Norvegiako sarraskia eta gorrotoaren diskurtsoa

Jon-Mirena Landa Gorostiza.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Breivik ez zen terrorista talde bateko kidea; bakarrik jardun zuen, inongo antolakunde kriminalen laguntza barik. Talde oso baten faltan, egindako sarraskiaren zergatiak, hasiera batean, ez ziren argiak, eta nora ezean zebiltzan komunikabide eta politikariak. Ez zegoen muturreko musulman talde baten erantzukizunik; ezta inongo talde terroristaren ekintzarik ere, dela nazioarteko, dela barneko. Horien ezean, azkenaldiko ohiko azalpenak ez ziren egokiak, beste batzuk bilatu behar ziren. Breiviken egoera psikologikoa, hortaz, begi publikopean jarri zen; izan ere, hotz-hotzean hainbeste jende hiltzeko eta hain zuzen ere dena zehatz-mehatz antolaturik edukita, gizon hark halabeharrez burutik eginda egon behar omen baitzuen. Baina psikiatra forentseek diotenaren zain, ez dirudi jazotakoaren azalpena psikiatriko hutsa besterik ez denik. Orduan nola liteke hau non eta Norvegia lasai eta tolerantean gertatzea?

Apurka azaleratzen ari den eztabaida eta azalpena gorroto diskurtsoa oso zabalik eta mugagabe gure gizarte europarretan egotearena da. Webgune ugari dira etengabe etorkinen kontrako mezuak sakabanatzen ari direnak, indarkeria, diskriminazio edota gorrotorako deia eginez. Webguneek ez ezik, telebista kate jakin batzuek edota politikari batzuen diskurtsoek ere —eskuin muturrekoek, baina baita hain muturrekoak ez direnek ere— horretan gero eta ozenago eta oldarkorrago barneko nazional eta kanpotarren arteko ezberdintasunak asmo txarrez azpimarratzen dituzte. Neonazien propagandatik, muturrean, etorkinei ez esateko modu «zibilizatuetara» (atzerritartasun legearen eztabaida) kolore askotako diskurtsoak nagusitzen ari dira, giza-talde ezberdinen arteko berezitasunak «harresi» bihurtu nahi dituztenak, eskubideen berdintasuna auzitan jarriz. Frantzian, Herbehereetan, Katalunian, adibidez, eskuin muturra ordezkaritza politikoa irabazten ari da nabarmen. Beste lekuetan, ordea, eskuinak barnean mantentzen ditu muturrak horiekiko keinuak egitearen bidez, botoak galtzeko beldur.

Gorroto diskurtsoa ez da berria. Ezta horien inguruan antolaturik dauden taldeak ere. Horren froga 1965ean Arrazakeria Mota Guztiak Desagerrarazteko Nazioarteko Ituna onartu izana dugu, beste neurrien artean, gorroto, indarkeria edota bereizkeriaren probokazioak delitua izan behar zuela aldarrikatzen zuelarik. Ituna arineketan onartu zen horietako bat dugu, 1960an Alemanian neonazien pintadak Kolonian azaldu ondoren. Herrialde germaniarrak nazioarteko komunitatearen aurrean zaindu behar zuen irudia zela-eta, Ituna bultzatu eta bost urteko denbora errekorrean onarturik zegoen. Harrez geroztik 160 Estatuk baino gehiagok berretsi dute Ituna, eta hura arrazakeria eta xenofobiaren aurka borroka egiteko tresna nagusia bilakatu da. Horren ondorioz, gaur egun Europa osoan zehar bai genozidioaren apologia baita diskriminaziorako probokazioaren debekua ere ordenamendu penaletan dago.

Berandu bada ere, Espainiak ere xedapen penal horiek sortu zituen lehen aldiz 1995ean. Egun indarrean dagoen Zigor Kodean bat eta hiru urte bitarteko kartzela zigorrez daude aurreikusita (510 eta 607. 2 art.). Xedapenak sortu bai, baina aplikatu al ditu Justizia Administrazioak? Lege penalak ezin du bere funtzioa bete, egunerokotasunean, xenofobia kasuen aurrean legea ezartzen ez bada. Horretarako bai poliziek, bai fiskalek, bai epaileek delitu horien berri eta horien seriotasunaren kontzientzia eduki behar dute. Horien guztien esku baitago delituon pertsekuzioa. Bestela esanda: xenofobia serio hartua izan al da lege ezarpen egoki eta eragingarriaren bitartez? Erantzuna ezin da argiagoa izan: ez. Eta hori ez da nire iritzi soila: ikus ditzagun datu batzuk.

1995etik aurrera diskriminazio, gorroto edota indarkeriarako probokazio delituarengatik ez daude hiru kondena irmo baino gehiago. Hiru! Horietako bat Fuengirolako Imam baten kasu entzutetsua izan zen, andreak nola jo zioenari buruz idatzi zuena. Kasu horietatik at, adibidez, propaganda xenofoboen kasurik argienak, Bartzelonako liburu denda batzuenak alegia, denak Auzitegi Gorenak absolbitu ditu neurri batean edo bestean, azkena uda baino lehenagoko Kalki izenekoarena. Kondenak zein absoluzioak, denak batera zenbaturik, ez dira dozena pare batetik pasako, Justizia Administrazioak gorroto propagandarekin lotuta aztertu dituen kasuak. Hori guztia 15 urtetan!

Konparaketak beti gorrotagarriak dira, baina neonazi, espainiar talde ultraeskuindar edota beste talde muturrekoen apologien pertsekuzio penala ETAren terrorismoaren pertsekuzioarekin konparatuko bagenu, bai zenbakien aldetik baita grina eta gaiari heltzeko moduaren ikuspegitik ere alde ikaragarria izango litzateke. Zergatik, esaterako, Skin Head edo eskuin muturreko talde antolatuen kasuetan ez dira aplikatzen Auzitegi Nazionala eta horrekin lotzen den salbuespen moduko neurriak? Ez naiz salbuespen neurrion aldekoa, baina azpimarratu nahi dudana zera da: Estatuak terrorismo mota jakin bat izan du lehentasuna, eta eskuin muturraz ez da askorik arduratu. Europan, 2001etik aurrera, antzera gertatu da, terrorismo mota jakin baten aurkako politika zatikatuak —ad hoc— bultzatuz. Agian bada garaia irizpide orokorrak aplikatzen hasi eta antolatutako talde kriminal guztien aurreko estrategiak bateratzeko. Agian bada garaia gorroto diskurtso guztiak berdin tratatzeko, ez Estatuari interes nazionalak direla-eta komeni zaionaren arabera. Izan ere, gehiegitan gertatzen baita eskuin muturreko taldeak Estatuetako ideologia abertzaletik hurbil daudenean, beste leku batera begiratzeko joera dagoela. Hori guztia bateratuko bagenu, batetik, ziurrenik ez ginateke tresna penalarekin hain urrun joango funtsezko eskubideak murrizterakoan, eta, bestetik, Estatuei gehiago kostatuko litzaieke delituen pertsekuzioa eta joko politiko itsua bezain maltzurra uztartzea, antolatutako talde kriminalen ideologia ez baizik eta beraien jarduera kriminal hutsa erdigunean jarriz. Gorroto-diskurtsoaren aurkako borroka bai, baina gorroto guztien aurkakoa berdintasun printzipioari helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.