Filosofia irakaslea

Oasiak

Ainhoa Muñoz
2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilaren 6an, Aste Santurako zenbat egun falta ziren kalkulatu nuen; zenbat falta den erru sentipenik gabe gauean kapitulu bat gehiago ikusteko, iratzargailua itzaltzeko, Gabonetan denbora eman ez didan planak burutzeko, mendira joateko, lagunekin elkartzeko eta, nola ez, atseden hartzeko. 

Oporrak hasten ditudan bakoitzean, birikak airez betetzen ditut eta hurrengo oporraldi arte arnasari eusten saiatzen naiz. 

Baina nekatuta nago horrela bizitzeaz ere. Nekatuta nago gustuko ditudan gauzak atzeratzeaz, lagunekin ezin egoteaz, aisialdirako denbora ez izateaz, hobby edo zaletasunak oporretan egiteko uzteaz, nahi beste liburu ezin irakurri izateaz, kapitalismoaren logika zitalaren arabera produktiboa ez den zerbait egiten dudanean sortzen zaidan sentimenduaz, antsietatez bizitzeaz eta lan egitea ez den beste guztia lehentasuna ez izateaz. 

Ez al da injustua urtean zehar hiru oasi bakarrik izatea? Egarriz iristen gara Gabonetara, Aste Santura eta udarara. Eta nahikoa edan gabe agurtzen gara beraietaz. 

Oporren eta atseden hartzearen egarriz bizi gara. «Orain ez dut astirik, baina udaran irakurriko dut», «ama, Gabonak arte ezingo naiz etxera itzuli», «oporretan mendira joango naiz» edo «Aste Santuan elkartuko gara» esanez atzeratzen ditugu gustura egingo genituzkeen planak; baina, oporrak iristean, gehienetan, nekatuegiak gaude horiek betetzeko. 

Ziurrenik, ez ditut nahi bezainbeste liburu irakurriko, pare bat aldiz joango naiz mendira eta espero baino denbora gehiago igaroko dut etzanda. Baina oporrak iristean atseden hartzea da behar izaten dudana, gero eta nekatuago eta egarrituago iristen naiz oasira. 

Askok esango didate hori dela heldua izatea. Gaur egungo gazteak ez garela lehengoak bezalakoak. Kexuz bizi garela. Tira, ba barkatuko didazue, baina hau ez da bizitzea. Eta kexatu egingo naiz atsedena, zaintza, osasun mentala eta zaurgarritasuna gure bizitzen erdigunean jartzen ditugun arte. 

Ez dut neure burua justifikatu nahi Gabonetan behar adina ikasi ez izanagatik, egun produktibo bat ez izateagatik, larunbatetan lo asko egiteagatik, astean zehar lagunekin kafe bat hartzeagatik edo gainezka sentitzeagatik. Ez dut amets egin nahi oporrak iristean egingo ditudan gauza guztiekin eta ez dut gaizki sentitu nahi hori guztia egitea lortzen ez baldin badut. 

Bizitza esnatzen garen momentutik lo hartzen dugun arte igarotzen den hori da. Bizitzak ez du barkatzen edo diskriminatzen. Astelehenero, esnatzen garenean kronometroa martxan jartzen da. Atseden hartzea, irakurtzea, gogoko dugun otordu goxo bat prestatzea, familiarekin denbora pasatzea, geldo gosaltzea, hots, bizitzea, ezin dugu kapitalismoak asmatu dituen «atseden hartzeko» egun horietara mugatu. Ezin dugu eta ez dut nahi. 

Aurten, inoiz baino nekatuagoa iritsi naiz bigarren oasi honetara. Apirilaren 17a oporren lehen eguna izan da. Atzeratu ditudan plan guztiak egiteko kronometroa martxan jarri da, disfrutatzeko unea iritsi da. Baina ni nekatuta nago eta atseden hartzeko gogoa besterik ez dut. Pirinioetan nago eta eguraldia ez daukat lagun; edo bai. Kanpoan hotza eta euria egiten du. Ekaitz honek irauten duen bitartean, badirudi mundua gelditu egin dela. Egunak, hilabeteak, urteak geratuko nintzateke horrela. 

Ziurrenik, eguraldi ona egingo balu, ez nuke gelditzeko pribilegiorik hartuko eta are gutxiago, lerro hauek idazteko. Hala ere, ordenagailuan hainbat leiho ditut irekita; izan ere, teknologia berriei esker lana edonora eraman dezakegu. Leihoari begira egon beharrean, zabalik ditudan beste leiho horiei egin beharko nieke jaramon. Eguna aprobetxatu beharko nuke. Baina zer da aprobetxatzea? Produktiboa izatea? Lana aurreratzea? 

Ez dut bizitza oporretara mugatu nahi. Ez dut nire osasun mentala mugan egon arte behartu nahi. Lan egin nahi dut, baina baita etzan ere, familia besarkatu, lagunekin barre egin, astean zehar ere gogoko ditudan gauzak egiteko denbora izan... hau da, bizi nahi dut. 

Ez dut aisia eta atseden hartzea pribilegio bat izatea nahi. Edonon, edonoiz eta edonola, bizi egin nahi dut.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.