talde baten aurka, Espainiako lurraldeko uretan hondartzara iristeko desesperazioz igerian ari zirela. Ondorioa: gutxienez 15 lagun hil zituzten, eta beste asko zauritu. Ekintza hura, ez omen dena salbuespenezko eragiketa bat, Ceutako pertsona zibilek grabatu zuten, eta bideo horrek sumarioa irekitzea ahalbidetu zuen, baina, nola ez!, prozedura lotsagarri baten eta Barne Ministroaren gezur andanaren ostean, baita parlamentuaren egoitzan ere, artxibatu egin zuten.

Hasiera batean salaketa egin zuten GKE-ek ez dute amore eman. Haien helegiteei esker, Cadizko Probintzia Auzitegiak agindu du heriotza haiekin loturiko auziari berriz heltzeko, zeinetan 16 guardia zibil inputatu zituzten. Autoaren arabera, lekukoak ia bilatu ez izana edo gorpuak ehorzteko orduan, autopsiarik ere egin gabe, «beharrezkoa ez zen presa» dira Ceutako epaitegian izapideturiko instrukzioaren akats nabarmenetako batzuk. Autoak agintzen du ikerketa guzti-guztiak egiteko, «ezerk ez baitu desenkusatzen utzikeria edozein kasu argitzeko orduan, baina are gutxiago pertsonen bizitza agenteen jokabideak kaltetu ahal izan duenean, Guardia Zibileko agenteenak, kasu». Epaitegiaren ondorioak baliogabetu ditu, alegia, «etorkinak ez zeuden arriskuan itsasoan» eta «bere gain hartu zuten Espainiako lurraldean igerian sartzeko arriskua, itsasoa zeharkatuz, tropelean, gaua baliatuta». Tropelean igerian? Pertsona haietako askok orduan ikusi zuten-eta itsasoa aurrenekoz...

Auzitegia urrunago joan da, eta adierazi du ikerketa artxibatu zela «galdagarriak diren nahikotasun- eta efikazia-mailak» erdietsi gabe; beraz, oraindik egin gabeko ikerketak egiteko agindu du. Autoak gogoratu du 2014ko otsailaren 6an gertatu zenak «hain duela sakontasun humano, sozial eta juridiko handia, ezen behar beste ahalegin egin beharko litzatekeen ikerketa-eginbide guztiak agortu arte».

Era berean, onartzen du «ez dagoela modurik instrukzioan praxi okerragatik sortu ahal izan den kaltea konpontzeko». Gogoratzen du, halaber, Espainiako agintariek luze jo zutela topatu ziren gorpuak jasotzeko orduan, eta adierazi du «horrek guztiak eragin ahal izan duen funtsezko eskubideen bortxaketak hainbat ondorio eragin litzakeela».

Arrazoi horiengatik guztiengatik, kasu honetan, Cabacasenean bezala, onartezina da «zor den obedientziaren» tesia, eta bereziki esanguratsua da indarraren erabileraren monopolioa duten egitura hierarkizatuek —poliziak eta indar armatuek— funtsezko ondasun juridikoak (bizitza, norberaren osotasuna edo pertsonen joan-etorrirako askatasuna) kaltetzen dituzten jokabideak izatea; hortaz, botere publikoko agenteak direnez gero, haien ekintzak giza eskubideen urraketatzat jo daitezke.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako kideok Duintasunaren Aldeko IV. Martxan parte hartu dugu, El Tarajal hondartzan; ustez, Ceutako gainerako hondartzen berdina da, baina Marokoko muga ondoan dago, hesi batez eta kontzertinez inguratuta, pertsonen joan-etorri askea eragozteko. Kalera atera gara, halaber, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta mobilizazio guztietan salatu dugu El Tarajalen bezala, orduan migratzaileak eta errefuxiatuak jomuga, jokatzen duten arduradun politikoen eta agenteen zigorgabetasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.