Azkenengo hilabeteetan NUP bere IV. Plan Estrategikoa egiten ari da hurrengo lau urteetarako. Jakina da erakunde batek holako planak egiten dituenean hurrengo urteetan izango dituen helburu nagusiak zehazten dituela, baita zer-nolako bitartekoak erabiliko dituen ere helburu horiek bete daitezen.
Pasa den hilabetean NUPek lanerako dokumentu bat plazaratu zuen eta bertan Plan Estrategikoak izango dituen ardatz nagusiak markatzen ditu, baita ardatz bakoitzean jartzen dituen helburuak ere. Hori dela eta, NUPeko LABek dokumentu honetan euskarari buruz agertzen denaren balorazioa egin nahi du.
Dokumentua NUPeko egungo errealitatearen diagnostiko batekin hasten da; bertan euskarari egiten zaion aipamen bakarra hauxe da: NUP jakinaren gainean da selektibitatea hemen egiten dutenen ikasleen %30 Nafarroatik kanpo dauden beste unibertsitate batzuetara doala ikastera, eta soilik %38k hasten dituela ikasketak NUPen. Horren arrazoiak bilatzeko orduan, beste batzuen artean, euskaraz ikasi nahi izatearena aipatzen du, baina argi dio ez dituela horri buruzko datu zehatzak eta, beraz, ezin duela inongo ondoriorik atera. Horrekin bukatzen da diagnostikoan NUPek euskarari egiten dion tokia, toki aski tristea eta aski esanguratsua, aukera ematen diguna aurreikusteko zer toki emango dion euskarari etorkizuneko helburu estrategikoetan.
Plan Estrategikoaren mamian sartzerakoan ikusten dugu NUPek sei ardatz nagusitan sailkatu duela dokumentua: Formazioa, Ikerkuntza, Inguru edo Ingurunea, Internalizazioa, Baliabideak eta Egituraketa eta Pertsonak.
Ardatz bakoitzak bere helburu estrategikoak eta operatiboak markatzen ditu eta, gure harridurarako, ikusten dugu soilik Formazio Ardatzean agertzen dela Euskara; bertan aipatzen da egun euskaraz eskaintzen diren ikasgaiak %20 direla (kontuan hartuta, noski, NUPek bere sorreratik bi Magisteritzak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, euskaraz eskaintzen dituela), eta bai, helburu gisa aipatzen du eskaintza hori handitzearena, baina inongo zehaztapenik egin gabe.
Beste Ardatz guztietan euskararen presentzia hutsa da; nonbait, NUPentzat euskarak ez du inongo harremanik Ikerkuntzarekin, Pertsonekin, Ingurunearekin, Kulturarekin etab. Penagarria benetan.
Bukatzeko, dokumentuak Cuadro de Mando delako bat osatzen du non, dokumentuak berak esanda, ardatz bakoitzaren adierazle garrantzitsuenak agertzen diren jarraipen egoki bat egite aldera. Bertan euskara desagertu egiten da, baita formazio ardatzetik ere, eta, aldiz, konparazio bat egitearren, ingeleserako egiten duten helburuen zehaztapena erabatekoa da (egun eskaintzen diren 1.403 kredituetatik 1.754 kreditutara pasatzea hiru urtean, hain zuzen ere).
Hori guztia ikusita, berriro ere esan nahi dugu euskarak berezko Plan Estrategikoa behar duela NUPen; plan horrek, ezinbestez, transbertsala izan beharko du, hau da, helburu neurgarriak ipini beharko ditu unibertsitatea osatzen duten sektore guztietarako eta, halaber, indartu eta bultzatu beharko du euskararen presentzia NUPek gizartearekin dituen harremanetan. Plan hori, jakina, NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du.
Ezin dugu ahaztu, gainera, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek landutako akordio programatikoan, bere Hezkuntzako 23. puntuan, Unibertsitatean Hizkuntz Normalizaziorako Plan bat egitearen beharraz mintzatzen dela.
Garaia da euskarak jauzi kualitatibo bat eman dezan, baita guztiona den Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere bai, noski!
Horixe da NUPi esan geniona eta horixe da publiko egin nahi duguna ere.
NUPen plan estrategikoa eta euskara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu