Obedientzia beltza & desobendientzia laranja

2015eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Tortura, tortura eta tortura... Torturaren testigantza lazgarriak izan dira euskal gazteriaren aurkako epaiketak Madrilgo Auzitegi Nazionalean iraun duen bitartean entzun duguna. Poltsa, ariketa nekagarri amaiezinak, kolpeak, mehatxuak, eraso psikologikoak eta sexualak, lotarako aukerarik ez, atsedenik ez, testuak buruz ikasi eta errepikatu behar, bakardadea... Eta, nahikoa ez balitz bezala, torturapean lorturiko testigantzatan oinarriturik, eta Istanbuleko Torturaren aurkako Protokoloa baztertuz, beste zazpi gazte euskaldun espetxera.

Eta euskal jendarteak, Euskal Herriko gehiengo politikoak, sindikalak eta baita mugimendu sozial anitzek ere, ondo daki euskal gazteak ez direla gezurretan ibili Madrilen. Euskal Herrian denok dakigu gazte horiek ez dutela politikaz kanpoko deliturik egin, eta guztiok dakigu torturatu egin dituztela inkulpazioak edota autoinkulpazioak eskuratzeko. Horregatik guztiarengatik, Euskal jendarteak ez du horrelako epaiketa politikorik sekula onartuko.

Eta, hala ere, PNVk Madrilekiko duen jokabide obedientea noraino eramateko prest dagoen azaldu du Gasteizko Herri Harresiaren aurrean. Herritarren jokabide desobediente ez-biolento koloretsuari, Ertzaintzaren Beltzek obedientzia modurik biolento eta itsuenean erantzun diote. Eta PNVek txalotu, babestu egin ditu Beltzak, Euskal Herriaren gehiengoak pentsatzen duenari bizkar emanez.

Gauzak horrela, Madrilekiko PNVek erakutsitako jokabide sumisoa eta obedientea politikoki onartezina izan da, eta Beltzena, berriro ere euskal jendarteak inoiz ahaztuko ez dituen jokabide horietarikoa. Jasotako argazkiak eta grabazioak beraien eguneroko mamu eta ispilu bilaka daitezela. Horrela jokatuz, beraien herrietan ere benetako klandestinoak bihurtu beharko dute ertzainek, hain handia izango baita Beltzek metatu duten gorrotoa.

Nahikoa ez balitz bezala, orain, obediente horiek «desobedientzia» delitua eta «agintarien aurkako atentatua» egotziko diete kolpatuak izan diren herritar ez biolentoei, eta zigortu egingo dituzte. Baina alfer-alferrik dabiltza. Gatazka politikoaren aurrean Madrilek azaltzen duen jarrera itxiak eta PNVren jokabide obedienteak Euskal Herrian gero eta desobediente gehiago sortuko ditu, legearen eta justiziaren artean, gero eta gehiago baikara justiziaren alde egingo dugunok. Gero eta gehiago gara independentziaren aldeko prozesua ezinbestean desobedientziaren bidetik garatuko dela pentsatzen dugunok.

Egoera honetan, beste urrats bat egiteko garaia iritsi da. Gure herrian ozenki entzuten diren «elkartasuna», «konpromisoa», «konfrontazioa», «desobedientzia zibila» eta «herri erresistentzia» kontzeptuak berritzeko, sakontzeko eta praktikan martxan jartzeko unea iritsi da. Iritsi da borroka molde horien eta besteen arteko uztarduraz hausnartzeko momentua. Izan ere, desobedientzia zibilak eta herri erresistentziak ez dituzte beste borroka moldeak ordezkatzen, osatu egiten ditu.

Gure ustez, espainiar eta frantziar estatuek esparru guztietan darabilten asimilazio estrategiei aurre egingo dion herri subjektu sozial desobediente, intsumitu eta erresistentea eraiki behar dugu. Izan ere, mendeetan Euskal Herriak zapalkuntza orori ziztada desobedienteen bidez ere erantzun izan dio, bai arlo instituzionalean eta territorialean, bai soziopolitikoan eta linguistiko kulturalean... eta, oraingoan ere, halaxe egin behar du, borroka molde horiek arlo guztietan zabalduz, indartuz eta bertan egiten lana osatuz.

Herri bezala erantzuteko tenorea da, eta horrek den-denok ahalegin berezia egitera behartzen gaitu, zabaltasunez jokatzeko, zehar lerrotasunez aritzeko eta parte hartze demokratikoa bermatzeko. Desobedientzia zibilak eta herri erresistentziak horretarako aukera paregabea ematen dute, formek ere fondoan eragiten dutelako. Estrategia intsumitu desobediente partekatuak eraiki behar ditugu arloz arlo, betiere izaera irekiaz eta ez baztertzaileaz. Izan ere, guztiontzako onuragarria izango den bestelako Euskal Herria osatu nahi dugula gaurdanik erakutsi beharra dugu. Denon artean sortu, denontzat izango dena.

Horregatik, elkartasunetik konpromisora pasatzen hasi ginen. Orain konpromisotik desobedientziara pasatzen hasi gara. Eta desobedientziarekin, herri erresistentzia, intsumisioa eta konfrontazioa mota ezberdinak indartuko ditugu arlo guztietan. Desobedientziaren praktikaren bidez ez zaharrak errepikatzera baino, bai berriak gauzatzera pasatu behar dugu. Bide horrek askatasunera eramango gaitu. Zutitzen ari gara. Ikasten ari gara. Irabaztera goaz.

Zorionak eta milesker, beraz, Gasteizko manifestazioan, Aske Gunean eta, bereziki, Herri Harresian parte hartu zenuten herritar guztioi. Astelehen goizeko oinaze, beldur eta kolpe guztien gainetik erakutsi zenuten duintasunak eta indarrak areagotu digulako han egoteko aukerarik izan ez genuenoi aurrera egiteko grina eta gogoa. #ResistGasteiz ez da alferrikakoa izan. Borrokatzea ez da inoiz alferrikakoa izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.